Gorputz bera, bi zatitan

Norberaren gorputzaren aniztasunari buruzko obra bat da Esna, eta Marie de Jongh konpainiak eta DOOS kolektiboak sortu dute, elkarlanean. Dantza da laneko protagonista, eta antzezle diren dantzariek ez dute hitz egiten.

Koloretako kuxinak dituen ohe bat, lanpara bat, eta bi gorputz, bakar bat balira bezala dantzan. Horixe da Esna antzezlanaren abiapuntua eta funtsa. Bata lo dagoen bitartean, ondokoaren ametsak irudikatuko ditu besteak, eta rol horiek txandakatuko dituzte, esna eta lo egotearen arteko dantzan.

Marie de Jongh konpainiaren eta DOOS kolektiboaren arteko lehen elkarlanaren fruitua da ikuskizuna. Dantza eta antzerkia nahasten ditu, baina «dantzatik nabarmen gehiago du antzerkitik baino», Jokin Oregi Esna-ko zuzendariaren arabera. Duela urtebete inguru hasi ziren lana prestatzen, eta bihar aurkeztuko dute, Barakaldo antzokian (Bizkaia).

Gai nagusi bat jorratu nahi izan dute sortzaileek: bakoitzaren baitan dagoen aniztasuna. Izan ere, Oregik uste du gizartean dagoen aniztasunaz aritzeko joera dagoela, baina ez horrenbeste pertsona bakoitzarenari buruz: «Hor jarri dugu guk begirada, gure baitan. Gure baitako dibertsitate hori zokoratu egiten dugu, rol jakin batzuk jokatzeko. Berez, gu gauza asko izan gaitezke: izaki edo gauza asko daramatzagu barruan», adierazi du.

Jolas egiteko eta irudimenaz gozatzeko esperimentu bat dela esan du, barrura begira jarriz: «Zer izan gara, nondik gatoz, eta zenbat aukera dauzkagu? Hori da oholtza gainean ikusiko dena: jolasa eta toleranteak izatea norberaren dibertsitatearekin».

FITXA

  • Egileak: Marie Jongh eta DOOS Kolektiboa.
  • Zuzendaritza: Jokin Oregi.
  • Koreografia: Eva Guerrero.
  • Antzezleak: Denis Martinez eta Olaia Valle.
  • Musika originala: Nerea Alberdi eta David. S. Damian.
  • Arte arduraduna: Alba Lozano.
  • Jantziak: Karla Biondini.
  • Atrezzoa: Pedro Rojo.
  • Diseinua: Ane Pikaza.
  • Iraupena: 40 minutu.
  • Adina: 7 urtetik aurrera.

Marie de Jongh konpainiaren ohiko lanak bezala, antzezleek ez dute hitzik egiten, eta, oraingo honetan, dantza garaikidea izango da mezua transmititzeko giltza: «Gauza batzuk berezkoak dira, eta ez da ulertu behar, baizik eta ikusi, gozatu, sentitu eta bakoitzak atera ditzala nahi besteko ondorioak», esan du Oregik. Keinu bidezko antzerkitik datozenez, DOOS konpainiaren elkarlana «oso modu naturalean» gertatu dela uste du.

Oregik dauka zuzendariaren etiketa, baina «denen artean» zuzendu dutela esan du, bakoitzak bere diziplinatik egin dituelako ekarpenak: «Bakoitzak menderatzen zuen esparrua mahai gainean jarri du, eta horretaz arduratu da batez ere; gero, hobetuz joan gara ekarpenak entzunez».


Orain arte oso balorazio onak jaso dituzte, eta gogotsu daude publikoaren aurrean aritzeko. Errenterian (Gipuzkoa), adibidez, egonaldi artistikoaren ostean egindako saioan, koreografo bat hurbildu zitzaien, zera esanez: «Esan zigun eskertzen dela haurrentzako pieza batean lasaitasuna eta poetika puntu bat egotea, zarata eta mila koloretako kontuak azaldu beharrean; beste tempo bat dauka gure lanak».

Euskal Herrian ez ezik, Feten jaialdian ere (Espainia) egongo da ikuskizuna, eta ateak irekita dauzkate kanpora begira ere. Izan ere, horrelako jaialdiek sare bat sortzeko aukera ematen dietela uste du, pixkanaka hedatuz eta josiz joango dena.

7 urtetik gorakoentzat gomendatzen dute Esna, baina edonor joan daiteke ikustera, izenburuarekin hitz jokoa eginez «esna» egon nahi badute behintzat. Esnak ere erne edo adi esan nahi baitu: adi, norbere baitara. Hala animatu du jendea ikuskizunaz gozatzera: «Ez egoteko lo; datozela, esna egon nahi badute!».

HURRENGO EMANALDIAK

  • Otsailak 5: Barakaldo Antzokian (Bizkaia).
  • Otsailak 19: Galdakaoko Torrezabal kultur etxean (Bizkaia).
  • Otsailak 28: Xixongo Feten jaialdian (Espainia).
  • Martxoak 19: Leioako Kultur Etxean (Bizkaia).
  • Martxoak 26: Gernikako Lizeo antzokian (Bizkaia).
top