Gookapi, iratxoen mundua

Gookapi plataformak iratxo birtualen telesail laburrak, jolas interaktiboak eta abestiak batzen ditu, besteak beste. Doakoa da, euskaraz sortua, haurrentzat eta familientzat. Teknologia berriak erabiliz, haurrak edukien parte hartzaile aktibo bihurtu nahi dituzte.

Telesail interaktiboak, 360 graduko edukiak, errealitate areagotukoak, abatar interaktiboak... teknologia berriei lotuta edukiak lantzeko bideak dira horiek guztiak, orain arte euskaraz nekez aurkitu zitezkeenak. Horiek guztiak uztartzen ditu, ordea, Gookapi plataformak. Aurreko ostiralean aurkeztu zuten, apirilaren 20an, Donostian.

Haurrentzako marrazki bizidun «berri eta berritzaileak» dituen streaming plataforma interaktibo bat da Gookapi, euskaraz sortua, eta gero gaztelerara itzultzen dutena. Egoitz Rodriguez proiektuko arduradunak azaldu zuen zertan datzan, zehatzago: «Plataforma teknologia berriz hornituta dago, eta haur eta familiei zuzendutakoa da. Teknologia berriak euskarara ekartzen ari gara». Netflix bezalako plataforma bat da, azken finean, baina «askoz ere txikiagoa», eta euskaraz sortua.

Netflix bezalako plataforma bat da, azken finean, baina «askoz ere txikiagoa», eta euskaraz sortua.

Lau ezaugarri ditu, hortaz, Gookapik, Rodriguezen hitzetan. Bat: edukiak euskaraz sortzen dituela, eta gero itzultzen dituztela gaztelerara. Bi: edukien tratamendua «berria» dela, eta garapen jasangarriko helburuekin bat egiten saiatzen direla. Hiru: plataforma «segurua» dela, haurrak edukien aurrean lasai utzi daitezkeela, ez dutelako «aproposa ez den edukirik» topatuko. Eta lau: euskara teknologia berrien mundura eramaten duela.

Teknologia berriei esker ikusleak «parte hartzaile aktibo» bihurtzen dituztela azaldu zuen Rodriguezek: «Eduki interaktiboetan, bideak aukeratu ditzakete. Hau da, istorioak nola egingo duen aurrera erabakiko dute. 360 graduan dauden edukiak ere topatuko dituzte, eta haiek hautatu ahal izango dute [pantailako] zer ikusi nahi duten horietan. Eta, errealitate areagotuko eta birtualeko edukiak eta abatar interaktiboak ere baditugu, ikusleekin harremanetan egoteko gai direnak».

PERTSONAIA BAKOITZAK TELESAIL BAT

Eduki guztiak doakoak dira, eta pertsonaia bakoitzak telesail bat dauka www.gookapi.com/eu webgunean, gai bati lotuta. Liz iratxo sortzailearekin, sormena landuko dute haurrek, eskulanak, magia, esperimentuak eta errezetak eginez. Mithy esploratzailearekin, Lurreko txoko magikoak ezagutuko dituzte. Pintxo bihurriarekin, Lurra bakoitzaren etxetik nola zaindu ikasiko dute. Eta txikienek, Ur txikiarekin, oinarrizko ikasketak landuko dituzte: zenbakiak, koloreak eta hizkiak.

Telesaileko bideo laburrez gain, iratxoen kantu sekretuak ere badaude Gookapiren plataforman: Ostikoak haizeari, Sua ez da jolasa, Dibidabadu... Iñigito Txapelpunkek sortu ditu abestiak, eta, horrez gain, ikuskizun berri bat ere sortuko dute, Gookapiren unibertsoa herriz herri zabaltzea helburu duena.

Kamioi bat agertoki bihurtuko dute, pantaila eta guzti, eta iratxoekin eta aktore eta dantzariekin batera, hainbat abentura biziko dituzte haurrek. Ikuskizunaz gain, telefonorako eta tabletarako aplikazioak ere garatu dituzte, eta datozen asteetan jarriko dituzte eskuragarri. Asmoa da astero gutxienez eduki bat kaleratzea.


LIBURUA

Eduki teknologiko eta interaktiboez gain, Gookapiren liburu berria ere aurkeztu zuten ostiralean: Iratxoak eta basoko sorginkeria du izena, eta Mezulari argitaletxeak argitaratu du. Liburuak, testu eta marrazkiez gain, abestiak, bideoklipak eta errealitate areagotua ditu, smartphone eta tabletetatik aktibatzeko. Telesaileko gidoiez bezala, ipuina idazteaz ere Maider Avila idazlea arduratu da.

Gookapi unibertso magikoan ke kutsakor beltz bat zabaltzearekin batera hasten da istorioa. Basoa arriskuan jarriko du ke horrek, eta Ur, Liz, Mithy eta Pintxok abentura handi bati ekingo diote, ke horren atzean nor dagoen jakiteko eta basoa salbatzeko.

Abentura horretan ikasiko dute ke kutsakorrari aurre egiteko modu bakarra naturaren jakinduria erabiltzea dela. Ipuina «alegoria bat» dela azaldu zuen Avilak: «Azkenean, hitz egiten digu kutsaduraren arriskuei buruz, eta natura zaintzearen garrantziari buruz, baina magiaz betetako istorio baten bidez».

Telesailak interaktiboak dira eta istorioek bide asko hartu ditzakete; gainera, 360 gradukoa izanik, ikusleak pantaila mugitu dezake.

Telesailerako eta libururako testuak idaztea oso desberdina izan dela esan zuen Avilak: «Irakurleak, liburua irekitzerakoan, hitzak irakurri eta bere irudi propioak sortzen ditu. Baina, telesail batean, gidoian idazten dituzun hitz gehienak irudi bihurtzen dira, eta ikus-entzuleak irudiak ikusten ditu. Hori kontuan izanik idatzi behar da».

Horrez gain, telesailak interaktiboak direnez, istorioek bide asko hartu ditzakete, eta aukera posible guztiak idatzi behar dira. Eta 360 gradukoa izanik, ikusleak pantaila mugitu dezake: gora, behera, eskuinera, ezkerrera... «Agertokian dagoen guztia ikus dezakete. Hori egiteko, ikerketa handia egin behar izan genuen».

top