Goiuri Zabaleta: «Ez nuen espero maila gorenera iristea»

Leitzako (Nafarroa) plazako pilotalekuan dagoen ia aldiro pilota bat eskuan izaten du Goiuri Zabaleta pilotariak (Leitza, 2009). Bederatzi urterekin hasi zen jokatzen, bere adineko mutilekin eskolako jolas orduan lehen aldiz jokatu ostean. Orain, maila gorenean jokatzea lortu du, hamalau urte besterik ez duela.

Zenbat denbora igaro duzu pilotaleku honetan, Leitzakoan, pilotan jokatzen?

Asko. Baina Ezkurrako [Nafarroa] pilotalekuan are gehiago igaro dut. Nire aita hangoa da, eta askotan joaten gara. Ezkurrako plaza gehiago erabiltzen dut hemengoa baino.

Gaztea zaren arren, kalitatea duzula erakutsi duzu. Emakume Master Cupen sanferminetako binakako torneoa irabaztea lortu duzu orain gutxi.

Hori da, Enara Gaminde bikotearekin irabazi nuen. Txapelketa zaila izan zen, eta ezin sinistu nago oraindik.

Espero al zenuen maila horretan jokatzea noizbait?

Ez nuen espero, egia esan. Erronka baten gisan hartu nuen, eta nahiko ongi joan zela esango nuke. Orain dela urtebete jokatu nuen lehen aldiz jokalari zaharragoekin, eta finalera iritsi nintzen. Galdu egin nuen, baina oso esperientzia polita izan zen. Maila horretan jokatzeko gai nintzela ikusi nuen.

Ohikoa da zu bezalako pilotari gazteak maila gorenera iristea?

Geroz eta gehiago, egia esan. Maila handia dago orain, baina lehen ez zegoen halakorik. Lehia polita dugu pilotarien artean.


Partiden aurretik urduri jartzekoa zara?

Ez. San Fermin torneoko finalean, adibidez, urduri jarri nintzen. Finaletan jartzen naiz urdurien.

Azken urteetan, indarra hartu du emakumezkoen pilotak. Nola ikusten duzu zuk hori?

Nabaritzen da indar handiagoa hartzen ari dela. Geroz eta jende gehiago etortzen da partidak ikustera. Telebistak ere asko laguntzen du. Pertsona bat lasai asko telebista ikusten egon daiteke etxean, eta bat-batean gure partidetako bat ematen ari dira, eta ikusten geratzen da. Oso lagungarria da hori guretzat, ikusgaitasuna nahi dugu eta.

Udan partida asko izaten dituzue. Astean zenbatetan entrenatzen zara?

Ia-ia egunero, baina hori ez da oso ona ere. Herrian, pilotalekua irekita dago egunero, eta lagunak bertara joaten gara. Pare bat orduz egoten gara entrenatzen, eta gero igerilekura joaten gara arratsaldea pasatzera.

Zure eskuek asko sufrituko dute horrela. Zainketa berezirik behar izaten dute?

Bai, udan urtean zehar baino gehiago behar izaten dute. Partiden aurretik, ematen du eskuak berotuta dauzkagula beroarengatik, baina ez dira berotuta egoten. Beroketak landu egin behar dira. Igerilekuan ere, eskuak bigundu egiten zaizkigu, eta hori kontuan izan behar dugu.

Haurra zinenean, etxeko lanak egin beharrean pilotalekura joaten zirenetakoa zinen?

Bai, hona etortzen nintzen zuzenean. Etxeko lanak gauean egingo nituela esaten nuen beti.

Eta orain?

Orain alderantziz da. Nahiago dut etxeko lanak eginda etorri pilotan jokatzera.

MOTZEAN

  • Frontoi bat? Nafarroa Arena.
  • Abesti bat? Skakeitan taldearen Orekariak.
  • Kolorerik gustukoena? Beltza.
  • Plater bat? Makarroiak.
top