Gerraren gordina, jolasaren bidez

Gerrari eta adiskidetasunari buruzko istorioa estreinatu du Markeliñe antzerki konpainiak: ‘Zepo Zapo’. 2000. urtean konpainiak sortutako ‘Mambru’ ikuskizunaren bertsio berrikusia da, eta horrekin ospatuko du bere 40. urteurrena.

Ane Insausti Barandiaran

Zenbait gai ez dira zaharkituta gelditzen urteak pasatu arren. Hala gertatzen da gerrekin, adibidez. Urteak pasatzen dira, baina gatazkek eta erasoek ez dute etenik. «Zoritxarrez, gai hau oso gaur egungoa da oraindik. Izugarrizko ondorioak dauzka, eta emaitza bera izaten da beti: sufritzen dutenak beti izaten dira herritarrak», adierazi du Jon Kepa Zumaldek, Markeliñe antzerki konpainiaren sortzaileak. Urtarrilaren 3an estreinatu zuten Zepo Zapo obra; gerra eta adiskidetasuna ditu ardatz antzezlan horrek.

2000. urtean sortu zen konpainia, eta haien antzezlan baten berrinterpretazioa da Zepo Zapo: Mambru-rena, hain zuzen ere. 25 urtean ez du gaurkotasunik galdu; horregatik, konpainia sortu zenetik berrogei urte bete direnean, antzerki hori berreskuratzea erabaki dute, gaurkotuta: «Arreta jarri nahi dugu horrelako egoerak jasaten dituztenengan. Ematen du gero eta urrunago ikusten ditugula gero eta gertuago dauzkagun gatazkak. Belaunaldi berriei gogorarazi nahi diegu zein den gerrak dakarren benetako irudia».


Bi neskato dira antzezlaneko protagonistak; horietako batek gerrara joan beharko du, eta, han, bere gisako neska batekin topo egingo du. Gatazka beraren bi aldeetan, parez pare jarriko dira: «Bere egoera berean dago, baina ez da bere bandokoa, printzipioz; etsaia omen da. Azken batean, biek ikusten dute gauza gehiagok elkartzen dituztela urrundu baino; berdintzen dituzten gauzak aurkitzen dituzte».

Obra sortzerakoan, zalantzak izan zituzten, gaia gordinegia ote zen ala ez. Baina, kontrara, modu poetiko, plastiko eta gordinean, haurrekin konektatzea lortu dutela azaldu du Zumaldek. Are gehiago, haurrek gerraren zergatiaz galdetzen dute, eta gurasoei aukera zabaltzen diete azalpenak emateko. «Gure ustez, zabaltzen dugun tarte hori interesgarria da, eta haurrei ezin dizkiegu gaiak ezkutatu. Ausartak izan behar dugu, eta zintzotasunez hitz egin, baina uste dugu gauzak azaldu, azaldu egin behar direla».

Jolasa lagun

Bi protagonisten adiskidetasunak samurtzen du gaiaren gordina. Adiskidetasunak, eta jolasak. Izan ere, jolasaren bidez eraikia da lana, eta horren bidez ematen zaie ikusleei gertatutakoaren berri. «Nahiz eta momentu gogorrak dauden, argi dago ikuskizuna oso barregarria dela», esan du Zumaldek. Eszena dibertigarriak eta elkartasun momentuak baliatuz eraiki dute kontakizuna.

Markeliñeren ohiko estiloa erabili dute horretarako: hitzik gabeko antzerkia da. «Ahotsa eta soinuak erabiltzen ditugu, baita musika eta aktoreen gorputzak ere; nahikoa izaten dira istorioak kontatzeko», zehaztu du sortzaileak. Sinesten baitute edozein gairi buruz hitz egin daitekeela hitzik erabili gabe ere; are gehiago, hori dela haurrek komunikatzeko erabiltzen duten modua, hizketan hasi arte: onomatopeiak eta keinuak.


Urtarrilaren 3an egin zuten lehen emanaldia, Zornotza Aretoan (Bizkaia). Eta bazuten hainbeste urteren ondoren jendeak nola hartuko zuen jakin-mina: «Urte mordoa pasatu da, eta aldatu egin da ikusleak halako obrak hautemateko duen modua ere». Izan ere, azaldu duenez, «erritmo frenetikoan» bizitzearen ondorioz, denak «bat-batekoa» izan behar du: «Duela hogei urteko pelikula bat ikusten dugu, eta oso astiro doala iruditzen zaigu. Baina emaitza ona izan dela ikusteak esperantza eman digu: badago tartea gauzak bere erritmoan hartzeko, ondo eginak badira eta interesgarriak badira».

Otsailean, Gijonen (Espainia) egingo den Feten haur eta familientzako arte eszenikoen nazioarteko azokarako hautatu dituzte, eta horrek «poztasuna eta ziurtasuna» eman die, ate asko irekitzen baititu —hiru sari eskuratu zituzten Mambru obrari esker azoka hartan—.


Aurrera begira dituzten erronkez galdetuta, barrez esan du: «Polita gelditzeko beste berrogei urte betetzea esan genezake, baina uste dut hori utopia hutsa dela». Bizpahiru urtera begira lan egiten dute, eta beste obra bat sortzen ere buru-belarri dabiltza, Zepo Zapo-k bidea egin bitartean. Urte honen amaieran edo datorrenaren hasieran estreinatzea da asmoa. Horrez gain, erronka izango da berrogei urte horiek «pisu larregi ez izatea» haientzat, eta izaerari eustea: «Euskal Herriko antzerki talde bat gara, urte asko daramatzagu, baina oraindik badaukagu zer esana. Ahal dugun bitartean, nahi duguna kontatzeko aukera izatea nahi genuke». Gai batzuk ez baitira zaharkitzen, baina berriak ere sortzen baitira, etengabe.

HURRENGO EMANALDIAK

  • Bihar: Sopela (Bizkaia).
  • Urtarrilak 18: Lasarte-Oria (Gipuzkoa).
  • Otsailak 7: Berriz (Bizkaia).
  • Otsailak 8: Mungia (Bizkaia).
  • Otsailak 9: Leioa (Bizkaia).
  • Otsailak 15: Arrasate (Gipuzkoa).
  • Apirilak 29: Eibar (Gipuzkoa).
  • Maiatzak 16: Lezo (Gipuzkoa).


top