Ainhoa Azpitarte: «Geroz eta neska gehiagok ematen dute izena futbolean»

Futbola eta interpretazioa dira Ainhoa Azpitarteren pasiorik handienak (Zaldibar, Bizkaia, 2004). Hirugarren denboraldia du Irabazi arte!-n, Olatzen rola jokatzen. Telesailari esker murgildu da Arte Dramatikoko ikasketetan.

Ane Insausti Barandiaran

Badator Irabazi arte!. Zer aurreratu daiteke?

Denboraldi honek thriller puntu bat izango du, istripuaren inguruan zer gertatu den jakiteko. Futbola ez da galduko, Printzesen arteko harreman batzuk sendotuko dira, eta beste batzuk apurtu.

Eta Olatzi dagokionez?

Maitasun aldetik, Gorkak eta Olatzek zeresana emango dute. Aurten lan handia izango du Olatzek ere, bai. Eta pertsonaia berriak sartuko dira, batez ere Alaitz, Printzesen aldagela astintzeko.

Zu ere futbolaria zara, ezta?

7 urte nituela hasi nintzen futbolean, eta mutilekin jokatzen nuen. Txikitatik ibili naiz, eta asko gustatzen zait.

Entrenatzaile ere aritu zara.

Kimuen mailako neska talde bat entrenatu nuen, hiru urtez. Denbora kentzen zidan, nire partidetara ez ezik haienetara ere joan behar nuen eta. Unibertsitatean hastean utzi nuen, baina oso pozik ibili nintzen. Jakin zutenean Irabazi arte!-n parte hartuko nuela, asko hunkitu ziren, eta estreinaldi guztietara jarraitzen didate. 

Nola sortu zitzaizun telesailean parte hartzeko aukera?

Futbolari esker. Ama [Durangaldeko] Biak Bat nesken futbol taldeko lehendakaria zen, eta mezu bat heldu zitzaion, telesail baterako castinga zabalik zegoela, eta interpretazioa eta futbola gustatzen zaizkien gazteen bila ari zirela. Nik etxean beti esan dut aktore izatea gura nuela, eta pentsatu nuen: «Hau da nire aukera». Nire bi pasiorik handienak lotzen dituen telesaila da Irabazi arte!.


Telesailaren mezuak ere erakarriko zintuen, ezta?

Bai, gainera, argi ikusi da nire inguruan zelan handitu den neska futbolarien kopurua. Geroz eta neska gehiagok ematen dute izena. Hori esan zidan amak ere, datuak ikusi ditu eta. Urte batetik bestera hiru talde sortu ziren haren klubean. Ez nuke esango  gugatik soilik denik, baina uste dut Irabazi arte!-k eragin handia izan duela nesken futbolean.

Orain erreferente zarete haientzat.

Agian asko da erreferente garela esatea, ez da edonolako hitza, baina hunkitu egiten naiz zelan etortzen diren ikusita. Ni mutilekin hasi nintzen futbolean, eta, orain, ikusten dudanean zenbat aukera dauden neskekin txikitatik jokatzeko, hunkitu egiten naiz.

Telesailaren ondorioz hasi zinen Arte Dramatikoa ikasten?

Gurasoek zaletasun moduan hartzeko esan zidaten hasieran, eta beste karrera bat aukeratzeko. Irabazi arte!-ri esker, ikusi zuten hori zela gura nuena. Telesailak ate hori irekitzen lagundu dit.

Non ikusten duzu zeure burua aurrerago?

Ez dakit 4. denboraldia egongo den, edo ni hartan egongo naizen. Oraingoz, ikasketak amaitu nahi ditut, eta ea etorkizunak zer ekartzen duen. Nik bakarrik eskatzen dut aktore izatea, eta horretatik bizi ahal izatea. Nahikoa prekarioa da aktoreen bizitza; lan geroz eta gehiago dago, baina geroz eta jende gehiago ere bai.

MOTZEAN

  • Futbolari bat? Fran Kirby.
  • Aktore bat? Itziar Ituño.
  • Plater bat? Patata tortilla.
  • Abesti bat? Xalbadorren heriotzean.
  • Film bat? La vita è bella.

top