Gari Uriarte, Duplako abeslaria: «Euskarari esker lortu dugu jendearekin konektatzea»
Beñat Oribek eta Gari Uriartek (Agurain, Araba, 1994) sortu zuten Dupla taldea, 2019an; bi kide izateak lanak «asko errazten» dituela dio Uriartek. Musika estilo berri bat ekarri zuten Euskal Herrira, haiek entzuten zutenetik edanez, eta plazaz plaza dabiltza harrezkeroztik.
Ane Insausti Barandiaran
Japonian bira eginez hasi zenuten urtea, eta disko berriarekin eta zuzenekoekin jarraitu. Zer moduz zabiltzate?
Ondo. Pozik gaude, egia esan. Asko jotzen ari gara, jendeak abesten du eta gozatzen du gurekin, eta musikari batek ezin du gehiago eskatu.
Musika urbanoa egiten duzue, baina herrikoak zaretela ere aldarrikatuz, ezta?
Hori da. Kontua da guk ordenagailuekin lan egiten dugula, musika urbanotik edaten dugu, baina, gero, gure herrian gertatzen diren gauzak kontatzen ditugu. Orduan, hor, nahitaez, herriko kondairak sartzen dira. Soinua gauza bat da, baina gero gure hitzak, izaera eta ikuspuntua beste bat dira. Bien arteko batura da Dupla.
Eta harrera ona izan duzue hasieratik.
Bai, hori da; azkenean, musika musika da, eta sartu da osagai hori: etxean egindako musika, ordenagailuekin ekoizten dugula... bilgarria aldatu da, baina musika beti izango da musika.
Esana duzue euskara dela zuen arrakastaren gakoetako bat.
Bai, gu Agurainen bizi gara, nahikoa ingurune erdaldunean. Gure artean, Beñat [Oribe, bateria jotzailea] eta biok gaztelaniaz aritzen gara, nahiz eta biok euskaraz jakin. Baina hasi ginenean euskaraz konposatzen, ikusi genuen ari ginela zeozer propioa sortzen, jendearekin konektatzen zuena... Sortzaile batentzat hori da helburua. Euskarari esker lortu dugu jendearekin konektatzea.
Aktore lanetan ere ibili zara, Itsatsita-n. Zer moduz?
Ondo; dibertigarria izan zen grabaketa, eta oso ondo pasatu nuen. Horrekin geratzen naiz, egia esan. Antzerkia egin izan dut herrian; ez naiz oso trebea, baina gustatzen zait saltsan egotea.
Bilgarria aldatuta ere, musika beti da musika.
Beti izan duzu musikarako zaletasuna?
Beti-beti ez dakit. 10 urtetik aurrera, Beñatekin elkartzen hasi nintzen, eta gure abestiak sortzen genituen dagoeneko. Hori bada zeozer. Nire etxean beti entzun da musika, eta beti izan naiz oso mugitua; abestu baino gehiago, agian, dantza egin izan dut, mugitu musikarekin...
Eta eskolan, ondo moldatzen zinen?
Beti izan naiz nahikoa alferra edo baldarra. Baina ama irakaslea da, eta hortik jaso dut ikastearen garrantzia. Gerora, unibertsitate garaian hasi nintzen ikasketekin gozatzen. Irakasle ikasketak egin nituen; irakasle ibili naiz, eta hor bai, hor izan dut motibazio puntu bat.
Zein izango dira Duplaren hurrengo pausoak?
Diskoari azken ukitua eman nahi diogu. Ez dugu formatu fisikoan atera orain arte, eta Durangoko Azokan aterako da. Beste single bat aterako dugu, eta gaztetxeetan bira txiki bat ere egingo dugu. Ez da amaiera, hurrengo urtean jarraituko dugulako. Baina diskoari, nolabait esateko, itxiera moduko bat eman nahi diogu.
MOTZEAN
- Plater bat? Entsalada errusiarra.
- Zenbaki bat? Hiru zenbakia.
- Abesti bat? Paco Alonso eta Ca7rielen Tiny desk saioa.
- Oholtza bat? Santiago de Compostelako Casa des crechas.
- Erreferente bat? Jorge, astearteetan fruta ekartzera etortzen den saltzailea.