Garazi Arrula: «Liburuak maila berean jartzen ditu espezie guztiak»

Ane Insausti Barandiaran

Nola abiatzen da ipuina?

Eszenatokia argi geratzen da hasieratik. Basoan kokatzen da istorioa: azala oso berdea da, eta izeiak ikusten ditugu azalean eta kontrazalean.

Zer gertatzen zaie animaliei?

Basoko ohiko animaliak ikusten ditugu: otsoa, untxia, oreina... Halako batean, ikusten dute kartel bat, jai baten iragarpenarekin. Kuriositatez, jaira joaten dira, primeran pasatzen dute, eta txokolatezko tarta pila bat jaten dute. Bizitokira bueltatzen direnean, ordea, ikusten dute ez dagoela, desagertu egin dela haien etxea.

Izaki bitxiak deitzen diete pertsonei, ezta?

Bestea da bitxia, gu horren barruan ez dagoena. Haientzat, gu gara beste hori. Hain zuzen, izaki bitxi horiek desagerrarazi dute basoa, hau da, jendeak.

Eta etorriko da mendekua?

Bai, saiatzen dira aditzera ematen basoa ez dela bakarrik haien bizilekua, babeslekua ere badela. Bertatik jasotzen dute jatekoa. Pentsa zer gertatzen ahal den guri hori dena kentzen badigute.

Dena den, mezua positiboa da, ezta?

Hitz ponpoxoz jarriko bagenu, badauka kutsu antiespezista bat. Maila berean jartzen ditu espezie guztiak: natura, animaliak eta gizakiak. Horren aldarria egiten du, betiere istorioaren bidez; ez da panfleto bat. Hierarkiarik gabe eta pareko jartzen ditu, elkarbizitzaren alde.

Zergatik aukeratu duzue Cristina Sitjaren liburu hau itzultzeko?

Oso album ederra delako; autorea hainbat sari jasoa da. Ilustrazioak oso politak dira, eskuz eginak, eta orrialde osoak betetzen dituzte. Orain joera dago [ilustrazioak] digitalean egiteko, eta balekoa da, baina homogeneizatzen du pixka bat. Hau da berriro pixka bat bueltatzea eskuak zikintze horretara, eta zurezko koloretako arkatzak erabiltzen ditu... Hainbat hizkuntzatan atera da, eta pozgarria da euskal irakurleek ere halako lanak izatea.

Letrak ere eskuz eginak dira.

Autore honek eskuz idazten ditu bere liburuen testuak. Euskaraz ere berak idatzi du, guk testua pasatuta. Badu keinu bat, euskarazko irakurleari egiten diona, ez duguna hemen esango.

Udaberriko uztan lanean ari zarete orain?

Txo! bilduman beste bi liburu argitaratuko ditugu: Dardarak, euskaraz sortua, eta Hemen eta orain, pausatzeaz eta gauza txikiei erreparatzearen garrantziaz. 8 urtetik aurrerakoentzat, berriz, Zenbat lo, hori ere euskaraz sortutako produkzio propioa da.


FITXA:

  • Izenburua: ‘Izaki bitxiak’.
  • Egilea: Cristina Sitja Rubio
  • Marrazkiak: Cristina Sitja Rubio.
  • Orrialde kopurua: 48.
  • Adina: 4 urtetik aurrera.
  • Bilduma: Txo! bilduma.
  • Argitaletxea: Txalaparta.
  • Prezioa: 19,95 euro.

top