Gabriel Aresti: Poesia mailutzat

1.  NOR IZAN ZEN GABRIEL ARESTI?

Idazle eta poeta euskalduna izan zen Gabriel Aresti, XX. mendeko euskal idazlerik garrantzitsuenetariko bat. Euskaltzaindiako urgazle izendatu zuten 23 urte zituela, euskararen alde egindako lana eskertzeko. 1933. urtean jaio zen, Bilbon, Barroeta Aldamar kaleko 2.ean. Gaur betetzen dira 90 urte jaio zenetik.


2.  ZER TESTUINGURUTAN BIZI IZAN ZEN?

Aresti jaio eta hiru urtera eman zuen Franco diktadoreak estatu kolpea, eta Arestik berak honela kontatu zuen nagusitu zenean: «Nik hiru urte kunplitu nituenean, Espainian gerra zen». Euskal Herrira eta Bilbora ere iritsi zen gerra, eta bilbotarrek pairatu zituzten ondorioak. Baita Arestiren familiak ere, Karmelo Landa historialariaren arabera: «Gabriel Arestik, beste askok legez, gorriak eta beltzak jasan behar izan zituen. Arestitarren etxean ere eskasia izan zuten, eta gosea pasatu zuten».


3. NOLA ZEGOEN EUSKARA GARAI HORRETAN?

Euskara guztiz debekatu zuen frankismoak. Euskaraz egiten zuena, kalean zein eskolan, zigortu egiten zuten. Karmelo Landaren hitzetan, euskara Euskal Herritik debekatzea zuten helburu: «Euskal Herria herri debekatua zen, eta euskara hizkuntza debekatua». Debekuen ondorioz, Euskal Herriko paisaia oso erdalduna zen.

4. NOLA IKASI ZUEN EUSKARAZ?

Euskararen egoera horren ondorioz, Arestik ez zuen etxetik jaso hizkuntza. Haren etxean ez zen euskaraz hitz egiten, ezta garai hartako eskola nazionaletan ere. Dena den, inguruko atezain bat euskaraz mintzatzen zen, eta orduan konturatu zen hizkuntzaren egoeraz. 12 urterekin konturatu zen galdua zuela bere nortasunaren zati bat, euskara, eta orduan hasi zen bere kabuz ikasten.

«Egun batean, 12 urte nituelarik, neure buruaz lotsatu nintzan, euskaldun motz bat nintzala konturatu nintzan, eta neure buruaz egin nintzan lotsatu. Eta handik liburu denda batera joan nintzan, euskal ikaspide edo gramatika on bat erostera». GABRIEL ARESTI.

5.  ZEINTZUK DIRA HAREN LANIK EZAGUNENAK?

Euskara batuaren alde lan handia egin zuen Arestik. Horrez gain, euskal literatura genero guztietan landu eta modernizatu zuen. Batez ere, poesia modernoa egin zuen euskaraz. «Poesia liburu bikainak, ulergarriak eta indartsuak» egin zituela berretsi du Landak: Maldan Behera, Harri eta Herri, Euskal Harria, Zuzenbide Debekatua... Horietako asko, gainera, abesti bihurtu ziren: Egun da Santi Mamiñe, Guk euskaraz...


6. ZER GARRANTZI IZAN ZUEN BILBOK HAREN BIZITZAN?

Bilbon bizi izan zen Aresti bizitza osoan. Bilbon ematen du berak daukan eta ahal duen guztia: «Bilbo pentsatuz, ikasiz, ezagutuz, baina jarraian Bilbo aldatzeko ekinez. Bilboren pentsalari organikoa da Gabriel Aresti, eta ekintzaile libre nekaezina ere bai», Landak adierazi duenez.

7. NOLA ULERTZEN ZUEN ARTEA?

Gabriel Arestirentzat oso garrantzitsua zen egiten zituen lanak herriarentzat izatea, hau da, edonork irakurri ahal izateko modukoak izatea. «Arte elitista lantzea leporatu zion Oteizari, listoentzat eskulpitzea, eta bere poesia, berriz, herriarentzat idatzia dela defendatu», azaldu du Landak. Hala berretsi zuen Oteiza eskultoreari eskainitako poema batean: «Nire poesia oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde, eta debalde ematen diot herriaren belarriari».

8. «NIRE POESIA MAILU BAT DA»

Poesia mailu batekin konparatzen zuen Arestik, euskaldunen kontzientzia lokartua kolpatu eta iratzarri nahi zuelako. Poesia Euskal Herria aldatzeko arma bihurtu nahi zuen: «Euskal Herriaren eta euskaldunon egoera tamalgarria aldatu nahi zuen, Bilbo bera, erdal herria bihurtua dena, euskal kulturara eta Euskal Herrira ekarri». Finean, gizartea aldatzeko erabili nahi zuen poesia.


9. ZER ERAGIN IZAN DU ONDORENGOENGAN?

Gazte hil bazen ere, arrasto sakona utzi du Arestik euskal literaturan. Artean bizirik zela, idazle gazteak lagundu zituen, eta, hil ondoren ere, erreferente izan da euskal idazleentzat.

BA AL DAKIZU?

  • Gabriel Aresti izena du Bilboko euskaltegi batek.
  • Bilbon da Gabriel Aresti liburuan, Karmelo Landak Bilboko kaleetatik ibilbide bat egiten du; idazlea bizi izan zen eta haren testuetan agertzen ziren lekuak ageri dira, eta, horiekin, Bilbo sakon ezagutzeko gida bat osatu du egileak. Ibilbidea egiteko gonbitea zabaldu du idazleak.
top