Filosofia, pentsatzearen diziplina

Ane Insausti Barandiaran

1. ZER DA FILOSOFIA?

Mundua oso konplexua da, eta ohikoa da zalantzak sortzea: gizakiari buruz, bizitzari buruz, ongiari eta gaizkiari buruz... Horien guztien gainean hausnartzen duen diziplina da filosofia, Imanol Alvarez Varela Jakin-min elkarteko lehendakariaren arabera: «Galdera horiei erantzun bat ematen saiatzea da filosofia. Batzuek erantzun bat izango dute, eta, besteek ez dute erantzun bakar bat izango. Baina horrek ez du esan nahi erantzunak behar ez ditugunik. Bizitzak erantzunak eskatzen dizkigu».

2. ZERTARAKO BALIO DU?

Askotarikoak dira sor daitezkeen galderak edo arazoak: lagunen arteko gatazkak, familiako desadostasunak, bizilagunekiko ikuspegi desberdinak... Bizitzako arazoei eta egoerei heltzeko orduan ikuspegi kritikoa eta alternatiboa izateko, beharrezkoa da filosofia, Alvarezen ustetan. Hau da, ideiak zalantzan jartzeko balio du, eta aterabideak aurkitzen saiatzeko: «Askotan geratzen gara kritikotasunean, baina kritikotasuna filosofiaren parte bat da soilik; ideia propio, koherente eta argudiatuak eraikitzen ere saiatu behar da filosofatzeko».

3. HAURREK ERE FILOSOFA DEZAKETE?

Ez daiteke erabaki filosofatu ala ez, bizitzak berarekin baitakar filosofatzea. Eta, hitzari erreparatuz gauza korapilatsua dirudien arren, edonor da filosofatzeko gai, Alvarezen aburuz: «Horrelako galderak eta arazoak denok ditugu, txikitatik. Adinaren arabera, esperientzia eta jakintzak aldatu egiten dira, baina edonork filosofatu dezake. Are gehiago, guztiok filosofatu behar dugu».


4. HISTORIAKO FILOSOFOAK

Haur filosofiarekin lotutako edo diziplinari ekarpen ugari egindako hainbat pentsalari aipatu ditu Alvarezek:

SOKRATES

Lehen filosofo handitzat hartzen da Sokrates, baina ez zuen ezer ere idatzi; beste modu batean ulertzen zuen hark filosofia: bideratzaile lanak egiten zituen, jendeari galderak egin eta zalantzak sortzeko, argudio hobeak eraiki zitzaten. «Harentzat, elkarrizketa filosofikoak izatea zen filosofia. Elkarrizketa horretan, zalantzan jarri behar ziren gauzak, eta, gero, iritzi argudiatuak ematen saiatu», azaldu du Alvarezek.


KARL MARX

Marxek kritika egin zion filosofiaren historiari, esanez gehiegi zentratu zirela mundua ulertzeko ahaleginean. Haren ustez, mundua ulertzea beharrezkoa da, noski, baina filosofiaren zeregina mundua eraldatzea da: «Filosofiaren alde praktikoa defendatu zuen: filosofia ez da bakarrik errealitatea nolakoa den ulertzea: aldaketak lortzen saiatu behar da».


ARISTOTELES

Errealitatea konplexua denez gero, azalpen konplexuak bilatzen zituen Aristotelesek: adibidez, dena etengabe aldatzen dela. Eta oinarri arrazionalak ematen zituen. «Gainera, zoriontasunaren ideian zentratu zen lehen filosofoa da. Zoriontasunari buruz hausnartu zuen, eta orekarekin lotu. Aristotelesek zioen zaila dela oreka topatzea».


MATTHEW LIPMAN

Pentsalari askoren ideiak batu zituen bere metodologia lortzeko. Elkarrizketa filosofikoa ezinbestekotzat jo zuen gizarte demokratiko bat lortzeko, eta jendea horretan umetatik trebatu behar zela zioen: «Lipmanek uste du gizarteak ondo funtziona dezan, jendeak bere kabuz pentsatu behar duela», esan du Alvarezek.


SIMONE DE BEAUVOIR

XX. mendetik aurrera, pixkanaka, emakume filosofoak agertzen hasi ziren, tartean Simone de Beauvoir. Emakumeen inguruan zegoen ideia deseraiki zuen Beauvoirrek: «Orduan uste zen, besteak beste, emakumeek ama izan behar zutela eta familiaz arduratu behar zutela. Simone de Beauvoirrek adierazi zuen emakumearen kontzeptu hori kulturala dela, eta deseraiki egin behar dela».



EDU ZELAIETA:

«Galdetzea oso ekintza humanoa da»

Apirilaren 26an hasita, atal berri bat izango da irakurgai Mantangorrin, bi astean behin: Hau galdemina!. Edu Zelaieta idazlearen ekimenez (Gasteiz, 1973), haurrek bizitzari buruzko galderak bidaliko dituzte, eta idazleak erantzungo ditu, modu jostalarian eta umorez. 

Zer da Hau galdemina?

Espazio berri bat da, hizkuntzarekin eta bizitzarekin jolasteko gonbita. Hitzak berak pista batzuk ematen ditu: galdetzeko mina, galdetzeko beharra. Haurrek eta pertsonek berez izaten dute galdetzeko beharra, galdetzea oso ekintza humanoa baita. Niri, nahiz eta 51 urte ditudan, ez zait agortu hori, oraindik ere sekulako galdemina izaten dut nik neuk.

Nondik dator ideia?

Duela bost urte hil zen Tomy Ungerer, nazioartean ezaguna zen artista bat, haur literaturan ibilitakoa. Omenaldi gisa, liburu bat egin zioten, eta hartan azaltzen zen Ungererrek hainbat urtez Frantziako aldizkari batean astero-astero izaten zuela korrespondentzia haurrekin. Zer egiten zuten haurrek? Galderak bidali, bizitzaren ingurukoak. Zer egiten zuen Ungererrek? Batzuetan zehatzago erantzuten zuen, besteetan bihurriago, umoretsuago... Hori izan nuen inspirazio iturria. Asko gustatu zitzaidan liburua, eta pentsatu nuen: halako esperientzia bat egingo bagenu Euskal Herriko haurrekin?

Zeintzuk dira helburuak?

Batetik, haurrek haien kezkak eta interesak ahalik eta libreen adieraztea; bestetik, belaunaldien arteko elkarrizketa bultzatzea. Jakin-mina eta pentsamendu kritiko sortzailea bultzatzea ere bai, eta hausnarketarako bideak bultzatzea. Beste bi ere aipatuko nituzke: euskal kulturarekiko lotura indartzea, kulturako elementuak erabiliko baititugu erantzunetan. Eta, azkena, irakurzaletasuna eta sormena bultzatzea. Izan ere, erantzunek kutsu literarioa izango dute, ni idazlea izaki.

Nola funtzionatuko du?

Haurrek Mantangorriko postara bidali ditzakete mezuak, izena, adina, herria edo hiria eta eskola edo gela adierazita: mantangorri@berria.eus. Jasotzen ditugun galderen artean, aukeraketa bat egingo dugu, bi astean behin horietako bati erantzuna emateko.

Edozein galdera egin daiteke?

Bai, nik dena utziko nuke zabal-zabalik. Galderak egitera gonbidatuko nituzke, irrikan baikaude. Gainera, atal bakoitza Kaiet Bengoetxearen ilustrazio batekin lagunduta joango da. Den-dena dugu zabalik, jolasteko prest!

top