Festa giroko agurra

‘Azken festa’ emanaldiarekin esango diete agur oholtzei Tomaxen Abenturak pailazo taldeko kideek. Hamar urte egin dituzte herriz herri, eta festa giroan emango diote amaiera ibilbide horri. «Agur alai bat» izatea nahi dute.

Ane Insausti Barandiaran

Mendian, hondartzan, ikasgelan, balearen bila... bizipen asko eta asko partekatu dituzte Tomaxek eta Muxik, Tomaxen Abenturak pailazo taldearen ikuskizunetan. Orain, ordea, agur esateko ordua iritsi zaie: hamar urteren ondoren, 2024a amaitzearekin batera amaituko dute Tomaxen eta Muxiren gorabeheren ibilbidea.

Beste hainbat proiektutan ibili ondoren abiatu zuen Joserra Fachadok Tomaxen abenturak proiektua. Ibilian-ibilian, pertsonaia «inozentea» ez da bakarrik ibili antzokiz antzoki, duela zortzi bat urte batu baitzitzaion Tomaxi Muxi, Oihana Maritorena aktoreak jokatua. Aspalditik ezagutzen zuten elkar, Fachado Maritorenaren irakasle izan baitzen Zurriolako Antzerki Eskolan, hark 9 urte zituela. «Oihana oso gertu neukan. Batzuetan, ez zara konturatzen pertsonarik inportanteenak oso gertu dituzula. Oihana azkarra da, oso langilea, oso atsegina... gertatu zaidan gauzarik inportanteena izan da», kontatu du Fachadok.

Pailazoen eskema klasikoa jarraitzen dute haien ikuskizunek: aurpegi zuridun pailazo bat eta Augusto deritzen pertsonaia bat edo bi egoten dira halakoetan. Lehena serioa izaten da, eta besteak inozenteagoak, baldarrak. «Hasi ginenean probatzen, konturatu nintzen oso ondo egiten zuela berak aurpegi zuriarena, sudurrik gabe. Azkarra delako, txantxak egiten dizkiolako Tomaxi, baina, era berean, pila bat maite duelako, babesten duelako... Eta, gero, Tomax dago, bigarren Augustoa, inozentea, maitagarria dena, baina ia-ia ez dena ezertaz enteratzen». Eskema horrekin asmatzea izan da gakoa, Fachadoren iritziz.


Hortaz, Muxi izan ohi da antzezlanaren gidaria, eta, Tomax, berriz, etengabe hanka sartzen duen pertsonaia. Haren ustez, Tomax baldarkeriak bata bestearen atzetik errepikatzen ikuste horrek haurrak «ahalduntzen» ditu: «Nahiz eta oso gaztetxoak izan, ikusten dute haiek baino inozenteagoa dela, eta pila bat ahalduntzen dira. ‘Baina tipo honek ez daki hori egiten, edo hori esaten? Zer egiten ari da, baina?’, esaten dute».

Agur esateko ordua

Baina ipuin guztiek amaiera duten bezala, pailazo bikoteak urte amaieran utziko dio emanaldiak egiteari. Izan ere, 64 urte beteko ditu Fachadok apirilean, eta atseden hartzeko, urruntzeko eta gauzei beste ikuspegi batetik begiratzeko beharra sentitu du. Argi dio, ordea: «Ez dut antzerkia inoiz utziko». Azken festa deitu diote azken emanaldiari, eta ez alferrik. «Agur alai bat da, ondo pasatzeko».


Horretarako, haien pasarterik umoretsuenak eta abestirik ezagunenak bildu, eta ordu eta laurden inguruko emanaldi bat sortu dute. Eta, behin azken txanpan sartuta, hamarkada honetan sostengu izan dituzten guztiei eskerrak eman nahi dizkiete herriz herri: «Ez da omenaldi bat guretzat, baizik eta urte hauetan gonbidatu gaituzten herri eta programatzaileentzat; gurekin hain ondo portatu izana eskertu nahi diegu».

Urtea aurrera doa, ordea, eta bira hasi dute dagoeneko: Astigarraga, Urnieta, Getaria (Gipuzkoa)... Antzokiak eta plazak betetzen ari dira, eta pozik daude orain arte izandako erantzunarekin. «Ez daukagu despeditzen ari garelako sentsaziorik. Gainera, esan dugu: ‘Goza dezagun, iritsiko da abendua, ez gara melodramatiko jarriko...’. Oso-oso pozik gaude». Ahogozo horrekin amaitu nahiko lituzkete gainerako emanaldiak ere.

FITXA

  • Gidoia: Joserra Fachado.
  • Aktoreak: Oihana Maritorena eta Joserra Fachado.
  • Eszenografia eta kartela: Idoia Larrañaga.
  • Atrezzoa: Marisa Egaña.
  • Kanten hitzak: Zigor Iriondo.
  • Abestien musika: Pirata.
  • Jantziak: Uxue Urresti.
  • Soinu teknikaria: Inma Irazustabarrena (Eragin).

HURRENGO EMANALDIAK

  • Gaur: Hernani (Gipuzkoa).
  • Otsailak 13: Arrasate (Gipuzkoa).
  • Otsailak 18: Zizurkil (Gipuzkoa).
  • Martxoak 2: Amara, Donostia.
  • Martxoak 9: Aretxabaleta (Gipuzkoa).

top