Fantasiazko Durango

Asteazkenetik igandera, 950 nobedade hartuko ditu Durangoko Azokaren 58. aldiak. Fantasia DA! lelopean, 257 erakusmahai izango dira Landako gunean, eta 265 ekitaldi antolatuko dituzte. www.durangokoazoka.eus webgunean daude ikusgai lan guztiak.

IBAIZABAL

Ibaizabal argitaletxeak, besteak beste, bi proposamen hauek eramango ditu Durangoko Azokara: Matxinsalto bilduman, Sagu bat nire katiluan! albuma argitaratu dute. Malik da bertako protagonista, eta bere urtebetetze egunean, sagu bat topatuko du bere katiluan. Sagu hori nor den eta zer nahi duen asmatzen saiatuko da. Gaztetxo bilduman, berriz, beldurrez eta misterioz betetako ipuina sortu dute: Tomasen belarritakoa. Saguzarrak, katu beltzak, hildako mutikoaren lepoko zauri susmagarria, hilobiko harri losa mugitua... izango dituzte lagun protagonistek.


‘Sagu bat nire katiluan!’

Idazlea: Yolanda Larreategi.

Ilustratzailea: Karmele Gorroño.


‘Tomasen belarritakoa’

Idazlea: Antton Kazabon.

Ilustratzailea: Jokin Mitxelena.

IKAS

Izarrak ostea eta saltzea bururatuko zaio Xubani, Izar saltzailea liburuko protagonistari. Hasierako poza pasatuta, baina, bere ekintzek ingurumenean eta jendearengan dituzten ondorioez konturatuko da. Aldiz, Intza eta Tomas, Laminaren iturria liburuan, uda hasiera harrotua izango dute protagonistek: herrian sekula agortzen ez den iturria geldituko da, eta gizon misteriotsu batzuk ezkutuko altxor bat bilatzen ari dira. Emazte ilehori bat ere inguru-minguruka dabil...


‘Izar saltzailea’

Idazlea: Eneko Bidegain.

Ilustratzailea: Anne Baskaran.


‘Intza eta Tomas, Laminaren iturria’

Idazlea: Elise Dilet eta Antton Hariñordoki.

Ilustratzailea: Laure Gomez.

TTARTTALO

Istorio zirkular polit eta jostagarri bat eramango du azokara Ttarttalo argitaletxeak: Bira, Bira, Biraka. Neskatxi ilarrak garantzen ari da sukaldean, eta batek ihes egingo dio, bira eta biraka. Saguek, katuek, untxiek... gustura jango lukete, baina zulo batera eroriko da, bertan libre haziko den arte. Hotsen liburua-k, berriz, 50 hotsetik gora proposatzen ditu, horiekin jolas egiteko eta haurrak hizkuntzaz jabetzeko: danborraren tarrapatan, ahuntzaren mee, atearen kax-kax...


‘Bira, bira, biraka’

Idazlea: Cecile Bergame.

Ilustratzailea: Magali Attiogbe.


‘Hotsen liburua’

Idazlea eta ilustratzailea: Soledad Bravi.

EREIN

Osatu du Ortuko bizitza bilduma Erein argitaletxeak, azken bi liburuak argitaratu ondoren. Elkarren lagun, gau eta egun eta Ospa hemendik! lanetan, baratzeko bizilagunei buruzko istorioak ekarri dituzte egileek: satorretatik barraskiloetaraino, eta armiarmetatik eulietaraino. Anna Kopek bildumako hirugarrena ere kaleratu du argitaletxeak: Anna Kopek eta dragoiaren bihotza. Uxuek eta Jokinek Pekinera joan beharko dute, mundua kontrolatzen saiatzen ari den pertsona nor den jakiteko.


‘Ortuko bizitza’ bilduma

Idazlea: Irati Garmendia.

Ilustratzailea: Ane Arzelus.


‘Anna Kopek eta dragoiaren bihotza’

Idazlea: Haritz Larrageta.

Ilustratzailea: Marko.

IKASELKAR

Familia guztiak dira bereziak, baina xelebreetan xelebreena da Erramun Babarrunek, Mariaje Potajek, Serafin Mokofinek eta Arantxa Balantxarenak Familia xelebrea liburuan osatzen dutena. Kimu bildumako liburua da, Anjel Lertxundik idatzia eta Jokin Mitxelenak ilustratua. Kuku! emozio programaren barruan, bestalde, Sorpresa! liburua argitaratu dute Agurtzane Ortizek eta Enrique Morentek. Irudimen handiko mutikoa da Manex, eta bere inguruari begira entretenitzen da, istorioak imajinatuz eta bazterrak marrazkiz betez. Sorpresaz sorpresa ibiliko da, hortaz.


‘Familia xelebrea’

Idazlea: Anjel Lertxundi.

Ilustratzailea: Jokin Mitxelena.


‘Sorpresa!’

Idazlea: Agurtzane Ortiz.

Ilustratzailea: Enrique Morente.

PAMIELA

Albiste bat jasoko dute Immigranteak liburuko protagonistek: hurrengo egunean bi immigrante helduko direla haien ikasgelara. Haurrek ez dute hitzaren esanahia ezagutzen, eta nor ote diren imajinatzen igaroko dute gaua. Biharamunean, beldurrez joango dira eskolara, baina berehala ahaztuko zaie beldurra, immigrante hitzarekin batera: urrunetik etorritako bi lagun berri egingo dituzte. Dinosauro ametsak liburuan, berriz, eskeletorik dibertigarrienak abentura batean murgilduko dira, eta ametsetako dinosauro berezi batzuei aurre egin beharko diete bertan.


‘Dinosauro ametsak’

Idazlea: Allan Ahlberg.

Ilustratzailea: Andre Amstutz.


‘Immigranteak’

Idazlea: Marcelo Simonetti.

Ilustratzailea: Maria Girón.

TXALAPARTA

Inauteriko pertsonaien transmisioa du helburu Herri inauteriak liburuak. Besteak beste, hartza, Mari Trapu, momotxorroak, joaldunak, damak eta ikazkina ezagutuko dituzte haurrek, ipuinean. Abereen etxea liburuan, berriz, gizakientzako lan egiteaz nazkatuta, matxinatzea erabakiko dute Ingalaterrako baserri bateko abereek. Animalismoa deritzon erregimena jarriko dute martxan, animalia guztientzako berdintasuna eta oparotasuna eskatzen dituena. Baina sistema aldatuta ere, berehala sortuko dira gatazkak animalien artean.


‘Herri inauteriak’

Idazlea: Bakarne Atxukarro eta Izaskun Zubialde.

Ilustratzailea: Aitziber Alonso.


‘Abereen etxea’

Idazlea: Maxe L’Hermenier.

Ilustratzailea: Thomas Labourot.

ELKAR

Eskola jazarpenaren gaiari heldu diote Garazi Kamiok eta Alex Orbek Bikini lanean. Leire da protagonista, eta bi lagunen artean harrapatuta sentituko da. Aurtengo Mikel Zarate sariaren irabazlea da proiektua. Miren Agur Meabe, berriz, Kattaren istorioak idatzi eta idatzi dabil etengabe. Oraingo honetan, komiki eran bildu ditu hamar istorio, Katta eta lagunak libururako. Komiki bakoitzean, bildumako pertsonaia bat izango da protagonista: Ariela basurdea, Mozart txantxangorria, Greta tximeleta, Patziku trikua, Bertol hartza, Gaxuxa azeria, Potto eta Ttotto sugandilak eta Sare Kattaren lagun bereizezina.


‘Bikini’

Idazlea: Garazi Kamio.

Ilustratzailea: Alex Orbe.


‘Katta eta Lagunak’

Idazlea: Miren Agur Meabe.

Ilustrazioak: Lotura Films.


top