Ezin ikusi, baina ez ikusezin
Ane Insausti Barandiaran
1. ZER DA ITSUTASUNA?
Ikusmenaren galera osoa edo ia osoa da itsutasuna. Jaiotzez izan liteke itsua, edo bat-batean edo pixkanaka garatu liteke; gainera, galera osoa edo partziala eduki daiteke. «Aniztasun handia dago, itsu mota asko dagoelako, nolabait esateko. Bakoitzak bere moduan ikusten du. Beraz, garrantzitsua da plan indibidualizatuak sortzea», azaldu du Juan Carlos Marquez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Onceko arduradunak.
2. ZER BALIABIDE BEHAR DITUZTE?
Pertsona autonomoak izateko, eta ikasketa prozesuetan aurrera egiteko, braillean idatzitako liburuak edo apunteak behar dituzte, eta, horretarako, irakasle edo teknikari espezializatuak aritzen dira halakoak itzultzen. Batetik bestera joateko eta orientatzeko, makila zuri bat erabiltzen dute; laguntza psikosoziala ere garrantzitsua da, itsu izatearekin lotutako bizipenak partekatzeko.
3. NOLA IKASTEN DUTE?
Gainerako haurrekin batera ikasten dute haur itsuek, ohiko ikastetxeetan. Baina haien beharretara egokitzeko tresnak behar dituzte. Itsutasuna garatu duten garaiaren arabera, laguntza bat edo bestea behar izaten dute, Marquezek azaldu duenez: «Itsu jaiotzen diren haurrak oso goiz hasten dira braille sistema ikasten, haien lehentasunezko irakurketa-idazketa sistema gisa. Bat-batean edo pixkanaka garatzen dutenen kasuan, ordea, sistema berria bereganatu behar dute, braillea».
4. ZER DA BRAILLEA?
Luis Braillek asmatu zuen itsuentzako irakurtzeko metodoa da braillea. Erliebe puntu batzuen bidez irudikatzen ditu alfabetoko letrak, eta hatzekin puntu horiek ukituta irakurtzen dute itsuek. Eskuen bidez irakurtzeko modu bat da, azken batean. Idazteko, irakurtzeko, hezkuntzarako, kulturarako eta informaziorako atea irekitzen die ikusi ezin dutenei.
5. ZER DA MAKILA ZURIA?
Itsu batek toki batetik bestera joateko duen laguntzaile nagusia da makila zuria. Tresna garrantzitsua da, orientatzeko eta mugitzeko laguntza emateaz gain, bereizgarria delako, kaleko jendeak jakin dezan parean daukan pertsona itsua dela. Baina baita euren kabuz eta arriskurik gabe mugitzeko ere, Marquezen hitzetan: «Makila zuriak askatasuna ematen digu, pertsona guztien moduan mugitzeko aukera emango digun autonomia hori izateko».
6. SENDATU LITEKE?
Itsu batzuek lortzen dute ikusmena berreskuratzea, medikuntzako aurrerapenei esker. Izan ere, kasu batzuetan gaixotasun baten ondorioz geratzen dira itsu pertsonak, eta, gaixotasun horren sendabidea lortu bada, posible da. Beste kasu batzuetan, ordea, ez dago konponbiderik, gaur-gaurkoz. Dena den, itxaropen mezua zabaldu du Marquezek: «Afiliatu berri guztiei esaten diedan bezala, gauza batzuk egiteari uzten diogu, baina egin ditzakegu gauzak beste modu batean, erreminta egokiak erabilita».
«Erronkak izateak motibatzen zaitu aurrera jarraitzeko». JAKES TXAPARTEGI, PIANO JOTZAILE ITSUA.
Gauzak beste modu batean egiteaz badaki zerbait Jakes Txapartegik. Itsua da, eta pianoa jotzen du, 7 urte zituenetik. Aurten, Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketa irabazi du, 14 urtez azpikoen kategorian. Esther Barandiaran irakaslearen eskutik sartu da Hondarribiko Musika Eskolako (Gipuzkoa) piano gelara. Elkarrekin egin dute pianorainoko bidea, eta aulkiaren ertzak ukitu ditu eseri aurretik. Eroso dagoela nabaritzen da, instrumentu distiratsuaren aurrean. Berehala bete da notaz isilik zegoen gela, eta musikak gela osoa hartu du.
«Txikia nintzenean, teklatu bat zegoen etxean. Asko gustatzen zitzaidan alde batetik bestera zeharkatzea, notak jotzen, eta kantaren bat ere inprobisatzen nuen bi eskuekin elkarrekin joz», kontatu du Txapartegik. 4 urterekin hasi zen musika eskolan kontaktu musikala lantzen, eta hiru urteren buruan hasi zen pianoko eskolak hartzen.
Urtebete geroagotik du irakasle Barandiaran. Oso «modu sentsorialean» ikasten duela azaldu du: «Entzumenaren bidez ikasten dut. Estherrek audioak bidaltzen dizkit, Whatsappeko artxiboak. Eskuak bidaltzen dizkit, banaka: lehenengo eskuina, gero, ezkerra, eta, azkenik, biak batera. Digitalizazioa ere bidaltzen dit, hau da, zer behatz erabili behar dudan nota jakin bat jotzeko».
Irakasteko eta ikasteko modu hori sortu behar izan duela onartu du irakasleak, eta «erronka» izan dela, baina baita «oso aberasgarria» ere: «Azkenean, konturatzen naiz harekin egiten dudana dela denekin egiten saiatzen naizena: musikaren zentzura joatea. Haren kasuan, entzumenera». Hortaz, Txapartegirentzako egindako lanak beste ikasleak elikatu dituela dio, entzumena lantzen lagundu dielako.
Hurrengo urratsa
Irakaslearen eskutik jaso zuen Txapartegik Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketan parte hartzeko proposamena. Aurretik, Andoaingo (Gipuzkoa) piano jaialdian parte hartu zuen, baina, hura bertan behera utzi zutenez, erronka maila bat igotzea proposatu zion: «Ondo pentsatzeko esan zidan, salto handia zelako. Azkenean, bi astez-edo pentsatzen egon ostean, baietz esan nion».
Hortaz, jo beharreko piezak aukeratu, eta, abestiak ikasteaz gain, kontzentrazioa eta arnasketa ere asko landu zituzten, unea iristen zenean urduritasunari eta presioari ondo aurre egiteko. «Exijentzia handiko erronka zen, eta jakin behar zuen. Baina, bueno, ez diogu beldurrik horri. Era berean, iruditzen zitzaidan gelan egiten dena erakustea eta ikusaraztea ere inportantea dela, lehiaketaren bidez», esan du Barandiaranek.
Joan den urtean bigarren postua lortu zuenez, aurtengoan helburu gisa lehen postua lortzea zuela aitortu du piano jotzaileak: «Bukatu nuenean, pentsatu nuen agian lortu nezakeela, baina jada pozik nengoen. Izan ere, oso pozik nengoen egin genuen lanarekin». Eta egindako lanak eman zituen fruituak: zirkulua ixtea lortu zuen, lehiaketa irabazita.
Aurrerantzean, musikan jarraitzea gustatuko litzaioke, eta, erronkaz erronka, ikasten jarraitzea. «Erronkak izateak motibatzen zaitu ikastera, aurrera jarraitzeko». Haur itsuei, edo beste desgaitasunen bat dutenei, berriz, mezu bat bidali die: «Erronka guztien aurrean aurrera jarraitzeko, eta nahi duzunean ahal dela. Askotan landu dugu hori, nahi duzunean ahal dela». Piano jotzaileak, adibidez, musikaren edo pianoaren bideaz gain, kazetari izatea dauka jomugan.