
Euskararentzako justizia eske

Ane Insausti Barandiaran
1. ZER GERTATU DA?
Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkarteak manifestaziora deitu du biharko, Baionan. Justizia Jauregitik hasiko da, eta mobilizazio nazionala izango da. Hau da, Euskal Herri osoko euskaldunak daude bertaratzera deituta. Ostiralean Euskal Herrian Euskaraz elkarteko bi kide epaituko dituzte, eta haiei elkartasuna adieraztea izango da asmoa, Justizia euskararentzat lelopean.
2. ZERGATIK EPAITU DITUZTE?
Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara, esprai bat hartu eta Justizia euskararentzat idatzi zuten Baionako Justizia Jauregiaren sarrerako horman, Euskal Herrian Euskaraz elkarteko bi ekintzailek: Intza Gurrutxagak eta Gorka Torrek. Hain zuzen ere, Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubidea ukatzen dietela salatu zuten ekintza horrekin. Teilatura igo ziren gero, eta desobedientzia ekintzak egin izana leporatzen diete.
3. ZEIN ZIREN PROTESTAREN ARRAZOIAK?
Euskara zapalduta dagoela salatzeko egin zuten abenduko ekintza, eta hainbat adibide eman ditu elkarteak hori arrazoitzeko:
1. Zuberoan, Nafarroa Beherean, Lapurdin eta Nafarroa hegoaldean euskara ez da ofiziala. Horren ondorioz, erakunde publikoetan «ia ez da erabiltzen», eta «ukatu» egiten da sarri.
2. Euskara ofiziala den lurraldeetan, Araban, Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroa erdi eta iparraldean, ofizial izanik ere, erakunde publikoetan haren erabilera «eskasa» da.
3. Euskaraz ikasteko zailtasunak dituzte euskara ofizial ez den lurraldeetan, eta Baxoa eta Brebeta bezalako azterketak egiteko oztopoak eta ezintasunak salatu dituzte maiz.
4. Baionako epaitegietan, eta, orokorrean, sistema judizialean, euskaraz aritzeko eskubidea ukatzen zaie herritarrei, eta gaztelaniaz eta frantsesez aritzera behartzen dituzte.
5. Erakunde publikoek euskalgintzarako jartzen duten diru laguntza «oso eskasa» eta «murritza» da.
6. Hizkuntza paisaia, hau da, herrietako kartelen eta informazio euskarrien hizkuntza, asko jota elebiduna da, eta batzuetan informazio hori ez da euskaraz eskaintzen. Gainera, Euskal Herriko herrien izen asko erdaldundu egin dituzte.
7. Euskararen alde eta euskaldunen eskubideen alde egiten duten pertsonek «jazarpen politikoa eta ekonomikoa» pairatzen dute. Horren adibide da bihar salatuko duten abenduaren 3ko protestetako ekintzaileen epaiketa.
4. ZER DA EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ?
Euskal Herrian Euskaraz (EHE) euskara, euskaldunak eta Euskal Herria (hizkuntza, hiztunak eta lurraldea) ardatz dituen eragile euskaltzalea da, eta euskaldun eleanitzez osatutako Euskal Herri euskalduna du helburu. «Euskarak egiten gaitu euskaldun, eta, era berean, euskarak egiten gaitu Euskal Herri; hots, herri nortasuna ematen digu», diote. Euskararen herriak Euskal Herria berreuskalduntzeko eskubidea eta gogoa duela erakutsi nahi dute, sinetsita baitaude euskaldunen hiztun-komunitatearen etorkizuna ziurtatzeko bide bakarra dela. EHEk herri-gogo hori hauspotu nahi du.
5. ZER HELBURU DU ELKARTEAK AURRERA BEGIRA?
Euskararen alde egiteko, hainbat helburu ditu EHEk hemendik aurrera ere: herriz herriko borrokak piztu nahi dituzte, eta gunez gune euskararen gaia agendan kokatu nahi dute. Gazte belaunaldiak euskararen borrokara batzea bultzatu nahi dute, eta euskalgintzako gainerako eragileekin elkarlana sustatu ere bai. Horrez gain, euskaldunen aurkako erasoak salatzen jarraitzea dute xede, eta Euskalgintzaren Kontseiluaren bitartez, hizkuntza politiketan eragin nahi dute.
BA AL DAKIZU?
Oskorri taldearen abesti ezagun batek Euskal Herrian euskaraz du izena. Hala dio: «Euskal Herrian euskaraz, nahi dugu hitz eta jolas...»