Euskara bultzatzeko uzta

 1.  ZER DA ERRIGORA?

Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen egitasmoa da Errigora. Nafarroa hegoalde eta erdialdea ditu ardatz, eta euskara ofiziala ez den lurraldean eragitea da haren helburua. Horretarako, eremu horretakoak diren elikagaiak Euskal Herrian zabaltzen ditu, auzolanaren bitartez. Duela hamar urte sortu zuten egitasmoa, eta sarea handituz joan da urtez urte; izan ere, nekazariak, ekoizleak, euskaltzaleak eta kontsumitzaileak batzen ditu Errigorak, euskararen alde. Kanpaina betean murgilduta daude orain: Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka izena du udazkenekoak.

 2.  ZER EGITEN DUTE?

Lehenik, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko hainbat nekazarik eta ekoizlek beren uzta erein eta jasotzen dute. Behin uzta jasotakoan, herritarrek auzolanean kutxatan antolatzen dituzte produktu ekologiko horiek. Ondoren, Euskal Herri osoko herritarrei zabaltzen diete horiek erosteko aukera, etxean jan ditzaten. Azkenik, Euskal Herriko etxeetara bidaltzen dituzte kutxa horiek. Hala, tokiko produktuak saltzeko kate oso bat sortzen dute, auzolanaren bidez martxan jartzen dena.


 3.  ZER EGITEN DUTE DIRUAREKIN?

Nafarroako nekazarien eta ekoizleen produktuak bultzatzeaz gain, euskarari ere ekarpena egiten dio Errigorak, saskien bidez lortutako diruaren %25 Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari ematen baitiote; zehazki, AEKri, Ikastolen Elkarteari, Sortzen euskal eskola publiko berriaren aldeko elkarteari eta Agerraldiari. Proiektu horiek diruz laguntzeari esker, besteak beste, haurrek ikastetxeetan euskaraz ikasteko aukera izango dute; helduek ere bai, AEK-ko euskaltegietan.

GARBIÑE ZULAIKA, VIANAKO (NAFARROA) ERENTZUN IKASTOLAKO ZUZENDARIA:

«Errigoraren urteroko ekarpen ekonomikoaren balioa eztabaidaezina da. Horretaz gain, gure ikastolako haurrek euskararen inguruan duten jarreran izan duen eragin positiboa azpimarratu nahiko nuke: batetik, Vianan aisialdian euskara erabiltzeko asteroko tokia sortu dutelako, eta egitasmo puntualetan euskararen unibertsoa gure ikastolako hesiaz haratago doanaren errealitateaz jabearazi dituelako».


 4.  ZER ESKAINI DUTE AURTEN?

Aurten, saski bakarra banatuko du Errigorak: 50 euro balio du, eta 23 ekoizleren bederatzi produktu ekologiko eta konbentzional elkarrekin sartuko dituzte horietako bakoitzean. Bost produktu guztientzat berdinak izango dira: zainzuriak, piperrak, orburuak, gozo bat eta alkoholdun botila bat. Beste lau produktu, berriz, gainontzeko ohiko produktuekin osatuko dituzte.


 5. UDABERRIKO KANPAINA

Errigorak udaberrian ere egiten du beste kanpaina bat: Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura. Nafarroa hegoaldean ekoitzitako oliba olio birjina estra eta kontserba sortak eskatu daitezke bertan, jatorrizko prezioan. Urte osorako adina eskatzea da helburua; hortaz, olioa bost litroko bidoietan banatzen da, eta kontserbak, berriz, hamabi ontziko sortetan. Martxoan eskatzen dira, eta banaketa bi saltotan egiten da: apirilean olioa, eta maiatza-ekainean, berriz, kontserbak.

KIKO FERNANDEZ, BARDEA OLIO ETA LEKALEEN EKOIZLEA:

«Guretzat, landa eremuan bizitzen jarraitzeko modua da Errigora; zuzeneko salmenta egiten du, jatorrizko prezioan saltzen dugu, eta, gainera, euskararen alde egiten du lan. Produktuak, ekoizleak, erritmoak eta denborak errespetatzen ditu, eta ez du txikizka saltzen, beste erosketa bide batzuek bezala».


ASIER BIURRUN. ERRIGORAKO PARTAIDEA ETA SASKIAREN ESKATZAILEA:

«Errigorak lotzen ditu etxean ditugun balioak: bertakoa kontsumitu eta euskaraz bizi. Saskia erosi baino lehen, auzolanean parte hartzen dugu familia guztiak, eta oso polita da horrelako gune batean parte hartu ahal izatea, duzun adina duzularik. Haurrek ere horrelako balioak edukitzea eta gauza horiek bizitzea eta horretan sinestea oso garrantzitsua da. Ikusten duzu produktuak zeintzuk diren, zuk sartzen dituzu kutxan, eta gero produktu horiek etxean edukitzeak ematen dizuna da kontsumitzeko lasaitasun bat, badakizulako nondik datozen eta ekologikoak direla».

6.  NOLA SORTU ZUTEN ERRIGORA?

2012an erein zuten gerora Errigora izango zen fruituaren hazia. Nafarroako Erriberako bi ekoizleren produktuekin kutxa bat egin zuten, bildutako dirua Tuterako (Nafarroa) Argia ikastolari emateko. Orduko hartan, 1.600 saski saldu zituzten, eta 31.000 euro jaso zituen ikastolak. Hurrengo udaberrian, ekoizle gehiago batu ondoren jaio zen Errigora: 8.000 saski saldu, eta 112.000 euro banatu zituzten. Geroztik hazten joan da proiektua, eta horrela iritsi dira 10. urteurrenera.


 7.  AGERRALDIA

Elikagaien salmentako kanpainez harago doa gaur egun Errigoraren bidea. Hain zuzen, Ager eremuan euskararen alde aritzen diren egitasmoak indartzeko eta batzeko asmoz, Agerraldia egitasmoa sortu zuten. Hala, zona horretako eragile euskaltzaleak elkartzen dira, eta, besteak beste, jardunaldiak antolatu izan dituzte, kezkak eta esperientziak elkarri kontatzeko, eta euskara bultzatzeko proiektu edo ekintzak antolatzeko.

ERRIGORAREN 10 URTEKO UZTA

  • 130.000 saski
  • 1'8 milioi euro euskalgintzara


top