Euskara ardatz 50 udatan

Duela 50 urte sortu zituzten Euskal Udalekuak, haur eta gazteei aukera emateko udan euskara hutsean aritzeko. Urteurrena bada ere, ohi bezala antolatuko dituzte udalekuak; gaur irekiko dute izena emateko epea.

Ane Insausti Barandiaran

Urte osoa da garai aproposa lagunak egiteko, euskaraz hitz egiteko eta abentura berriak bizitzeko. Udan, ordea, normalean baino denbora gehiago izaten da horretarako, bi hilabeteko oporraldia dela eta. Horregatik dira hain dibertigarriak udalekuak, hori guztia egiteko bidea ematen dutelako. Hain zuzen, aukera hori zabaltzeko sortu ziren Euskal Udalekuak duela 50 urte, Naroa Iturbe hezitzailearen arabera: «1960ko hamarkadan, ikastolen mugimenduan ikusi zuten euskara hutsezko udalekuak antolatu behar zirela, eta orduan sortu zuten udaleku terminoa». Barrian (Araba) egin zuten lehendabizikoa, 1965ean, Gipuzkoako ikastolen arduradunen eta irakasle batzuen borondatez.

Lehen esperientziaren ondoren, 1965 eta 1975 urteen artean sortu zituzten Euskal Udalekuak, Abaigarren (Nafarroa) eta Bernedon (Araba). Bost urte geroago, Goñi (Nafarroa) batu zitzaien proiektura, egonaldia egin baitzuten bertan lehenbizikoz. Ordutik, hiru herri horietan antolatu dituzte udalekuak urtez urte, hezitzaile, sukaldari eta guraso euskaltzaleen lanari eta babesari esker, besteak beste.


Ez zituzten ausaz aukeratu hiru herri horiek. Izan ere, ez dira eremu oso euskaldunak, eta horregatik, udalekuak egiten diren asteetan, arnasgune bihurtzen dira hiru herriak, eta erabat aldatzen da bertako hizkuntza paisaia. «Uda osoan gazte euskaldunak edukitzeak bizipoza ematen dio herriari, eta bertako biztanle asko ere poztu egiten dira gu euskaraz entzuteaz. Ez hori bakarrik, herrian ekintza asko egiten ditugu, eta horrek bizirik mantentzen du herria», azaldu du Iturbek.

Zerk bereizten ditu, ordea, Euskal Udalekuak? Hezitzailearen ustez, «proiektu autogestionatu bat da, eta euskara da udalekuen oinarria». Auzolana, euskara, autogestioa eta feminismoa dituzte ardatz, besteak beste, eta balio horiek zabaltzeko lan egiten dute hamaika boluntariok.Alabaina, proiektua ez da udan bakarrik martxan izaten; urte osoan aritzen dira Euskal Udalekuen bueltan lanean. Izan ere, urte osoko lana ezinbestekoa da udalekuak antolatzeko, berritzeko eta aurrera eraman ahal izateko: «Gure helburua, batez ere, gazteei udan euskaraz bizitzeko aukera ematea da. Euskal Herriko hainbat txokotako jendea ezagutzen dute, eta harreman estuak sortzen dira; ederra da hori».

Balioekin lotutako gaiak

Egunero dago zer egina Euskal Udalekuetan, eguzkia irteten denero gai bati heltzen baitiote: izan liteke euskara, mitologia, jaiak, identitate eguna... «Euskal kulturan garrantzitsuak diren egunak ekartzen ditugu gurera. Identitatearen egunean, adibidez, euskaldun izateaz eta euskaldun sentitzeaz aritzen gara, baita norberaren identitateaz ere», adierazi du udalekuko antolatzaileak.


Urtero, 70 eta 100 haur artean izaten dira udalekuetan. Aurten ere txanda ugari antolatu dituzte, iraupen desberdinetakoak: batzuk astebetekoak dira, beste batzuek bederatzi eguneko iraupena dute, eta haur nagusiagoek aukera izango dute udalekuez bi astez gozatzeko. Ekainaren 31n hasiko da lehenbiziko txanda, eta abuztuaren 8an bukatuko da azken udalekua.

Ospatzeko urtea dute aurtengoa, hortaz. Abaigarren urriaren 12an ospatu zuten urteurrena, eta ekainaren 14an ospatuko dute Bernedon. «Gustatuko litzaiguke 50 urteotan parte hartu duten begiraleak eta sukaldariak etortzea». Bitartean, gaur zabaldu dute aurtengo txandetan izena emateko epea, Udalekuak.eus webgunean, eta apirilaren 15ean argitaratuko dute onartuen zerrenda. 50 urte egin dituzte, eta beste hainbeste egitea dute helburu, urteroko leloarekin: Uda bete abentura, euskaraz, zure eskura.


top