Estitxu, 'Beskoitzeko urretxindorra'

1. NOR ZEN ESTITXU?

Beskoitzen (Lapurdi) jaio zen abeslari ezaguna izan zen Estibaliz Robles Arangiz Estitxu, Euskal Herriko emakumezko abeslari aitzindarietako bat. 23 urterekin hasi zen kantari, eta plazaz plaza aritzen zen. Hainbat urtez gaixotasun baten ondorioz oholtzatik aldenduta egon ondoren, 1993ko otsailean kontzertu bat eman zuen Irungo Amaia antzokian: «Laster artio, Euskal Herria!» esanez amaitu zuen kontzertua. Hiru aste geroago hil zen, Basurtuko ospitalean (Bizkaia), minbiziaren ondorioz. Ostiralean beteko dira 30 urte hil zenetik.

2. NOREN SENIDEA ZEN?

11 senideren artean gazteena zen Estitxu. Aita, Manu Robles Arangiz, ELA sindikatuaren sortzailea izan zen. Estitxuren lau anaiak, berriz, Soroak talde ezaguna eratu zuten, Txabi Villaberderekin batera. Taldeak Euskal Kantagintza Berriaren hasiera ekarri zuen. Estitxuren familiak ihes egin behar izan zuen frankismoagatik, eta, beraz, Bilbo eta Lapurdi artean hara eta hona ibili ziren robles-arangiztarrak.

3. ZER ABESTEN ZUEN?

Bakarlari moduan abesten zuen Estitxuk, gitarra hartuta. Euskarazko lanak abesten zituen, eta baita kanpokoak ere, erdaraz zein euskaratuta. 1969an, Mexikora eta Venezuelara joan zen kantatzera, euskal etxeek gonbidatuta. Hilabete baino gehiago egon zen han, eta oihartzun handia izan zuen hango komunikabideetan. Frantziako telebista saio ezagunetan ere aritu zen, euskaraz abesten.

4. NOLA ABESTEN ZUEN?

Beskoitzeko urretxindorra deitzen zioten, txori batek bezala kantatzen zuelako: ahots garbiarekin eta tinbre onarekin. Garaiko kantariek lirikotasuna nabarmentzen dute haren ahotsa definitzeko orduan,  aise abesten baitzuen eskalaren goialdean, «aingeru batek bezala». Indarrik egin gabe abesten zuela zirudien.

5. ZER ZEN EUSKAL KANTAGINTZA BERRIA?

Euskal musikan zegoen hutsune bat betetzeko asmoz sortu zen Euskal Kantagintza Berria mugimendua, tradizioak apurtu eta molde berriak eraikitzeko. Munduan barrena ezagun egiten ari ziren musika estiloetatik edan, eta euskarazko abesti berriak egiten hasi ziren, jendea berrikuntza gogoz zegoelako musikan, bai moldeetan eta bai letretan. Bestek beste, gitarra erabiltzen zuten.

6. ZERGATIK ZENTSURATU ZUTEN?

Euskararen aldeko militantea izan zen Estitxu. Euskaraz abesten zuten beste hainbat abeslariren gisan, zentsura pairatu zuen behin baino gehiagotan. Arriskua sentituta, bere burua mugatzera iritsi zen. Bilbon, gorren elkarte baten aldeko kontzertuan parte hartzea debekatu zioten behin, eta Espainiako TVE telebistarako grabatu zuen saio bat moztu egin zuten, eta ez zuten inoiz eman.

7. GARAIKO BESTE EMAKUME MUSIKARI BATZUK

Gaur egun, emakume musikari asko daude, baina, esparru publikoan, gizonak izan dira nagusi historikoki. Gaur egungoak hor egoteko, ezinbestekoak izan dira bide urratzaile batzuk, Estitxu tartean, erreferente izan baitira gainerako emakumeentzat.

Lourdes Iriondo. Donostiarra zen jaiotzez, baina Urnietan (Gipuzkoa) bizi izan zen umetatik. Euskal kantari eta idazlea izan zen, euskal kantagintzaren erreferente nagusietako bat. Gaztetatik izan zen musikazalea, eta Ez Dok Amairu talde ezaguneko partaide izan zen. Musika baliatzen zuen gizarteko gatazkak eta ideiak herriari zabaltzeko.

Maite Idirin. Ugaon (Bizkaia) jaio zen; 1968. urtean hasi zen, gitarrarekin batera, euskaraz kantari. Atahualpa Yupanqui kantari argentinarraren kontzertu bat ikusi zuen Bilbon, eta txundituta geratu zen. Horren ondorioz hasi zen gitarra jotzen ikasten, eta musikan eta kantuan murgildu. Herrikoi taldean aritu zen, baina zentsura zela eta, ihes egin behar izan zuen 1969an: lehenik Baionara, eta handik Parisera. Itzultzean, musika ikasketak egin zituen, eta Euskal Kamerata taldean hasi zen, euskal abesti klasikoak lantzen.

Amaia Zubiria. Euskal abeslaria da Zubiria, Donostian jaioa. Euskal Kantagintza Berria mugimenduko beste ahots ezagunenetako bat da. Haizea taldeko abeslaria izan zen, eta 30 urte baino gehiagoko ibilbidea egin du abeslari gisa. Besteak beste, maitasunari, galerari, malenkoniari eta herriminari buruz abesten du. Diskoak ez ezik, zinemarako musika ere sortu izan du. 2021. urtean, Adarra saria jaso zuen: Donostiako Udalak ematen du garaikur hori, euskal musikarien ibilbidea omentzeko.

top