Espazioa esploratzen

1. ZER DIRA ESPAZIOKO MISIOAK?

Azken asteetan, Juice eta Artemis misioei buruzko hainbat berri argitaratu dituzte komunikabideek. Espaziora bidaiatu edo bidaiatuko duten misioak dira biak ala biak, eta bertako zenbait elementu ikertzea dute helburu, ikuspegi zientifikotik.

2. ZER DA ILARGIA?

Lurraren bueltan biraka dabilen satelitea da Ilargia, eta Lurreko satelite natural bakarra. Ez dauka argi propiorik, baina eguzkiaren argiaren isla dela-eta ikusten da. Beti sortu izan du jakin-mina eta lilura gizakiarengan, eta, horregatik, teleskopioak asmatu orduko ikertu izan da haren gainazala. Eguzki sistemako satelite handienen artean bosgarrena da.

3. NOIZ IRITSI ZEN GIZAKIA ILARGIRA?

Gerra Hotzean, Ilargiaren esplorazioa helburu politiko bihurtu zen AEB eta SESBrentzat, nor baino nor gehiago izan nahian. Sobietar Batasunak lehen urratsak egin bazituen ere, azkenean 1969. urtean heldu zen gizakia estreinakoz Ilargira, NASAren Apolo 11 misioan. Neil Armstrong astronauta estatubatuarra izan zen Lurraren satelitera iritsi zen lehen pertsona. Ā«Urrats txikia da gizon batentzat, baina urrats handia gizateriarentzatĀ», esan zuen Armstrongek.

4. ARTEMIS MISIOA

Apiril hasieran jakinarazi zuen NASAk, AEBetako espazio agentziak, Artemis misioaren barruan Ilargira bidaiatuko duten lau astronautak nortzuk izango diren: Christina Koch izango da lehen emakumea, eta lehen beltza, Victor Glover. Reid Wiseman eta Jeremy Hansen ere tripulazioko parte izango dira. 2024ko azaroan egin nahi dute bidaia, eta, lehen aldiz, egonaldi luze bat egitea dute helburu, hamar egunekoa. Dena den, ez dute bertan lur hartuko, ez dute oina jarriko Ilargian. Asmoa da bidaia horretan ikasitakoa erabiltzea Martera lehenengo astronautak bidaltzeko.

5. NOR GEHIAGO ARI DA ILARGIA AZTERTZEKO LANEAN?

Artemis misioa dela-eta AEBetako espazio agentziari buruzko berriak zabaltzen ari diren arren, zenbait herrialde ari dira Ilargiaren bueltan lanean, eta askok estazio finko bat ezarri nahi dute bertan. Hortaz, gaur egun ere badago nolabaiteko borroka bat. Txina, adibidez, Ilargiaren ezkutuko aldean lanean ari da. Han lur hartu duen munduko lehen herrialdea izan da, eta, besteak beste, lortu du Lurrera hango lagin batzuk ekartzea. AEBek eta Errusiak ere ekarri izan dituzte laginak, baina badira 40 urte baino gehiago ez dutela halakorik egin.


6. NOR ZEN LAIKA?

Ilargira iritsi zen lehen txakurra izan zen Laika. Sputnik 2 espaziontzi sobietarrean egin zuen, 1957ko azaroaren 3an. Bidaian bertan hil zen txakurra, jaurti eta ordu batzuetara, gehiegi berotzearen ondorioz. Esperimentuak frogatu zuen posible dela bizirik dagoen bidaiari bat orbitan jarri eta bizirik ateratzea, mikrograbitatea jasan arren. Beraz, gizakia Ilargira bidaltzeko urrats garrantzitsua izan zen. Laikaren ondoren, Sobietar Batasunak beste hamabi txakur bidali zituen espaziora, eta horietatik bost bizirik lurreratu ziren.

7. ZER ARROPA BEHAR DA ESPAZIORA JOATEKO?

Espazioan, astronautek jantzi berezi bat janzten dute babesteko: muturreko tenperaturak, oxigeno faltak eta eguzki izpiak oso kaltegarriak izan baitaitezke. Horrez gain, ura ere izaten dute jantzian, espazioan ibili bitartean edan ahal izateko. Gainera, jantziari esker, ez dute minik hartzen espazioko hautsarekin.

ZER DIRA ILARGIAREN ALDIAK?

Lau aldi edo fase ditu Ilargiak, eta bakoitzean itxura jakin bat hartzen du: ilbetea, ilgora, ilbehera eta ilberria. Kokapenaren arabera, Eguzkiak argitutako zati bat ikusten da Lurretik. Ilbetean osorik ikusten da, Eguzkiak ez diolako Ilargiari itzalik egiten; ilbeheran geroz eta txikiago ikusten da; ilgoran geroz eta handiago ikusten da; eta ilberrian, aldiz, ez da Ilargia ikusten argiztatuta. 29 egunean osatzen du Ilargiak ziklo osoa.

BA AL DAKIZU?

Ilargiaren grabitazioaren eraginez, itsasoko mareak sortzen dira: egunean bitan gora egiten duteĀ  eta egunean bitan behera.

384.400 kilometro

Ilargiaren eta Lurraren artean dagoen distantzia.

81 aldiz handiago

Lurra Ilargia baino 81 aldiz handiagoa da.

top