Eskiatzeko sasoia

1.  ZER DA?

Eskia mendian egiten den kirola da, bi oholen bidez elurretan irristatuz. Lehiaketan zein aisialdian egin daiteke. Oso kirol zaharra da, eta, ohi bezala, sorreraren inguruan hainbat teoria daude: batzuek diote K.a. 8.000. urtean sortu zela, Altain, Siberian; beste batzuek esaten dute K.a. 6.000. urtean sortu zutela, Visen (Errusia); beste zenbaitek, berriz, Eskandinavian sortu zela diote, K.a. 3200. urte inguruan.

2. ZER MODALITATE DAUDE?

Alpinoa. Izenak dioen bezala, Alpeetan jaio zen eski modalitate hau. Balizekin markatutako bide aldapatsu bat eskiatuz jaistean datza, ahalik eta denbora laburrenean.

Iraupenekoa. Eski nordikoa ere deitzen zaio. Leku lauetan egiten da, eta distantzia luzeak eskiatzen dira. Lehiaketa izanez gero, ahalik eta denborarik laburrenean egin behar da distantzia jakin hori.

Zeharkaldia (trabesia). Eskien gainean alpinismoa egitea da zeharkaldia; hau da, mendia eskiak erabiliz gurutzatzea. Hainbat helburu izan daitezke: aldapak igotzea gero horiek jaisteko, ibilbide jakin bat amaitzea, edo txango bat egitea, besterik gabe.

Snowboarda. Bi eskiren gainean eskiatu beharrean, hankak ohol baten gainean izanda aritzen dira snowboardean. Hainbat salto ere egiten dituzte. 2015. urtean gehitu zuten Neguko Olinpiar Jokoetara.

Estilo libreko eskia. Saltoak, akrobaziak eta itzulipurdiak egiten dituzte estilo librean aritzen diren eskiatzaileek.

3. ZER MATERIAL BEHAR DA?

Eskiez gain, beste hainbat material ere beharrezkoak dira segurtasunez aritzeko: busti daitezkeen praka eta txamarrak, elurretan aritzea ahalbidetzen dutenak; kaskoa, kolperik hartuz gero burua babesteko; botak, eskietara kateatzeko, eta makilak, abiada hartzeko; eskularruak, berriz, eskuak hotzetik babesteko; eguraldiaren arabera, betaurrekoak ere ezinbestekoak dira, elurra begietan ez sartzeko.

BA AL DAKIZU?

Eski izena hizkuntza nordikotik dator, Norvegian hitz egiten zen hizkuntzatik. Skíö hitzak egurrezko zatia esan nahi du.


4. NON ESKIATU DAITEKE EUSKAL HERRIAN?

Abodiko eski estazioa. Otsagabiko (Nafarroa) Abodiko eski estazioari basoen basoa deitzen diote, Iratiko basotik gertu dagoelako. Iraupen eskirako estazio egokia da, eta erraketekin ere aritzen da jendea. 25 kilometro balizatu baino gehiago daude, hainbat zirkuitutan banatuta. Pistak hiru eremutan daude: Zamukadoian, Osabako Gurutzean eta Cerrillarren. Horrez gain, elur ona dagoenetan, Abokiko mendian barrena ere egin daiteke eskia, Koixtako bidean.

Larra Belagua. Eski nordikoa, erraketak, mendi ibiliak eta eskalada egiteko aukera ematen du Erronkariko bailaran dagoen (Nafarroa) Larra Belaguako eski estazioak. Iraupen eskian aritzeko ekipo osoa alokatu daiteke bertan, baita lerak, erraketak eta desgaitasunen bat dutenentzako aulkiak ere. Ferial aterpe ezagunean taberna eta jatetxea ere badaude, kirola egin ondoren atseden hartzeko.

Iratiko eski estazioa. 1.300 metroko garaieran dago Iratiko eski estazioa, Zuberoan. 28 kilometro ditu ipar eskian aritzeko, eta lau pistatan daude banatuta. Horrez gain, hamalau kilometroko bidea dago prestatuta erraketa gainean ibiltzeko.

Izarbeko eski estazioa. Landa eta Urdatx herrien artean dago Izarbeko eski estazioa, Zuberoan. Sei pista ditu, guztira 31 kilometroan batera eta bestera aritzeko. Iraupen eskiaz aritzeaz gain, erraketekin ere ibil daiteke bertan.

EUSKAL HERRIKO ESKIATZAILE BATZUK

Nahia Quincoces. Mendiko eskian aritzen da. Zilarrezko domina irabazi du bakarka, Espainiako Txapelketan.

Igone Campos. Mendiko eskian aritzen da. Brontzezko domina irabazi berri du bakarkako Espainiako Kopan.

Imanol Rojo. Iraupen eskia egiten du Imanol Rojok. Hiru aldiz egon da Olinpiar Jokoetan, eta iaz, Pekingo Olinpiar Jokoetan, 21. postua lortu zuen.

Manex Salsamendi. Iraupen eskian aritzen da. Ama brasildarra daukanez, Brasilgo selekzioarekin lehiatu zen iazko Pekingo Olinpiar Jokoetan. 58. postuan amaitu zuen.

Adur Etxezarreta. Eski alpinoan aritzen da. Lehen Olinpiar Jokoak izan zituen Pekingoak, eta 17. postuan amaitu zuen jaitsiera modalitatean.

BA AL DAKIZU?

Mendiko eskia egiten dutenek hainbat objektu eraman behar izaten dituzte, elur jausiren bat gertatuz gero hortik ateratzeko: ARVA deitzen den gailu bat, elurpean dagoen laguna non dagoen jakiteko seinalea bidaltzen duena; zunda deitzen den makila bat, pertsona horren gorputza aurkitzen laguntzeko, eta pala, behin non dagoen identifikatuta elurra gainetik kentzeko.

top