Elkartasun uholdea

Euri jasa handien ondorioz ibaiek eta errekek gainezka egitean sortzen dira uholdeak. Urak hartzen ditu lur eremuak, eta kalte pertsonal zein material handiak eragin ditzake.

1. ZER GERTATU ZEN 1983-KO MAIATZEAN?

Egun iluna izan zen 1983ko abuztuaren 26a Euskal Herrian. Gogotik egin zuen euria, eta urak hartu zituen hainbat herri eta hiri, kalte handiak sortzeraino. Euskal Herrian inoiz izandako hondamendi naturalik larrienetarikoa izan zen. Lekukoek egunari buruz hitz egitean kontatzen dutenez, «ez zen ezer entzuten, soilik uraren hotsa». Hain justu, duela astebete bete ziren 40 urte hondamendi hartatik.

2. ZER KALTE ERAGIN ZITUZTEN UHOLDEEK?

40 pertsona inguru hil ziren guztira uholdeetan, eta beste hainbat desagertu ziren, urak eramanda. Egoera baretzean eta ura bere lekura itzultzean ohartu ziren herritarrak aurrerantzean zuten lanaz: ura eta janaria falta izan ziren hurrengo egunetan, eta lantoki eta etxe asko suntsituta geratu ziren. Usteltzen ari zen materia organiko guztia ere kendu behar zen, eta milaka lagun geratu ziren lanik gabe. Hortaz, denbora behar izan zuten normaltasunera itzultzeko.

ABUZTUAREN 25-A

Euriteak Gipuzkoan, Nafarroa iparraldean eta Ipar Euskal Herrian izan ziren lehenik. Abuztuaren 25eko gauean hasi zuen euria, ostegun gauean, eta 150 litro inguru bota zituen metro koadroko. Gipuzkoan, gainezka egin zuten ibaiek, eta kalte materialak izan ziren zenbait lekutan. Bakartuta geratu zen herrialdea, ezin komunikaturik. Dena den, ez zen hildakorik izan.

ABUZTUAREN 26-A

Hurrengo egunean, Arabara eta Bizkaira iritsi zen frontea, eta orduan sortu ziren ondorio larrienak. Ibaizabal eta Nerbioi ibaiek gainezka egin zuten, 24 orduan pilatutako ura hartu ezinda. Izan ere, 503 litro bota zituen metro koadroko. Hortaz, Nerbioi ibaiak gainezka egin zuen Laudiotik (Araba) Santurtzi eta Getxoraino (Bizkaia). Bilboko Zazpikaleetan eta Basaurin (Bizkaia), adibidez, hiru metroko altuera gainditu zuen urak.


3. ZER TESTUINGURU ZEGOEN EUSKAL HERRIAN?

Garai mugitua zen 1980ko hamarkada, eta belaunaldi gazteak antolatzen hasiak ziren hamaika eragile eta mugimendutan: jendea aldaketarako egarriz zen. Horren adibide izan zen Bilboko Aste Nagusia: sortu berria zen jai eredu berri baten aldeko aldarria. Hain zuzen, Aste Nagusian gertatu ziren uholdeak, eta milaka pertsona mobilizatzea lortu zuten konpartsen bidez, ordurako jende asko biltzen baitzuten.

4. NOLA ERANTZUN ZUEN JENDEAK?

Herritarrek elkartasun uholdearekin erantzun zieten sortutako txikizioei. Bilbon, adibidez, janari poltsak banatu zituzten urak etxea eta lantokia suntsitu zien horiei laguntzeko. Uraren arrastoak kaletik ateratzeko lan egin zuten, nekaezin. Gau eta egun aritu ziren, egunerokora ahal bezain pronto itzultzeko. Lohia garbitzeko, hautsitako objektuak bota edo konpontzeko... lan ugari egin zuten.

5. HONDAMENDI NATURALAK ETA KLIMA LARRIALDIA

Uholdeak hondamendi natural mota bat dira, urakanak, bero sapak, lurrikarak edo tsunamiak bezalaxe. Muturreko fenomeno meteorologikoak dira, azken finean, eta arriskutsuak dira pertsonentzat eta gainerako izaki bizidunentzat. Zientzialarien arabera, klima larrialdiaren eraginez eta berotze globalaren eraginez areagotu egiten da horiek gertatzeko arriskua. Gizakiak naturan eskua sartzen duenean ere areagotzen dira hondamendiak: gizakiak urari hartutako edo kendutako eremuetan izaten dira uholdeak sarri.

BA AL DAKIZU?

Elkarlan uholdea dokumentala egin zuten Bilboko konpartsek. Youtuben dago ikusgai.


top