Elikadura osasuntsua, tokikoa eta garaian garaikoa

Osasuntsu jatearen garrantziari buruzkoa da Eidabe antzerki taldearen azken antzezlana: Eneko eta Ixabel, bertako elikagaien bila. Tokiko produktuak eta garaian garaikoak jatearen onurez mintzo da. Bilboko Terminalen emanaldi berezi bat egingo dute hurrengo igandean.

Non ekoitzi dituzte gaur bazkaldutako babarrunak? Noiz jasotzen dute nekazariek sagarren edo piperren uzta? Horrelako galderen erantzunak bilatuko dituzte Eneko eta Ixabel protagonistek, Eidabe antzerki taldearen ikuskizun berrian: Eneko eta Ixabel, bertako elikagaien bila du izena. Helburua argia da, Birjinia Lara taldeko komunikazio arduradunaren arabera: «Umeek jakin behar dute zer garrantzitsua den osasuntsu jatea, eta zer onura dakartzan bertakoa eta garaikoa jateak».

Ikuskizuna sortu aurretik, gaia hainbat formatutan landu dute. Hazi fundaziokoen enkargua izan zen abiapuntua: «Eskatu ziguten abesti batzuk egiteko, umeentzat, osasuna zaintzeari eta elikagaien jatorriaren berri izateari buruz». Mikel Inun musikariarekin jarri ziren orduan harremanetan, abestiak sor zitzan. Inunek bi abesti sortu zituen: Egin dezagun dantzan eta Nirea; Eneko Amezketak, berriz, koreografiak egin zituen. «Asmoa zen, batez ere, abestiak eskoletara eramatea, ume txikiengana, eta abestiekin koreografiak ikastea», azaldu du Larak.

Bideoklipak grabatu nahi zituzten horretarako, baina pandemia garaia zen, eta itxialdia amaituta bazegoen ere, ezin ziren herritik atera. Azkenean, Errigoitin (Bizkaia) elkartu ziren, eta han egin zituzten grabaketak: «Inunekin, hainbat haurrekin, aktoreekin, dantzariekin... elkartu ginen, eta oso bideoklip politak atera ziren». Dena den, ezin izan zuten aurkezpen ekitaldirik antolatu, eta bere horretan geratu zen kontua.

FITXA

  • Testua: Itxaso Paya.
  • Zuzendaritza: Ugaitz Alegria.
  • Aktoreak: Leire Sanjurjo, Eneko Amezketa.
  • Musika: Mikel Inun.
  • Estudioko grabaketak: Xabi Urrutikoetxea. Kantauri soinuak.
  • Jantziak eta ekoizpena: Eidabe.
  • Diseinua: Bikain Diseinu Grafikoa.

Beste mugarri bat ere egon zen bideoklipen eta antzerkiaren artean: komikia. Eusko Label zigilua duten produktuen bederatzi ekoizlek Bikainak elkartea osatzen dute, eta, gai beraren bueltan, komiki bat sortu zuten: Eneko eta Ixabel, goi mailako lurraldean izenekoa. Haiek ere Eidabekoengana jo zuten, haurrentzat komikiaren aurkezpen antzeztu bat egiteko. Komikiko Kapi eta Eneko pertsonaien rolean sartuta egin zuten aktoreek aurkezpena. Hortik atera zen azken emanaldia sortzeko hazia: «Pentsatu genuen merezi zuela obra bat egitea komikian oinarrituta».

Enekok eta Ixabelek egin beharreko etxeko lana da antzerkiaren muina. Produktu osasuntsuei buruzko informazioa bildu eta lan bat egiteko eskatu diete eskolan, eta lana nola bideratu pentsatzen ari direla topo egiten dute hirugarren protagonistarekin, Kapi txotxongiloarekin. «Kapik pistak emango dizkie lan hori osatu ahal izateko, eta lan hori egingo dute azkenean», esan du Larak.

Lan horretatik abiatuta, ordea, antzezlanean haurrek ondo pasatzeko, musika eta dantza ere txertatu dituzte: «Abestiak eginak zeudenez,  pentsatu genuen horiek ere agertu behar zutela antzezlanean. Beraz, abesti biak erabiltzen ditugu, eta keinu bat egiten zaie umeei, dantza apur bat egiteko antzezleekin batera». Haurrek eserita ikusi ohi dute emanaldia, baina eskuekin mugimendu batzuk egitera bultzatzen dituzte, antzezlanaren parte senti daitezen.

Emanaldia 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzat egina dago, nahiz eta urte pare bat gazteagoek edo nagusiagoek ere gustuko izan dezaketen. «Musika dagoenez eta arina denez, berehala pasatzen da, eta gozatu egiten dute», adierazi du Larak. Udazkenean estreinatu zuten arren, hurrengo igandean, martxoaren 26an, saio berezi bat egingo dute Bilboko Zorrotzaurreko Terminalen, 12:00etan. Gaiaren bueltan sortutako eduki guztiak erakutsiko dituzte: abestiak, bideoklipak, komikia eta antzezlana.

Bertaratzeko, ezinbestekoa da [email protected] helbidean izena ematea, luntxa ere antolatu baitute. Hortik aurrera, Euskal Herriko hainbat herritan erakutsi nahi dute ereindako haziaren fruitua. Bideoklipak ere Eidaberen webgunean egongo dira ikusgai: www.eidabe.com-en.

HURRENGO EMANALDIAK

  • Martxoren 18an, 18:00etan: Tomasenean, Donostian.
  • Martxoaren 26an, 12:00etan: La Terminalen, Bilbon.
  • Ekainaren 12an: Igorren (Bizkaia)
  • Ekainaren 15ean: Andra Mari ikastetxean, Getxo (Bizkaia).

top