Eklipseak: astroak ezkutaketan

Eklipse aro moduko batean sartu da Euskal Herria: martxoaren 14an Ilargi eklipse partziala ikusteko aukera izan zen. Martxoaren 29an, berriz, Eguzki eklipse partziala ikusiko da. Eta, irailean, beste Ilargi eklipse bat ikusteko aukera izango da. Baina astronomoek, batik bat, egun hau dute markatua agendan: 2026ko abuztuaren 12a. Izan ere, Eguzki eklipse oso bat ikusteko aukera izango da orduan. «Bizitza osoa daramat egun horren zain. Ematen zuen ez zela inoiz iritsiko, eta jada gainean daukagu», esan du, barre urduri batekin, Virginia Garcia Aranzadi zientzia elkarteko astronomoak.

Ane Insausti Barandiaran

1. ZER DIRA EKLIPSEAK?

Astro batek beste bat ezkutatzen duenean, eklipseak gertatzen dira. Hau da, eklipse bat gertatzeko, Eguzkia, Lurra eta Ilargia lerrokatu behar dira. Hala azaldu du Garciak: «Berez, kontua da Eguzkiak argia ematen diola astro bati —Ilargiari eta Lurrari— eta astro horrek itzal bat proiektatzen duela. Orduan, beste astroak lehenengo horren itzala zeharkatzen duenean eklipse bat gertatzen dela esaten dugu».

2. ZER EKLIPSE MOTA DAUDE?

EGUZKI EKLIPSEAK

- Eguzki eklipse osoa: Eguzkia erabat estaltzen denean gertatzen da.

- Eguzki eklipse partziala: Eguzkiaren parte bat estaltzen denean gertatzen da. Martxoaren 29koa mota honetakoa izango da.

- Eguzki eklipse anularra: Ilargia batzuetan Lurretik gertuago egoten da, eta, besteetan, urrunago. Urrutien dagoenean apogeoan dagoela esaten da, eta, eklipsea orduan gertatzen bada, Ilargiak ez du Eguzkiaren disko osoa estaliko. Hori dela eta, eraztun bat ikusten da Ilargiaren inguruan. Hori da Eguzki eklipse anularra.

ILARGI EKLIPSEAK

- Ilargi eklipse osoa: Ilargia erabat estaltzen denean gertatzen da.

- Ilargi eklipse partziala: Ilargiaren parte bat estaltzen denean gertatzen da.

- Ilargiaren penunbra eklipsea: Ilargiak itzalaren eremu bat zeharkatzen du, hain iluna ez dena. Orduan, Ilargiaren argitasuna pixka bat apaltzen da, baina ia ez da ezer nabaritzen. Eklipse horiek ez dira oso ikusgarriak.

3. ARRISKUTSUA DA BEGIRATZEA?

Ilargi eklipse batek ez du inongo arriskurik; Eguzkiarekin, ordea, kontuz ibili beharra dago. Eguzkiari begiratzea oro har arriskutsua da, ikusmenari kalte egin, eta hura gal daitekeelako. Eguzki eklipseetan are arriskutsuagoa da, denbora luzez begiratzen zaiolako. «Eklipse bat behatzeko, beti Eguzkia proiektatzeko zerbait behar da, edo, bestela, filtro bereziren bat erabili: eklipseetako betaurrekoak, adibidez. Hori bai, beti egiaztatu behar da filtro horiek egokiak direla eta homologatuta daudela. Joan den apirilean, esaterako, Eguzki eklipse bat izan zen Ipar Amerikan. Jendeari ohartarazi zitzaion ezin zela zuzenean begiratu, edo ez erosteko edozein betaurreko, baina larrialdietara joan behar izan zuten askok», kontatu du astronomoak. Halere, eklipsea ikustera animatu du, betiere neurri egokiak hartuta.


4. ZERGATIK EKLIPSE AROA ORAIN?

Astroen posizioaren arabera, Lurreko zenbait eremutan beste batzuetan baino maizago ikusi izan dira eklipseak orain arte. Esaterako, Ipar Amerikan eta Hego Amerikan ikusi ahal izan dira eklipseak oraintsu arte, baina, astroen kokapena dela eta, Euskal Herritik ere ikusteko aukera izango da datozen hilabeteetan.

5. EGURALDIAK BA AL DU ERAGINIK?

Eguraldiak eragin zuzena izan ohi du eklipseak ikusteko garaian: lainotuta baldin badago, adibidez, ezin da ezer ere ikusi. Txantxetan esan du Garciak: «Astronomia baino gehiago, Euskal Herrian meteorologia egiten dugu: beti eguraldiari begira gaude». Dena den, kasu batzuetan ez du hainbeste eragiten: Eguzki eklipse osoaren kasuan, adibidez: «Azkenean, Ilargiak Eguzki osoa estaliko du. Nahiz eta lainotuta egon, zeruko argitasuna nabarmen apalduko da, ilundu egingo du, eta nabarituko da».

VIRGINIA GARCIA. Aranzadi zientzia elkarteko astronomoa.

Txikitan esaten zidaten Ilargian nengoela, eta hor nonbait jarraitzen dudala ematen du. Baina errua aitonari botatzen diot beti. Arrantzako patroia zen, eta bere garaian barkuan ez zeukan GPSrik; beraz, izarrei begira orientatzen zen. Txikitatik erakutsi zidan zerua. Garai batean nirekin egiten zuena besteekin egiten dut nik gaur egun».


6. ZER DA ASTRONOMIA?

Astronomia zera da, unibertsoa ikertzen duen zientzia. Garciak, ordea, beste definizio bat erabiltzen du: «Nik beti esaldi bera erabiltzen dut, Carl Sagan astronomoak esan zuen esaldi bat: ‘Sagar tarta bat egiteko, lehenengo unibertso bat sortu behar da’. Azkenean, ezagutzen dugun guztia, eta ezagutzen ez duguna, unibertsoaren barruan dago. Astronomiak unibertsoa ikertzen du, eta esan dezakegu dena dela astronomia».

7. ZER EGINGO DUTE TAILERREAN?

Gaur, 16:30ean, eklipseei buruzko tailer bat gidatuko du Garciak, BERRIAlagunentzat. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen azken liburuko Birtxi farozaina pertsonaiaz jantziko da, eta pertsonak astronomiaren parte direla ulertaraztea izango da haren helburua: «Sentitu behar dugu planeta baten parte garela, eta ulertu behar dugu zeruan gertatuko den hori, Lurraren ikuspuntutik: kontatuko dugu Lurra mugitzen dela Eguzkiaren inguruan, Ilargia lurraren inguruan mugitzen dela, Ilargiaren faseak, eta horrekin batera eklipseetan zentratuko gara». Gainera, eklipseak ikusteko betaurreko homologatuak jasoko dituzte parte hartzaileek, oparitan.

top