Eider Perez 'Adeletx': «Batzuentzat usain ona dena besteentzat ez da ona izaten»

Kiratsa liburua idatzi du Eider Adeletx idazleak.

Zein da istorioaren abiapuntua?

Iban Illarramendik eta biok sortu genuen Pantxi txakurra. Egun batean, Ñimi kukusoa joango da haren etxera. Pantxi konturatuko da usain txarra duela, Ñimik esan diolako: «Kiratsa darizu!». Ñimiri gustatzen zaio usain hori. Izan ere, batzuentzat usain ona dena besteentzat ez da ona izaten. Pantxi konturatuko da usain txarra duela, baina berak ez duela usaintzen.

Eta usainen bila abiatuko dira.

Ñimik bere lagunak aurkeztuko dizkio Pantxiri, eta lagun bakoitzak usain bat proposatuko die. Orduan, bukaeran ikusiko da bien arteko laguntasuna eta istorioaren amaiera, zer gertatzen den arkakusoarekin eta txakurrarekin. Pantxi erabakiz doa zer usain gustatzen zaion gehiago edo gutxiago. Baina, printzipioz, usainak ezagutzen ez dituen txakur bat da, ez duelako usaintzen.

Norberak bere usaina daukala da mezuetako bat?

Bai, hortik doa pixka bat, eta, gaienera, planteatu nahi genuen usainak norberarentzat zerbait desberdina esan nahi duela: usainak bakoitzarentzat zer diren eta zer transmititzen diguten. Adibidez, simaur usaina batzuentzat izango da haurtzarora bueltatzea, familiaren lotura eta abar, eta beste batzuei kakaren usain txarra gogoraraziko die.

Nolakoa izan da sortze prozesua?

Iban eta biok Biko Tekara aurkeztu ginen, Galtzagorri elkarteak antolatzen duen album ilustratuak sortzeko tailerrera. Urtarrilean, astebete pasatzen da ilustratzaile eta idazle batekin, Iruñean: gu Iñigo Astiz eta Maite Mutuberriarekin egon ginen. Han ezagutu genuen elkar, ideia izan genuen, eta album ilustratua sortzea erabaki genuen. Gero, Etxepare sarira aurkeztu ginen.

Eta saria irabazi zenuten. Nola hartu zenuten berria?

Oso gustura. Gainera, Ibanek txantxetan gezurra esan zidan, ez genuela irabazi. Ni, halere, lasai nengoen, baina esan zidan: «Ezetz, irabazi dugula!», eta, orduan, ba, poz handiagoa hartu nuen.

Oso testu umoretsua da.

Umorea da usaimenarekin batera dagoen gai nagusietako bat. Ñimi kukusoa oso barregarria da, eta denbora guztian dago broma puntu bat. Hitz asko errimekin doaz, eta ahots gora irakurtzeko oso baliagarria da. Ilustrazioetan ere detaile txiki umoretsuak daude.

Zer esango zenieke haurrei irakurtzera animatzeko?

Txantxetan, beti diot, garbitzeko ongi sudurra, eta ea gai diren orri bakoitzak dituen usainak dastatzeko. Eta, bestela, esango nieke ongi pasatzeko liburu bat dela, umorea dagoela marrazkietan eta hitzetan. Baina hori: ongi garbitzeko sudurra.

LIBURUA

  • Izenburua: 'Kiratsa’.
  • Egilea: Eider Adeletx.
  • Marrazkiak: Iban Illarramendi.
  • Orrialde kopurua: 36 orrialde.
  • Adina: 3-7 urtetik gorakoentzat.
  • Argitaratzailea: Pamiela.
top