Edurne Soraluze: «Jolasa oso inportantea da haurren ikasketa prozesuan»
Ane Insausti Barandiaran
Zein da Kilimak koadernoen helburua?
Helburua da haurrek udan ondo pasatzeko koaderno batzuk izatea, euskaratik abiatuak eta euskal kulturaren transmisioan oinarrituak. LHko 6. mailara artekoentzakoak argitaratzea da asmoa, eta baita txikiagoentzakoak ere.
Horregatik jarri diozue izen hori?
Bai, kitzikatzeko. Urte guztian nahikoa lan egin dute, eta udan ondo pasatzea tokatzen da. Egia da ondo pasatzen dugun bitartean ikasi egiten dugula, eta asmoa da ondo pasatzen ari diren bitartean gogora ekartzea ikasturtean zehar landu duten hori.
Zer ariketa mota daude?
Lehen bi koadernoetan, hizkuntzarekin zerikusia duten jolasak daude, letra zopak eta hitz gurutzatuak, adibidez. Matematikari lotuta, sudokuak, kalkuluak, truko matematikoak... Baina ez hori bakarrik: memoria lantzeko, desberdintasunak topatzeko edo eskuekin egiteko jolasak ere badaude.
Misterio bati erantzuteko, erronkak gainditu beharko dituzte, ezta?
Bai, hori da. Altxorraren bila ariko balira bezala, baina sekretuak askatzen. Eta beti interesgunea, abiapuntua edo testuingurua euskal kulturaren transmisioarekin lotuta dago.
Zer gai landu dituzue?
Euskal mitologia, kantuak, hitz jokoak, zotz egiteko formulak... Esaterako, lehenengo lan koadernoan, Gure Zirkua da interesguneetako bat. Gero, Euskal Herriko leku geografikoak lantzen dira, eta Euskal Herriko hainbat musika jaialdi ere aipatzen dira. Haurrek ezagutu dezaten haien ingurua nolakoa den, eta haien inguruan dauden kultur adierazpenak ere nolakoak diren.
Liburuak eta ikus-entzunezkoak ere sartu dituzue. Zergatik?
Bai, irakurtzeko gomendioak ematen saiatu gara, eta baita pistak ematen ere, gurasoek jakin dezaten nora jo seme-alaben gustuko tituluak topatzeko. Eta QR kodeak daude, adibidez, dantza egiteko eta zotz egiteko ariketak ikus-entzunezkoetan ikusteko. Batzuk Ikaselkarreko webguneko euskarrietara bideratuta dute, eta besteak, beste eragile batzuen web orrietara.
Aspertzeko denborarik ez dute izango, beraz.
Espero dugu ezetz! [Barrez]. Eta jolasten diren bitartean ikasteko, hori ere inportantea da. Askotan ahazten zaigu jolasa zer inportantea den haurren ikasketa prozesuan. Bi gauzak egin daitezke batera.
FITXA
- Izenburua: Kilimak 1 eta Kilimak 2.
- Egilea: Ikaselkarreko LHko lantaldea.
- Marrazkiak: Gorka Aranburu eta Higinia Garai.
- Adina: 6-7 urteko eta 7-8 urteko haurrentzat.
- Bilduma: Kimu.
- Argitaletxea: Ikaselkar.
- Prezioa: 13,5 euro.