Edurne Azkarate: «Gogo handiarekin hartu nuen Irati izateko erronka»
Irati filmeko protagonista da Edurne Azkarate (Oion, Araba, 1993). Hara eta hona ibili da azken asteetan, aurrestreinaldiak eta elkarrizketak egiten, eta atzo estreinatu zuten zinemetan. Jendeak filma ikusteko gogoz dago.
Zineman egin duzun lehen lan luzea da Irati. Nolako esperientzia izan da?
Oso esperientzia ona, oro har. Egia da gogortxoa izan zela, baina gogo handiarekin hartu nuen erronka. Oso ondo pasa dut, eta lagun asko egin ditut, egia esan.
«Epiko» gisa definitu dute. Hala da?
Bai, uste dut pelikula agian euskal mitologiari buruzko eta gure kontuei buruzko epikoenetarikoa izan daitekeela; baina grabaketa bera ere nahikoa epikoa izan zen.
Nola prestatu duzu Iratiren rola?
Pertsonaiari galderak egiten hasi nintzen: zer den zoriontasuna Iratirentzat, zer justizia, familia... Iratiren izaera nolakoa den ulertzeko. Hortik ezaugarriak ateratzen dituzu, eta gero saiatzen zara ezaugarri horiek gorputzera ekartzen.
Eta nolakoa da Irati?
Irati da izaki basati bat, oihanean bizi dena, naturaren legepean. Beraz, ez dauka zer ikusi handirik gizakien arauekin. Oso ondo moldatzen da naturan, asko ezagutzen du ingurua, biziraupen gaitasun handia dauka...
Haur bat zinenetik aritzen zara antzerkian?
Umetan ez nintzen antzerkian aritu, baina egia da inguruko helduek esaten zidatela nahikoa antzerkizalea nintzela. Institutu garaian, ogibidea hautatu behar nuenean, hasi nintzen adierazten antzerkia probatu nahi nuela.
Nolako haurra zinen?
Herri bateko umea nintzen, oso kalekumea. Gurpilak zituen edozerekin moldatzen nintzen ongi: bizikleta, sancheskia... Baratze bat geneukan, eta hor ibiltzen nintzen. Uste dut Iratirekin ere zer ikusia eduki dezakeela. Beti izan naiz ume mugitua; hau ez da egin behar, baina gurasoengandik azkar ihes egin izan duena zuhaitz batera igotzeko gogoa sentitzeagatik.
Arabarrak bigarren mailako euskaldun sentitu izan zaretela esan, eta sareetan polemika piztu zen duela gutxi.
Bai, agian ez da unerik eta lekurik aproposena hau esateko, baina, laburbilduz, guk periferietan askotan hitz egiten dugu naturaltasun osoz gauza horien inguruan, hori da gure errealitatea eta egunerokotasuna. Beraz, nik neuk sorpresa hartu dut besteek sorpresa hartzeagatik.
Osasuntsu dago euskarazko film industria? Euskaraz aktore izatetik bizi daiteke?
Pentsatzen dut, perspektiba askorekin begiratuta, hobera doala. Hala ere, esango nuke oraindik asko geratzen zaigula egiteko, eta aktoreoi lan gehiago iristen zaigula kanpotik, barrutik baino. Edo gaztelaniaz, euskaraz baino gehiago, niri neuri. Eta, bai, nik amestuko nukeena da ekoizpen geroz eta gehiago egotea, euskaraz. Euskal Herrian izateaz gain, euskaraz izatea.
Zer sentitzen da zeure burua pantaila handian ikusita?
Ikusi aurretik, beldurra edo espektatiba, jakin-mina. Eta, gero, gutxinaka-gutxinaka bazoaz lasaitzen eta onartzen egindako lan hori. Oso pozik nago, eta nahiko nuke jakin ea jendeak nola hartzen duen. Behingoz, hain gure mantendu dugun eta hainbeste denbora kostatu zaigun hori ikus-entzuleei oparitzeko gogoz nago.
MOTZEAN
- Film bat? Portrait de la jeune fille en feu (Sutan dagoen neskaren erretratua), Celine Sciamak zuzendua.
- Antzerki bat? Tripak kolektiboaren Platea.
- Aktore bat? Nagore Aranburu.
- Abesti bat? Olaia Inziarteren Martzianoak.
- Plater bat? Arrautza frijitua eta patatak.