Edu Zelaieta: «Txabirekin batera idatzi dudan ipuinik txoroena da»

Zein da liburuaren abiapuntua?

Abiapuntua da hiritarrek –istorioa hiri batean gertatzen delako, eta ez herri batean– arazo larri-larri bat daukatenez, erabakitzen dutela alkatearengana joatea, oso jakintsua delako.

Alkatea jakintsua da, baina haren konponbide kaxkarrek arazoak bata bestearen atzetik ekarriko dituzte, ezta?

Sekuentziak daude, hiritarrek badute arazo bat, alkateak ematen du erantzuna, baina kontua geroz eta gehiago korapilatuko da. Horretan datza ipuin honen grazia eta freskura. Hau izango da
Txabirekin batera idatzitako ipuinik txoroena.

Alkatearen erabakiak ez dira egokienak, baina herritarrek ere ez dute behatz bat mugitu nahi...

Txoroa dela aipatu dut, baina ez funtsik gabea, inondik ere. Iruditzen zait hainbat irakurketa posible eskaintzen dituela liburu honek. Hiritarrak esango nuke ez daudela alkatearengandik oso
urruti jarreretan eta abarretan. Eta hor autokritika ere badago, nola jokatzen dugun gaur egun.

Liburuan bezala, arazoak konpontzeko ardurak kanpoko langileen gain utziz, adibidez?

Hori da, gure gizartearen erradiografia bat dela esango nuke, geroz eta gehiago kostatzen zaigu inplikatzea, ardura hartzea. Orduan, hiritar horiek oso indibidualistak dira, eta, noski, gainera, badago
superfigura bat: alkate jakintsu bat. Beraz, elkar behar dute, batek bere posizioan jarraitzeko, harro eta zoriontsu, eta besteek, noski, haiek dituzten arazoak konpontzeko.

Belatzen irudiek are dibertigarriagoa egiten dute istorioa?

Oso pozik gaude Belatzekin, lan oso polita egin du, zoragarria. Beti saiatzen gara, ahal dela, ilustratzaileekin harremanetan egon eta prozesua harekin egiten, eta harreman horrek asko aberasten gai-
tu gu.

Txabik eta zeuk bosgarren liburua duzue elkarrekin. Erraz idazten al da lau eskutara?

Ez da erraza, ez haur literaturan, ez eta literaturan ere, oro har. Beste diziplina bateko jendearekin aritzea errazagoa da: musikariekin, antzezleekin... hor, nolabait eremuak argiagoak dira, bakoitzak
bere hizkuntza daukalako. Aldiz, bi sortzaileek sortzeko tresna konpartitzen dugunean, ez da erraza. Baina Txabirekin bai, erraza da. Horregatik ibilbide emankorra izan dugu, eta, gauzak ondo bidean, ez da azken liburua izango.

Zer gomendio emango zenieke irakurleei?

Irakur dezatela lehenik eta behin ongi pasatzeko asmoz, gustatuko baitzaie.


LIBURUAREN FITXA

  • Izenburua: Gora gure alkate jakintsua!.
  • Idazleak: Txabi Arnal eta Edu Zelaieta.
  • Ilustratzailea: Belatz.
  • Orrialde kopurua: 56 orrialde.
  • Argitaletxea: Elkar.
  • Prezioa: 11 euro.
  • Adina: 8 urtetik aurrerako haurrentzat.
top