Durango ate joka
Abenduaren 5etik 8ra izango da aurtengo Durangoko Azoka. 933 nobedade hartuko ditu 58. azoka honek, ‘Hartzea ematea DA!’ lelopean. 274 erakusmahai izango dira Landako gunean, eta berrehun ekitaldi inguru antolatu dituzte.
Ane Insausti Barandiaran
1. TXALAPARTA
'Itsasoa bete urre': Itsasoa bete urre da Txalapartaren proposamenetako bat. Farozain bat du protagonista; largabistetatik begiratzeko gonbita egiten dio irakurleari. Hala, marrazo gosetiak, sardina kilikariak, marmoka itsaskorrak eta Bizargorriren galeoi hondoratua ikusiko dituzte, baina baita itsasoaren sekretuak ere: migrazioari buruzko istorio bat topatuko dute.
- Idazlea: Dani Martirena.
- Ilustratzailea: Ana Ibañez.
'Zu hor eta ni hemen': Zu hor eta ni hemen liburuan, berriz, protagonistak marrazki bat aurkituko du, eta haren jabearen bila hasiko da. Errimadun testuen bidez, gerra bizi duten haurrei buruzko hausnarketa egingo dute irakurleek, enpatia lantzeko. Izan ere, haurren egunerokoari buruzko galderak egitera bultzatzen du liburuak, eta elkarrizketa pizten du.
- Idazlea eta ilustratzailea: Exprai.
2. IBAIZABAL
'Amonaren gordelekua': Gutxienez bi nobedade eramango ditu Ibaizabal argitaletxeak Zirimiri bildumara. Amonaren gordelekua-n, gaia agerian ez daukan liburu bat izango du erakusmahaian. Hala dio kontrazalak: «Kontatu nahi ez didaten zerbait gertatu da. Zerk emango du hainbesterainoko beldurra?». Zeri buruzkoa izango ote da?
- Idazlea: Nerea Anso.
- Ilustratzailea: Itziar Reparaz.
'Guardasolak euria nahi du': Euria izango du hizpide Guardasolak euria nahi du liburuak. Lehortea da nagusi udan: belardiak hori daude, eta igerilekuak hutsik. Alarma egoeran, Junek euria egiteko teknika guztiak probatuko ditu: gaizki kantatzea, marigorringoak eta tximeletak bilatzea, euritako bat margotzea... Baina lortuko ote du euria egitea?
- Idazlea: Patxi Zubizarreta.
- Ilustratzailea: Irrimarra.
3. PAMIELA
'Baga Biga Higa': Album irudidunak egiteko Nazioarteko XVII. Compostela Saria jaso duen liburua Pamiela argitaletxearen erakusmahaian izango da, euskaraz: Baga Biga Higa. Errimaz eta erritmoz beteriko txango dibertigarri bat kontatzen du, lagunak atez ate abenturara batuz doazen bitartean. Adiskidetasuna eta zoriontasuna ditu ardatz album irabazleak.Idazlea eta ilustratzailea: Maria Giron.'Itsaso gazian': Itsasoarekin eta bertako animaliekin jolas egin nahi dutenek, berriz, Itsaso gazian liburua izango dute eskura. Itsasoan barnako bidaia bat proposatzen du, errima jostariz betea. Amaia Egidazuk itzuli du albuma, eta abesti bat ere asmatu du bertako hitzekin: «Itsaso gazian/ ilargi zuria/ uhinekin dantzan/ aparrez jantzia...».
- Idazlea: Nieves Garcia.
- Ilustratzailea: Marina Gibert.
'Itsaso gazian': Itsasoarekin eta bertako animaliekin jolas egin nahi dutenek, berriz, Itsaso gazian liburua izango dute eskura. Itsasoan barnako bidaia bat proposatzen du, errima jostariz betea. Amaia Egidazuk itzuli du albuma, eta abesti bat ere asmatu du bertako hitzekin: «Itsaso gazian/ ilargi zuria/ uhinekin dantzan/ aparrez jantzia...».
- Idazlea: Nieves Garcia.
- Ilustratzailea: Marina Gibert.
4. TTARTTALO
'Izotz azpian': Arrantzale txiki bat dago izotz gainean; izotzaren azpian, berriz, arrain txiki bat. Biak oso ondo inguratuta daude: arrantzale txikiak eta lagunek tira egiten diote hariari; bitartean, arrainak eta haren lagunek tira egiten dute, gogor eusteko. Horixe da Izotz azpian ipuinaren muina, eta, amaieran, kontakizunak txiribuelta emanaraziko dio irakurleari, istorio guztia berriro irakurtzera gonbidatuz.
- Idazlea: Michael Escoffier.
- Ilustratzailea: Ella Charbon.
'Eskuen dantza': Eskuen dantza-n, aldiz, Tullet egile ezagunak haurrak koreografia dibertigarri bat dantzatzera bultzatuko ditu: orrialdez orrialde, progresiboki, eta keinu askez eskuak mugituz. Zer hobeto etxeko txikientzat, irakurtzeko, jolasteko eta dantzatzeko, liburu dibertigarri bat baino?
- Idazlea eta ilustratzailea: Herve Tullet.
5. IKAS
'Amestoki goxoa': Laino txikia du protagonista Ikas argitaletxearen Amestoki goxoa liburuak. Etxeko gereziondoa asko maite du Lainok, zuhaitzaren itzalpean aurkitu baitu bere amestoki goxoa. Baina udaberria iritsiko da, eta gereziondoa ez da hostatuko. Nola ulertu betidanik ezagutu duen gereziondoa ez dela berriz loratuko? Bizitzaz, heriotzaz eta bizitzaren zikloaz hausnartzeko aukera emango dio horrek protagonistari.
- Idazlea Antton Kazabon.
- Ilustratzailea: Leire Iparragirre.
'Urtaroak': Urtaroak liburuan, berriz, Txakurtxo pertsonaiak urtean barna bidaian eramango du irakurlea: hilabetez hilabete, urtaroz urtaro, eta bertsoz bertso. 3 urtetik gorakoentzako istorioa da, eta ipuina entzungai dago Ikasen webgunean.
- Idazlea: Ixabel Etxeberria.
- Ilustratzailea: Garbine Ubeda.
6. EREIN
'Anna Kopek eta izpirituen ahotsa': Uxueren eta Jokinen beste abentura bat darama Erein argitaletxeak Durangora: Anna Kopek eta izpirituen ahotsa. AEBetako Miami hirira dira joatekoak, Super Bowl futbol amerikarreko txapelketaren finalera. Dena den, korapilatu egingo da abentura, eta mundua kontrolatu nahian dabilen Jeremy Wosz enpresaburuari aurre egin beharko diote aurre.
- Idazlea: Haritz Larrageta.
- Ilustratzailea: Marko.
'Miraren mendekua': Eskapu bilduman, Miraren mendekua izango da eskuragarri. Gaizki-ulertu bat tarteko, irakurlea abentura misteriotsu batean murgilduko da: aitona, basoa, enigmak, troll bat... Lortuko ote du erabaki zuzenak hartzea iraganeko minak sendatuz etorkizun berriak sortzeko?
- Idazlea: Nerea Loiola.
- Ilustratzailea: Ivan Landa.
7. ELKAR
'Baziren behin... hiru ipuin': Azeri gosetiegia, erbikume ausartegia eta zuhaitz harroputzegia protagonista dituzten hiru istorio bildu dituzte Baziren behin... hiru ipuin liburuan. Haur txikiei kontatzeko alegiazko ipuinak dira, ohera joan aurretik irakurri eta amets egiten laguntzeko.
- Idazlea: Jon Ander Urkiaga.
- Ilustratzailea: Gaston.
'Linbo planeta': Komiki bat ere eramango du Elkarrek Durangora: Linbo planeta. Dejabu konpainiak 2017an estreinatutako izen bereko antzezlanean oinarrituta dago. Inork oroitzen ez duen leku batean, gizaki bakar bat bizi da: Numa, zortzi urteko neskatila. Goiz batean, jolasteaz inoiz aspertzen ez den lagun bat agertuko zaio: Linbo txakurra. Izarrei jarraituz, bidaia eder bat hasiko dute elkarrekin.
- Idazlea eta ilustratzailea: Paula Estevez.