Doministikuen erauntsia

Ane Insausti Barandiaran

1. ZER DIRA ALERGIAK?

Udaberriarekin batera areagotzen dira doministikuak eta mukiak, oso ohikoak baitira garai horretan pizten diren alergiak; polenarena, adibidez. Baina zer dira alergiak? Sara Martinez Molina Donostia ospitaleko alergologoak eman du azalpena: «Alergiak gure gorputzaren gehiegizko erreakzio immunitario bat dira, organismoak mehatxutzat jotzen dituelako benetan kaltegarriak ez diren substantzia batzuk».

2. HAURREK ASKO IZATEN AL DITUZTE?

150 milioi pertsonak baino gehiagok dute alergiaren bat Europan. Haurren kasuan, bereziki arnasbideei lotutakoak gailentzen dira: 10 urtetik beherako haurren %10ek dute asma, adibidez. Eta kopurua gorantz doala ziurtatu du Martinezek, kontsultan hala dela ikusi baitu: «Ez da erraza kopuru bat ematea, baina kasu asko eta asko ikusten ditugu. Arnasbideetakoaren kasuan, nabarmen ari da handitzen».

3. NOLA EDO ZERGATIK SORTZEN DIRA?

Ez da ziurra alergiak zergatik sortzen diren, eta teoria asko daude: genetika, bakoitza bizi den ingurunearen baldintzak... Dena den, alergologoak aipatu duenez, kausak argiak izan ez arren, hainbat faktorek errazten dute alergiak sortzea: «Gehiegizko higienea; lehen, beste substantzia batzuekin kontaktuan geundelako, eta, gaur egun, dena garbi-garbi egon behar denez, zaurgarriago bihurtzen garelako; gaur egungo ingurumen faktoreak; jaten ditugun elikagaiak prozesatuagoak direla...».


4. ZEINTZUK DIRA OHIKOENAK?

Alergologoaren arabera, gehienbat, arnasbideetako eta elikagaiekiko alergiak izaten dituzte haurrek. Dena den, larruazaleko alergiak ere izaten dituzte askok, dermatitis atopikoa, adibidez, eta badira botikei alergia dieten haurrak ere.

  • Arnasbideetakoak: Polenari, hautsari eta akaroei alergia izatea oso ohikoa da haurren artean. Donostia ospitalean, adibidez, nabarmena da hori, bertako klimaren ondorioz: hezetasun handia dagoelako eta euri asko egiten duelako. Txakurrei eta katuei alergia edukitzea ere ohikoa da, Euskal Herrian horiek direlako etxeko animalia ohikoak.
  • Elikadurari lotutakoak: Haurrengan oso zabalduta daude elikagaiei lotutako alergiak, Martinezek azaldu duenez: arrautza eta esnea dira elikagairik ohikoenak, baina arrainari, fruitu lehorrei eta lekaleei ere izaten diete alergia.

5. ZEINTZUK DIRA SINTOMAK?

Arnasbideetako alergiak dituztenek sintoma ugari izan ohi dituzte: konjuntibitisa, doministikuak, kongestioa, mukiak, begiek azkura eragitea eta negar egitea, asma, nekea, eztula, arnasa ezin ondo hartu izatea... Elikagaiei lotutako alergiak dituztenek, berriz, elikagai hori jaten dutenean izan ditzakete arnasa hartzeko zailtasunak, afonia, edemak edo urtikariak sortzea azalean...

6. ZER TRATAMENDU DAUDE?

Tratamendu farmakologikoa ezartzen diete medikuek haurrei: antihistaminikoak edo kortikoideak hartzen dituzte arnasbideetako alergien kasuan; batzuetan bietako bat, eta besteetan biak konbinatzen dituzte. Elikadurari lotutakoetan, antihistaminikoekin tratatzen saiatzen dira, erreakzio arina sortuz gero; bestela, adrenalina ematen diete. Gainera, alergia iraunkor bihurtu ez dadin, elikagai horren dosi txikiak ematen hasten dira, pixkanaka horretara ohitu daitezen. Baina badago txertoa jartzeko aukera ere. Normalean, tratamendu farmakologikoak huts egiten duenean jotzen dute horretara, antihistaminikoak modu jarraituan behar dituztelako. Baina badago bestela ere hartzeko aukera: «Pixkanaka tolerantzia sortzea da asmoa, gorputza errekonozituz joan dadin kaltea sortzen dion hori», azaldu du alergologoak.

7. NOLA ERAGITEN DU KLIMA ALDAKETAK?

Klima aldaketaren ondorioz, naturako prozesuak aldatu egiten dira, eta udaberriko eguraldia ohi baino lehenago egiteak eragina du alergietan: «Polenari alergia diotenek geroz eta lehenago nabaritzen dute kaltea, polinizazioa azkartu delako». Lehenago hasten dira sintomak nabaritzen, eta lehenago hasten dira tratamenduak hartzen.


top