Desoreken kontrapisua
Ane Insausti Barandiaran
1. ZER DIRA GKE-AK?
Gobernuetatik kanpo, modu independentean sortzen diren erakundeak dira GKE gobernuz kanpoko erakundeak. Irabazi asmorik gabeko elkarteak dira; hau da, haien helburua ez da dirua irabaztea, gizarte ongizatean laguntzea baizik. «Gure helburua lan sozial eta komunitarioa egitea da», azaldu du Andrea Rey Mundubat GKEko genero eta feminismo arloko teknikariak: «Ez dugu egiten dugunaren neurria dirutan neurtzen, inguruari eta ingurukoei ematen diegun laguntzan eta babesean baizik».
2. NON LAN EGITEN DUTE?
Munduan eta gizartean dauden desorekei erantzutea dute helburu GKEek. Horregatik, askotan, gerran edo gatazkan dauden eremuetan esku hartzen dute. Mundubaten, adibidez, leku ugaritan dituzte proiektuak martxan: Palestinan, Bolivian, Kolonbian, Kuban, Malin, Senegalen, Mendebaldeko Saharan...
3. ZER LAN EGITEN DUTE?
Arazoak askotarikoak direnez, hainbat arlotan lan egiten duten GKEak daude: migrazioak, ingurumena, generoa eta feminismoak, hezkuntza, elikadura burujabetza... Bakoitzak bere ikuspegia eta lan egiteko modua dauka. Mundubatek, adibidez, hiru arlotan lan egiten du, batik bat: generoa eta feminismoak, giza eskubideak eta elikadura burujabetza. Lan batzuk Euskal Herrian egiten dituzte: proiektuen kudeaketa, erakundeekiko harremanak, kontzientziazio kanpainak... Dena lotuta dagoenean, berriz, atzerrian izaten dira, antolatutako proiektuak gauzatzen.
4. ZERGATIK DIRA BEHARREZKOAK?
Azken batean, GKEek gobernuei eta administrazioei aurre hartzen diete, haiek egiten ez duten lana egiten dutelako. Haiek utzitako hutsunea estaltzen dute, gizartean dauden arazoei eta desorekei aurre egiteko: «Munduan dauden desberdintasunak eta giza eskubideen irismen falta sistema kolonialak* utzitako herentziari eta kapitalismoa* mundu mailan ezarri den moduari lotuta daude. Horregatik, elkartasuna horizontalki ulertzen dugu, ez goitik behera».
5. NOLA EGITEN DA HORI?
Kooperazioari edo laguntzari ikuspuntu kritikotik begiratzea garrantzitsua dela nabarmendu du Reyk. «Guk ez dugu zuzeneko arreta eskaintzen, hau da, ez dugu elikagairik eramaten, edo mediku arreta eskaintzen. Antolakuntza sozial eta politikoak garatu daitezen sortzen diren prozesuetan laguntzea da gure helburua, horizontaltasuna bermatzeko». Hau da, une jakin batean laguntza puntual bat eman beharrean, arazo bati aurre egiteko proiektuak sortzen saiatzen dira, tokian tokiko taldeekin lan eginda.
6. ZEINTZUK DAUDE EUSKAL HERRIAN?
Mundubat bezala, dozenaka GKE daude Euskal Herrian, eta bakoitzak bere arloan lan egiten du, bere hondar alea jarrita: Alboan, Aita Mari, Emaus, Zaporeak, Mugarik gabe, Ongi etorri Errefuxiatuak... Araba, Bizkai eta Gipuzkoako GKE guztiak Euskadiko GKEen Koordinakundean biltzen dira, eta Nafarroakoak, berriz, Nafarroako GKEen Koordinakundean.
7. ZER DA BOLUNTARIO IZATEA?
Haien esperientziak edo ezagutzak partekatuz, beste pertsona talde bati edo lurralde batera laguntzera joaten diren pertsonak dira boluntarioak. Musu truk lan egiten dute proiektu horien alde, dirurik bueltan jaso gabe. Asko dira egin ditzaketen lanak: itzulpenak, eraikuntza lanak, formakuntzak ematea, hezkuntza... Reyk gogoratu du GKEaren «ezinbesteko zati bat» direla.
IXONE CALONGE. Boluntarioa.
«Boluntario gisa, nire hondar alea jartzen ari naizela sentitzen dut».
Zein izan zen zure lehen esperientzia boluntario gisa?
Hemen, Donostian, batez ere baliabide gutxiko familietako haurrekin egon nintzen, asko immigranteak, etxeko lanekin-eta laguntzeko. Gero, boluntariotza esperientzia biziena bizi izan nuen atzerrira joan nintzenean. Hondurasera joan nintzen, urtebeterako, Alboan erakundearekin.
Zer lan egin zenuen bertan?
Eskola-ludoteka moduko bat zegoen, non auzoko edozein haur joan zitekeen 2 urtetik 13 urtera, eta eskola errefortzua ematen genien. Eta gero, jokoaren bitartez, gai desberdinak eta balio desberdinak lantzen genituen haiekin.
Baina dena ez zen Hondurastik itzultzean amaitu...
Itzultzean, jarraitzeko nahia sentitzen nuen. Nazioarteko Lankidetza eta Garapenerako masterra egin nuen, Bilbon. Bukatu nuenean, nahi nuen lan egin, baina boluntario moduan. Nire ustez, arlo honetan lan egiten dugun jendeak konpartitzen dugu munduko hiritar hobea izateko nahia. Ez gara hiritarrak gure hirian bakarrik, munduaren parte ere bagara, eta dena dago interkonektatuta. Horrek bultzatu ninduen Mundubatekin lanean hastera.
Zer lan egiten duzu Mundubaten?
Garbi neukan gauza administratiboak egitea baino —itzulpenak, adibidez— gehiago inplikatu nahi nuela. Herri Babesarea egitasmoan lan egiten dut, giza eskubideen defentsan. Bertan, badago aste bat non antolatu ditugun ekintza guztiak egiten diren: giza eskubideen defendatzaileak ekartzen ditugu, eta haiekin igarotzen dugu aste osoa.
Zer eman dizu boluntariotza lanak?
Boluntario izateak balio du urrun gelditzen zaizkigun errealitateak ulertzeko eta ikusteko. Gainera, ulertzera iristen zara nondik datorren edo zeintzuk diren arrazoiak hori gertatzeko. Niretzat hori oso garrantzitsua da. Eta, horrez gain, mundu honetan nagoenez, nire hondar alea jartzen ari naizela sentitzen dut, nahiz eta jakin mundua ez dudala aldatuko.
Gomendatuko zenioke jendeari?
Bai, guztiz. Eta, gainera, nik uste dut beharrezkoa dela, ez hainbeste zuk egin dezakezun ekarpenagatik, baizik eta ikas dezakezunagatik. Azkenean, ikaskuntza esanguratsuenak esperientzien bidez egiten dituzunak dira.