Debekuen aurka, afari gehiago
Ane Insausti Barandiaran
1. ZER DA KAS?
KAS siglen atzean Kaleko Afari Solidarioak taldea dago. Donostian kalean bizi diren eta baliabiderik ez duten herritarrei gauero afari bat eskaintzen dieten herritar talde bat da, boluntarioz osatua. Gaur egun, Gipuzkoako hiriburuko hiru auzotan banatzen dituzte afariak: Egian, Parte Zaharrean eta Amaran.
2. ZER GERTATU DA?
Azken asteetan, herritar talde batek protestak egin ditu, «segurtasun falta» nabari dutelakoan Egia auzoko banaketa gunean. Udalak, horri erantzunez, kaleko afariak debekatu ditu, «segurtasun arrazoiengatik». Haserre hartu zuten berria KASeko kideek, Marta Egiako taldeko boluntarioak azaldu duenez —ez du abizena esan nahi izan—: «Debekua jakinaraztean, ez ziguten arrazoirik ez errekurtsoa jartzeko aukerarik eman. Urteak dira banaketak hor egiten ditugula, eta afari bila datozenek identifikatua daukate tokia».
3. NOLA ERANTZUN DUTE?
Debekua «beste oztopo bat» dela salatu du boluntarioak, baina, hasieratik, afariak ematen jarraituko dutela berretsi dute, debekuak debeku. Teresa Kalkutakoa plazan aritu beharrean, Egiako taldekoak Gipuzkoa plazan ari dira orain afariak banatzen: «Lan karga handitu zaigu, urrutirago joan behar dugulako afariak banatzera, eta antolaketarako beste oztopo bat da».
4. NOIZ SORTU ZEN TALDEA?
2020ko azaroaz geroztik dago martxan elkartasunezko egitasmo hau: «Pandemia garaia zen, eta pertsona batzuk Plaza Berrian [Konstituzio Plazan] lotan zeuden. Parte Zaharreko bizilagun batzuk gerturatu ziren haiengana, zer behar zuten galdetuz. Haiek erantzun zieten afari beroa behar zutela». Horrela hasi ziren herritarrak etxean afariak prestatzen, musu truk banatzeko. Beste auzoetan ere beharra zegoela ikusita sortu ziren geroago Egiako eta Amarako banaketa guneak ere.
5. NOLA ANTOLATZEN DIRA?
Auzo bakoitza bere erara antolatzen da; bakoitzak bere egitura dauka. «Egiako taldekoak egunero 19:00etan batzen gara, Marruma elkartean, eta bertan sukaldariek etxean kozinatutako janaria ekartzen dute. Han, egunero boluntario talde batek jartzen du janaria tuperretan, poltsak prestatzen ditu, ogiarekin eta postrearekin». Poltsa horiek guztiak karroetan jarri, eta Gipuzkoa plazara eramaten dituzte, afariak banatzeko.
6. ZER DIOTE DATUEK?
Hiritarren Harrera Sareak urriaren amaieran argitaratu zuen Kale Gorrian zenbaketan lortutako datua: urriaren 23ko gauean, 413 pertsonak egin zuten lo kalean Donostian. 2022ko kontaketan baino 193 pertsona gehiago dira horiek. Hain zuzen, Donostiako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diete gizarte zerbitzu eta baliabide gehiago eskaintzeko: «Instituzio publikoek badituzte baliabide batzuk, baina ez dira nahikoa; oso eskasak dira, eta badago jende bat ez daukana inolako baliabidetarako aukerarik. Guk estaltzen dugu zati hori».
7. ZER SALATZEN DUTE?
Batetik, protestetako parte hartzaileek KASen aurka ez daudela badiote ere, hori «gezur hutsa» dela salatu du boluntarioak: «Kontzentrazioak afariak banatzen ditugun lekuetan egin dituzte, eta hori oso adierazgarria da; ez dira segurtasunaren aldeko kontzentrazioak, baizik eta afarien kontrakoak». Bestetik, pertsona guztien segurtasunari begiratu behar zaiola defendatu du: «Jende asko dago bere oinarrizko beharrak aseta ez dauzkana, eta hori ere bada segurtasuna: etxebizitza bat izateak ematen dizuna, jakitea egunero jatekoa izango duzula, edo dutxatzeko aukera, arropa garbitzekoa...».
8. ZER EGIN DAITEKE LAGUNTZEKO?
Hiru taldeak irekiak direla nabarmendu du boluntarioak, laguntza oro ongi etorria baita. Eginkizun asko daude, eta modu asko boluntario izateko: sukaldari lanak eginez, sukaldari laguntzaile izanez, banaketa prestatzen den tokietara joanez, banatzera joanez... «Egoera ez doa hobera. Alderantziz, geroz eta jende gehiago dago bazterkeria egoera oso latzean, eta gonbidatu nahi dugu jendea KASen parte hartzera, sare handi bat delako; zenbat eta gehiago izan, proiektuak orduan eta indar handiagoa hartzen du».
9. ZER JASOTZEN DUTE BUELTAN?
Duela urte eta erdi inguru hasi zen Marta taldean, etxe ondoan zuen elkartasun taldearekin bat egin eta kalean bizi den jendearen errealitatea ezagutzeko asmoz. Bertako parte izateak trukean asko eman diola adierazi du: «Sartu nintzen jakiteko zeintzuk diren nire bizilagunak, zer errealitate duten. Bueltan, ezjakintasunarekin apurtzen da, eta, orain, auzoan oinez noala, ezagutzen ditut kalean dauden pertsonak, eta harremanak garatuz joan naiz... Boluntario lanetan ari den jendearekin ere oso harreman estua sortzen da».
BA AL DAKIZU?
Donostiako Piratek aurtengo Aste Nagusiko Matti izendatu zituzten, egiten duten lana aitortzeko. Flamenkako txupinazoan protagonista izan ziren.