Danborrak dantzan
Isildu dira danborrak eta barrikak Donostian, ostiralean izan baitzen San Sebastian eguna. Hainbat astetako lana dago danborradaren atzean, eta «ilusioz» eta «urduri» itxaroten dute eguna, Jakintza ikastolan, adibidez.
Isiltasuna da nagusi Donostiako Jakintza ikastolako gimnasioan. Mirian Ferro danborrak ateratzen eta mahai baten gainean pilatzen ari da. Beste mahai batean, berriz, egurrezko makilaz betetako kuboak daude. Handik gutxira sartu da gelara Ane Lareki ere, eta bozgorailua piztu nahian hasi da. Gazte Danborradako parte hartzaileak dira biak, eta haiek arduratu dira azken asteetan Jakintzako ikasleekin entseguak egiteaz.
Gutxi iraun du isiltasunak, ordea. Tantaka-tantaka hasi dira haurrak gimnasioan sartzen, eta lasaitasuna zalaparta bilakatu da. Banan-banan hasi dira gerriko beltzak euren kabuz janzten: ikasia dute uztaia danborreko heldulekuan nola sartu. Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleek azken entsegu eguna dute gaurkoa, eta nabari da San Sebastian eguna ate joka dutela: danborrak nor bere aldetik jotzen ari dira, iskanbila sortuz.
«Ez du euririk ari, beraz, goiko aldean larruzko zatia duela jantzi danborra», esan die Ferrok haurrei. Alde bat plastikozkoa baitute, bustiz gero ez hondatzeko. «Berokiak hartu, kanpora goaz!», oihukatu die gero. Patiora atera dira, entsegu orokorra bertan egiteko asmoz. Dena den, gutxi iraun dute bertan: kanpora atera orduko euria ez, elurra egiten hasi baita, atera arte zain egon izan balitz bezala.
Patio ondoko arkupean egin dute azkenean entsegua. Bi multzotan banatu dira, parez pare, bost pertsonako lerroak osatuz. Multzo bakoitzaren aurrean kabo bana dago, eta denen gidari, erdian, Danbor Nagusia. «Azken entsegua da!», gogoratu die Larekik, eta bozgorailua piztu arte zain geratu dira. Badute isiltzeko trikimailua ere: «Makilak gora!», egiten die garrasi arreta bereganatzeko.
Dantzan eta kantuan
Kaosa koordinazio bihurtu da musika hasi orduko: lehen abestiarekin erakutsi dute asteak daramatzatela abestiak prestatzen. Danborra jo ez ezik, dantza ere egiten dute abestiak jo ahala. Lehen kanta, esaterako, Gau ibilera da, eta buelta erdia eman eta bizkarrez jartzen dira abestiaren hasieran, gero berriro aurrera begira bukatzeko.
Antzeko dantzak egiten dituzte hurrengo abestietan: behera makurtzen dira gero berriro ere altxatzeko, edo bi multzoak aurreraka oinez hasten dira, gero berriro ere atzera joateko. San Sebastian martxa da, ordea, letra eta guzti dakitena. Abestian murgildu orduko hasi dira elkarrekin abesten: «Sebastian bat bada zeruan...».
Dena ez da behar bezala atera, ordea, eta Diana-n, geldialdia egin dute, erritmoa hobetzeko. «Berriro egingo dugu, ados? Asko aurreratzen zarete abesti honetan», esan die Larekik. Bigarrenean hobetu dute, eta makilak gurutzean jarrita osatu dute koreografia. Denek hitz berak errepikatzen dituzte entsegua zer moduz joan den galdetzean: «Hotza egin du, baina ondo». Urduri daudela ere onartu dute, ospakizun eguna baitute ostiralekoa.
Gimnasiora itzuli dira, eta lurrean eseri dira guztiak, azken oharrak entzuteko. Amaitu dira entseguak, gozatzeko eguna geratzen zaie: «Gu ez gara egongo, Gazte Danborradan egongo garelako. Pasilloa egingo dizuegu, eta batera joko dugu. Beraz, ondo pasa, eta asko disfrutatu!», esanez agurtu dituzte Ferrok eta Larekik.