Bo jaunaren zerbitzura

Botere gehiegikeriari buruzko antzezlan bat estreinatu du Marie de Jongh konpainiak: ‘Bo jauna’. Gai «unibertsala eta atenporala» dela diote kideek, eta helduak bezala haurrak ere ukitzen dituela.

Ane Insausti Barandiaran

Lau pertsonaia daude oholtzan, maskarak jantzita. Batek bibotea du, eta arropa elegantez jantzita dago; Bo jauna da, obrako protagonista eta antagonista. Gainerako hirurak, aldiz, Zerbitzaria 1, Zerbitzaria 2 eta Zerbitzaria 3 dira, Bo Jaunaren menpekoak, haien rola ezinbestekoa izan arren. Bi garairen artean dantzan dabiltza oholtzan: batetik, Bo jauna haurra zenekoa, eta, bestetik, heldua denekoa. Hala, aztertuko dute zer gertatu zen ume zela, gaur egungo egoerara iristeko. Marie de Jongh konpainiarena da Bo jauna obra, eta abenduaren 29an estreinatu zuten, Kultur Leioan (Bizkaia).

Gai «unibertsal eta atenporal» bat landu dute obran, Jokin Oregi zuzendariaren arabera: boterea. Boterea eta boterekeria bereizten ditu, autoritatea eta autoritarismoa. Hau da, boterea nola bihurtu litekeen gehiegikeria, oker erabiliz gero. «Oso erraza baita boterea gaizki erabiltzea. Zoritxarrez, gertatzen da, eta aurrerantzean ere gertatuko da; beti egon behar dugu adi», adierazi du.


Gaiak korapilatsua dirudien arren, haurrei zuzenean eragiten diela nabarmendu du zuzendariak, botere harremanak «ugariak» baitira etxean, ikastetxean zein kalean. «Gauza asko daude hor: nola egiten diren kuadrillak edo taldeak, zer rol jokatzen duen bakoitzak hor, nortzuk diren liderrak eta nortzuk ez...».

Baina bada beste irakaspen bat ere antzezlanean: ezetz esaten jakitearena. Izan ere,  botereari mugak jarrita edo aurka eginez egin behar zaio aurre. «Badaude horrelako hausnarketak: zer gertatzen den faxismoa gora datorrenean, ez diogunean hesirik jartzen edo ezetz esaten. Zelan joaten den munstroa handituz edo puztuz», azaldu du Oregik.

Nola kontatu?

Tonuarekin asmatzea izan da konpainiaren erronketako bat. Zer kontatu bazekitelako, baina ez nola. Oregik naif hitzaren esanahiarekin topo egin zuenean, ordea, argi izan zuen hori lortu nahi zuela. Eta buruz esan du hitzaren definizioa: «Obra artistiko bat non errealitatea, nahita, xalotasunez, itxuraz modu infantilean, poesiaz eta sinpletasunez islatzen den».

Maskarak izan dituzte horretarako konplize. Izan ere, ohi baino maskara handiagoak erabili dituzte antzezlan honetarako: «Gorputzaren eta buruaren dimentsioak oso orekatuta daude kasu honetan. Badu karikatura puntu bat, komikora eta absurdora garamatzana, kontatzeko beste modu batera, zeina transgresoreagoa baita. Bilatzen ari ginena maskara horiek eman digute». Era berean, eszenografian eta jantzietan sinpletasunera jotzea erabaki zuten, «gutxirekin asko» egiteko.


Antzezlaneko beste erronketako bat adinaren ratioa jaistea izan da. Normalean, konpainiak 6-7 urtetik gorako haurrentzat egin ohi ditu emanaldiak. Bo jauna, baina, 4 urtetik gorako haurrentzat pentsatuta dago. Hala eta guztiz ere, euren esentziari eutsi diote, hitzik gabeko antzezlan bat sortuz; hots batzuk egiten dituzte aktoreek, eta musika ere bada antzezlanean; hitzik ez, ordea.

Amaiera «oso tristea» dela aurreratu du Oregik, baina amaiera alternatibo «itxaropentsu» bat ere antzezten dutela, berez istorioan gertatzen ez dena: «Eransten diogu beste amaiera posible bat, ikusteko zer gertatuko ote zen gaztaroan edo umezaroan zerbitzariek ‘nahikoa da’ edo ‘aski da’ esan izan baliote gizon horri». Ez erantzukizuna haiengan jartzeko, botereari mugak jartzen ikasteko baizik.

FITXA TEKNIKOA

  • Egilea eta zuzendaria: Jokin Oregi.
  • Aktoreak: Ana Martinez, Ana Meabe, Javier Renobales eta Anduriña Zurutuza.
  • Argiztapen diseinua: Edu Berja.
  • Musika: Adrian Garcia de los Ojos.
  • Iruditeria: Javi Tirado.
  • Eszenografia eta jantziak: Ikerne Gimenez (laguntzailea, Inma Gomez).
  • Zuzendaritza laguntzailea: Javi Tirado.
  • Teknikoak biran: Unai Barrio eta Edu Berja.
  • Diseinu grafikoa: Ane Pikaza. 
  • Argazkiak: Asier Corera.
  • Produkzio exekutiboa: Pio Ortiz de Pinedo.
  • Produkzioa: Marie de Jongh.
  • Komunikazioa: Irene Zarrabeitia.

HURRENGO SAIOAK

  • Urtarrilaren 14an: Getxon (Bizkaia).
  • Urtarrilaren 20an: Eibarren (Gipuzkoa).
  • Urtarrilaren 26an: Errenterian (Gipuzkoa).
  • Urtarrilaren 28an: Arrigorriagan (Bizkaia).


top