Udan ikusten diren animaliak

Udan, gainerako urtaroetan baino gehiago ikusten dira hainbat animalia. Pertsonei heldu edo ziztadak egiten dizkietenez, sarri askotan txartzat jotzen dira. Beren burua arriskuan ikusten dutelako edo bizitzeko animalia edo gizakien beharra dutelako egin ohi dute hori, ordea; hortaz, komeni da haien bizimoduaren berri izatea.

1. MARMOKAK

Uretan esekita bizi diren organismo planktonikoak dira marmokak, eta kanpai itxura dute. Garroak izaten dituzte harrapakinak atzemateko, eta pozoia izaten dute garro horietan. Horregatik, hondartzan marmokak ikusiz gero, hobe da haiengandik urrun geratzea, pozoiak mina eragiten baitu pertsonen larruazalean. Bitxikeria gisa, Cyanea eta physalia generoko marmokek 40 metrorainoko garroak izan ditzakete, eta hainbat arrainek aterpe hartzen dute horien artean. Gainera, marmoka batzuk biolumineszenteak dira, hau da, distira egiten dute ilunetan.

2. ELTXOAK

Aitor Celvidanes albaitari eta NEIKEReko ikerlariaren arabera, 30 bat eltxo espezie ezagutzen dira Euskal Herrian. Culex pipiens espeziea da ohikoena, gauetan etxe barruetan zarata ateratzen duen hori. Aedes albopictus edo eltxo tigrea ere aurkitu daiteke, eta espezie inbaditzailea da. Bitxikeria gisa, Celvidanesek azaldu du odolez elikatzen diren eltxo bakarrak emeak direla, proteina eta mantenugai horiek behar dituztelako arrautzak erruteko: «Gorrotagarritzat dauzkagu ziztadengatik, baina ekosistemaren parte dira», dioenez.

3. XABIROIA

Ur ertzean eta hondar artean egoten diren animaliak dira xabiroiak. Zelatan ehizatzen dute: harrapakinak —oro har, ganbak eta arrain txikiak—, igarotzeko zain egoten dira, eta haien gainetik salto egiten dute. Buruan ezten moduko bat daukate, eta posible da hondartzan bainua hartzen ari den jendeak zapaltzea. Horregatik, zapalduz gero, soroslearengana jotzea komeni da, ur beroarekin pozoia kanporatzeko.

4. ERLEAK

Erleak intsektu sozialak dira: kolonietan bizi dira, erregina bakar batetik sortutako erle gehiagorekin batera. Elikatzeko, loreen nektarra xurgatzen dute. Mehatxupean badaude, zizta egiten dute, baina hori haien «azken aukera» izaten dela esan du Jon Fernandez Aranzadi Zientzia elkarteko entomologoak: «Ziztatzen gaituztenean, haien eztenak aingura baten itxura dauka, eta azalean sartuta geratzen da. Ipurtaldea tolesten dutenean, eztena sartzeko, apurtu egiten zaie, eta hil egiten dira». Hortaz, inguruan erleren bat badago, geldirik egotea komeni da, ez dezan sentitu arriskuan dagoela. Eta erle batek ziztatuz gero, ez da kolperik eman behar, arriskua baitago inguruan dauden erleak erakartzeko. Bestalde, Fernandezek  azaldu du argi ultramorea ikusten dutela: beraz, kolore urdin eta moreetara hurbiltzen dira.

5. SUGEAK

Hamabi bat suge espezie daude Euskal Herrian, baina, hamabi horien artean, hiru soilik dira pozoitsuak, Jon Garin Aranzadi zientzia elkarteko herpetologoak azaldu duenez. Gainera, esan du pozoia harrapakinak ehizatzeko dela, eta ez inori eraso egiteko: «Gizakiek eskuak ditugu elikatzeko, baina sugeek mugak dauzkate elikatzeko orduan, hau da, ezin dituzte guk bezala gorputz atalak baliatu harrapakina ahoan sartzeko». Gainera, normalean, Euskal Herriko sugeak «iheskorrak» izaten direla esan du. Halere, gogorarazi du komeni dela sugeak ez xaxatzea edo hartzea, gerta baitaiteke horietakoren bat topatzea eta hozka egitea.

6. AKAINAK

Akainak ez dira intsektuak, artropodoak baizik. Armiarmetatik gertuago daude intsektuetatik baino. Aitor Cevidanesek azaldu du zergatik ikusten diren gehiago udan: «Ez daukatenez beren tenperatura erregulatzeko gaitasunik, inguruko tenperaturaren menpe daude. Horregatik, udaberrian, eguraldi ona hasten denean, ugaritu egiten dira, beren zikloa betetzen hasten direlako».

Euskal Herrian, hogei akain espezie inguru daude. Bakoitzak bere habitata du, eta espezierik ohikoena Ixodes ricinus da. Baso inguruetako iratzeak eta belarra ez ezik, zona hezeak ere gustatzen zaizkio, ikerlariaren arabera. «Belarretara edo iratzeetara igota egoten dira, esperoan, pertsona edo animalia bat pasatu eta haiei atxikitzeko. Horregatik, txangoren bat egiten badugu, koska egiten digute», azaldu du Cevidanesek.

Animalien eta gizakien odolaz elikatzen dira, eta, hortaz, ezinbestekoak dituzte bizitzeko. Horiek kentzeko, garrantzitsua da pintzak erabiltzea, buruaren oinarriari ondo eusteko moduan. «Garrantzitsuena da oliorik edo baselinarik ez jartzea, oso arriskutsua izan daiteke eta», ohartarazi du ikerlariak. Gero, zona hori ondo desinfektatu behar da.

top