Bertsolarien sehaska

Larunbatean jokatu zen Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa. Herriz herri, bertso eskoletan prestatzen dira bertsolari gazteak horretarako; Villabonan, adibidez. Urtean bermatuta daukaten plaza bakarra da, eta, hein batean, gainerakoak ere Eskolartekoak baldintzatzen dituela azaldu dute.

Sekulako saioa izan zen», «oso ondo aritu ziren denak», «profesionalen saio bat baino hobea izan zen!». Joan den larunbateko Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketaz ari dira Tolosaldeko eta Goierriko bertsolari gazteak, mahaiaren bueltan eserita, Villabonako musika eskolan (Gipuzkoa). Bertan egiten dituzte bertso eskolak, Ane Beloki bertsolari eta irakaslearekin, eta ikasturteko azkenetariko saioa dute gaurkoa.

Lehenengo plazak izaten dira Eskolarteko Txapelketak bertsolari gazteentzat. Urtero, lurraldekakoa jokatzen da lehenik, eta saio horietako irabazleek parte hartzen dute Euskal Herrikoan. Horrek markatzen du bertso eskolako agenda ere: badakitenez Eskolartekoan zer ariketa egin behar dituzten, horiek entseatzen dituzte.

Belokik hasi egingo direla esan orduko hurbildu dira gelaren sarrerako mikrofonora June Aiestaran eta Aratz Arzelus bertsolariak. Hau dute gaia: «Kuadrilla bereko bi pertsona zarete. Uda giroa dela eta, hainbat plan egiten hasi zarete, eta konturatu zarete kuadrillako neska bat hondartza eta igerilekuko planetara ez dela animatzen. Gainerakoetara bai, ordea».

Zortziko handian hasi dira bertsotan, eta honela bota dio Aiestaranek Arzelusi: «Ta segurtasun falta handia/ Aratz gaurkoan ote du/ falta horretan eragina guk/ ere izan dezakegu». Eta Arzelusek erantzun: «Nire ustetan ez du gustuko/ berak uain duen gorputza/ zemuz dagoen galdetuz eman/ diezaiogun laguntza». Bertsoen amaierak elkarrekin abesten dituzte gainerako gazteek, eta, bertsoaldia amaitzean, zer moduz egin duten edo zer hobetu zitekeen aztertzen dute.

Beñat Zeberiok eta Oibar Olanok egin dute hurrengo sorta. Talde bereko bi musikari dira. Uda iristear denez, hainbat kontzertu emateko deitu diete. Zeberiok baietz esan nahi die denei, eta Olano, berriz, kopurua mugatzearen alde dago. Doinua adostu ondoren bota du Zeberiok lehen bertsoa, bere arrazoiak azalduz: «Matematika ikasi nahi dut/ nahiz eta pasa apuruk/ baina nik Bilbon pixua lortzeko/ Oibar dirua behar dut».

Olano trabatu egin da bigarren bertsoaren erantzunean, eta denen artean lagundu diote: «Zer behar dituzu, ideiak edo errimak?», esan dio Belokik. Bata bestearen atzetik eman dizkiote errima proposamenak, zerrenda osatuz: «Eredu, negu, gaude gu, aingeru, Angelu, degu, dezakegu...» Lortu du bertsoa amaitzea: «Baina bestela re badaukagu/ nahikoa saltsa ta endredu/ Oain guazen gaurkua itia/ bihar hitz egingo degu». Jare Bengoetxea eta Izar Zelarainek bota dituzte hurrengo bertsoak.

PLAZARI NEURRIA HARTZEN

Bertso eskolako gazte guztiek hartu dute parte aurten Eskolartekoan, Olanok izan ezik; gai emaile lanetan aritu da azken hori. «Batzuentzat besteentzat baino errazagoa da, baina bai, zaila egiten da», onartu du Zeberiok. Orokorrean, aurtengoa esperientzia hobea izan dela aipatu dute guztiek. Zelarainek, adibidez, hirugarrenez parte hartu du aurten: «Lehenengo urtean askoz ere okerrago pasatu nuen; aurten, hirugarrena izanik, askoz ere lasaiago egon naiz».

Urteek emandako esperientziaz gain, aurtengo ikasturtean bertso eskolan «dezente aurreratu» dutela esan du Aiestaranek, eta horrek ere lagundu diela Eskolartekoan erosoago sentitzen. Baietz diote buruarekin gainerako bertsolariek ere, eta irakaslea ere ados dago haiekin: «Hasieratik bukaerara eboluzio bat egon da, bai».

Hainbat bertute onartzen dizkiote Eskolartekoari: bertsolari gazteak ezagutzeko aukera ematen die, gainerako bertsolariekin saretzekoa, eta baita haien burua ezagutaraztekoa ere. Izan ere, plaza hori izaten da haiek urtean ziur daukaten bakarra. «Adin horrekin plazak sortzekotan, hortik sortuko dira. Hein batean, Eskolartekoak baldintzatzen ditu gainerako plazak ere», esan du Belokik.

Gaur egun plazaz plaza dabiltzan bertsolari gehienak ere hala hasi ziren: Eskolartekoa izan zuten sehaska. Etorkizunekoak ere horretan ari dira dagoeneko.


HAIRA AIZPURUA: «GURE BARNETIK ATERA BEHAR DA PARTE HARTZEA»

Txikitatik izan du etxean presente bertsoa Haira Aizpuruak (Sara, Lapurdi, 2006), eta 9 urterekin-edo eman zuen izena bertso eskolan. Berak jantzi zuen txapela Iurretako (Bizkaia) Euskal Herriko Eskolarteko txapelketan. Pozik geratu zen egindako lanarekin.

Zorionak! Zer moduz joan zen Iurretako saioa?

Ni hamargarrena nintzen jarrita; beraz, ez nuen anitz segitu saioa. Ofizio batzuk bai, baina ez denak. Baina ustez bertso aldetik saio on bat atera da, gaiak ez ziren beti baitezpada errazak, eta, hala ere, bakoitzak jarri du beretik. Biziki giro ona ukan dugu.

Espero zenuen irabaztea?

Espero ez, ez nuelako sobera segitu saioa. Nirearekin gustura geratu nintzen, eta pentsatu nuen horrekin aski zela. Gero ekartzen banuen txapela edo bigarren postua-edo, bada, bikain, baina bestela ere pozik. Kontent nengoen egindakoarekin, eta bestela beste lagun batek irabaziko luke, beraz, kontent ere bai.

Erronka da Eskolartekoan izena ematea?

Badira ariketak bertso eskolan egiten dituzunak, baina, gero, Eskolartekoan publikoaren aitzinean zara, eta hori ez da berdin, ene ustez. Gazte izanik hori kudeatzea ez da erraza. Baina ene ustez gakoa da gaztea ez dela behartua sentitu behar parte hartzera. Inguruak motibatu ahal zaitu, baina gure barnetik atera behar den erabaki bat da.

Zer ekarpen egiten dio bertsolaritzari?

Txapelketaren barnean zara, eta beti sentitzen duzu ongi egin behar hori, izanen dituzulako epaileak aitzinean. Bertsolari gazte gisa ematen dizu lehen plaza bat.

Agurreko bertsoa hainbat pertsonari eskaini zenien.

Nahi nituen eskertu familiakoak eta lagunak. Aurten, bereziki, babes handia sentitu baitut. Azkenean, baditugu azterketak, gure aktibitateak, eta Eskolartekoa etortzen da ekainean, eta ez da baitezpada momentu ona izaten. Beraz, babes hori inportantea da, eta eramaten zaitu ahal bezain ongi kantatzera eta ongi pasatzen duzu.

Zer esango zenieke bertsolari gazteei, Eskolartekora animatzeko?

Sentitzen badute gogo zerbait haien barnean erraten diena «Bo, zerendako ez?», kasu egitea. Berez ez dela deus galtzeko, eta, nahiz eta txapelketa bat den, talde bezala aritzen garela. Gainera, biziki aukera ona da harremanak egiteko, eta esperientzia bezala.

top