Bertsolari txiki handia
1. NOR ZEN LAZKAO TXIKI?
Gipuzkoako eta Euskal Herriko bertsolari kuttunetako bat izan zen Joxemiel Iztueta Lazkao Txiki. Lazkaomendin (Gipuzkoa) jaio zen; Abalin baserria izan zuen sehaska. 9 urterekin entzun zituen bertsolariak lehen aldiz, Uztapide eta Zepai, hain zuzen. Hark, berriz, 17 urterekin kantatu zuen estreinakoz jendearen aurrean, Legorretan (Gipuzkoa). Etzi beteko dira 30 urte bertsolaria hil zenetik, ebakuntza bat egin eta bi hilabete erietxean igaro ondoren. «Zuk lo jarriko nauzu, baina nork jarriko du despertadorea?», esan omen zion anestesistari.
2. ZERGATIK ZEN EZAGUNA?
Umoretsua zen Lazkao Txiki, eta haren pasadizo eta ateraldiengatik du gogoan jendeak, batik bat. Dena den, sentibera ere bazen, eta entzuleek ez zioten hori hainbeste aitortzen. Hainbat bertsolarik aipatu izan dute estereotipo hori zela-eta jendeari barre eragiten ahalegintzen zela, buru-belarri, baina mintzen zuela serio hartzen ez zutela sumatzeak.
3. ZERI BURUZ ABESTEA ZUEN GUSTUKO?
Euskara eta Euskal Herria kantatzeko gai kuttunak zituen Lazkao Txikik, eta bazuen euskarari buruzko kezka. Lan handia egiten zuen hizkuntza zuzena eta landua erabiltzeko. Hala egiteko eskatzen zien gainerako bertsolari gazteei ere: bertsotan aritzeko, ezinbestekotzat jotzen zuen hizkuntza ondo ikasi eta menderatzea. Hark esana da: «Martxa honetan, aurki erdaraz hitz egingo dugu, euskaraz ari garelakoan».
4. ISPILUARI JARRITAKOAK
Oso ezagunak dira Lazkao Txikik ispiluari kantatutako bertsoak:
Oso ispilu eder polit bat
didate aurrera ekarri
Eman duenak jakingo zuen
mutilzahar honen berri
Gazte dan arte hau izaten da
gazte guztien pozgarri
Zahartutakoan ez da beiratzen
gaztetan ohi bezain sarri.
Aizak, nik hiri bota behar dit
bertso koxkor bat edo bi
behingoan jarri geran ezkero
biok aurpegiz aurpegi
Neri begira hortik daduzkak
alperrikako bi begi
hik ez nauk noski ni ikusiko
baina nik ikusten haut hi.
Neri begira jarrita, motel,
zertarako hago honela?
Ta pentsatzen dit aspalditxotik
ezagututzen hautela.
Mutilzaharraren moko horrekin
ez dek ematen motela
azal-zimurtzen ari haiz motel
Lazkao Txiki bezela.
5. NOLA JAKIN HAREN BERRI?
Lotura Films ekoiztetxeak Lazkao Txikiri buruzko marrazki bizidunak sortu zituen duela urte batzuk, Juanba Berasategiren zuzendaritzapean, eta ETB1en eman zituzten. Bertsolariaren umetako eta heldutako pasadizoak kontatzen zituzten, atal labur eta dibertigarrietan. Gaur egun, Euskal Encodingsen webgunean eta Youtubeko kanalean daude ikusgai. Guztira, 76 atal egin zituzten, eta bertsolari ezagunek jartzen zieten ahotsa pertsonaiei. Andoni Egaña bertsolariak abesten zuen sarrerako sintoniako bertsoa:
Hainbat herritan ume txiki bat
hurbiltzen zitzaizunean
bere neurrian jartzen zenekin
era maitakor xumean.
Txiki izenez, txiki gorputzez,
handia maitasunean.
Ta handiago bilakatuko
zara etorkizunean.
Zure txikitasunean.
6. NON BIZI IZAN ZEN?
Lazkaomendiko Abalin baserrian bizi izan zen Lazkao Txiki. Duela urtebete inguru, plaka bat jarri zuten haren omenez, baserriaren ertz bateko pareta batean.
7. ATERALDIAK
Irudimen azkar eta handikoa zen bertsolaria, bote-prontoan etortzen zitzaion beti ezusteko erantzunen bat. Hona hemen haren hainbat pasadizo, Lazkao Txiki. Gertaerak eta txisteak liburutik:
Medikuak esan zion:
—Zu lasai, ebakuntza honek ez dauka beste munduko arriskurik. 10.000tik bat hiltzen da.
Eta Lazkao Txikik erantzun:
—Eta bat hori hilda al dago?
***
Egun batean honela galdetu zioten Lazkao Txikiri:
—Zu, Joxe Migel, non jaio zinen?
—Lazkaon.
—Eta hazi?
—Hazi inon ere ez!
***
Beste batean honela galdetu zioten:
—Zuek zenbat senide izan zarete?
—Gu zazpi —Joxe Migelek—. Hiru arreba eta lau anaia.
—Eta bizi?
—Bizi, ni bakarrik.
—Eta besteak?
—Ez; haiek lana egiten dute.
***
Mendi-bidean gauez zihoala, guardia zibil batek oihukatu zion:
—¡Alto! (Gaztelaniazko alto hitzak geldi! eta altua esan nahi du).
Eta Joxe Migelek erantzun:
—¡Yo no! (Ni ez).
BA AL DAKIZU?
Lazkaon, bertsolariaren harrizko estatua bat dago, Lazkao Txiki zelaia izeneko plazan. Urtero, herriko kultur eragileek omenaldia egiten diote, haren heriotzaren urteurrenaren inguruan.