Beldurrak ulertzeko saiakera
Beldurrei buruzko antzezlana estreinatu du Anodino Teatro antzerki taldeak: ‘Mamuak ezagutzera joan zen umea’. Txotxongiloez baliatuz, eta tonu umoretsuan eraikitako ikuskizun familiarra da.
Ane Insausti Barandiaran
Altuerei, hegan egiteari, suari, iluntasunari, animaliaren bati... Pertsona bakoitzak bere beldur propioak izan ditzake. Beldur horiek itzalita egon litezke, gainera; desaktibatuta baleude bezala. Baina, oharkabean, eta edonoiz, esnatu edo aktiba daiteke ustez itzalita zegoen beldur bat. Gai horri heldu dio Anodino Teatroak bere azken lanean: Mamuak ezagutzera joan zen umea. Igandean estreinatu zuten, Getxoko (Bizkaia) Muxikebarri aretoan.
«Ausartentzako» familia ikuskizuna da, kartelak iragartzen duenez. Zergatik ausartentzat, baina? «Ez dugu beldurrik eman nahi, baina argi utzi nahi dugu mamuak agertzen direla. Hau da, ez da beldurra emateko ikuskizuna, baizik eta beldurrei buruz hitz egiteko aitzakia bat», argitu du Aitor Fernandino obraren zuzendariak. Beldurra eman baino gehiago, ikuskizuna ikustera joateko amu gisa jarri dute esaldia: «Ni ausarta naiz, beraz, joango naiz» esateko.
Ez da Anodino taldeak gaia landu duen lehen aldia, antzezlan txiki bat egin baitzuen duela urte batzuk horren bueltan: «Beldurra askotan gizarte honetan jendea geldiarazten duen zerbait da. Bai gizartea, eta bai pertsona bakoitza; oztopatzen duen gauza bat da». Gaia berrartzea erabaki dute oraingoan, baina konponbide argirik ez dutela ematen ere ohartarazi du zuzendariak: «Ez dugu erantzunik ematen, baina gure ikuspuntua ematen dugu horri buruz».
Izan ere, zer gertatzen da norbaitek beldurra sentitzen duenean? Nola erreakzionatzen du inguruak? Malda eta Zorrotz protagonistei horixe gertatzen zaie antzezlanean: parez pare lanean ari dira almazenean, baina haietako bat iluntasunaren beldur da, eta beldurtu egiten da. Lankideak, ordea, barrez erantzuten dio. «Askotan hori gertatzen zaigu, ezta? Ez dugula besteen beldurra ulertzen, eta barre egiten dugu, edo ez dugu ulertzen eta esaten dugu: ‘nola izan dezakezu beldurra?’», hausnartu du Fernandinok.
Irrazionala edo ulertezina izan baitaiteke batzuentzat, baina horrek ez du esan nahi besteentzat garrantzirik ez duenik. Horixe da eman nahi duten mezua, zuzendariaren hitzetan: «Barre egin edo ez ulertu baino gehiago, aztertu behar da zergatik sentitzen den beldur hori. Arrazionalizatu egin behar da, jakin nondik etor daitekeen, eta, besteek, errespetatu».
Beldurraz, baina jolasean
Gaia serioa izan arren, Anodinoren ukitua izango du obrak, eta umorerik ez da faltako. Beldurrarekin ere jolastu daitekeelako, edo umorezko lan bat sortu, hari buruz hitz egiteko: «Kontatu nahi duguna modu ludiko edo dibertigarri batean kontatzen saiatu gara. Uste dut lortu dugula, emaitzarekin pozik gaude. Nik kanpotik begiratzen dut, eta grazia ematen dit».
Jolas horretarako, bi osagai garrantzitsu erabili dituzte: batetik, haiek eraikitako txotxongiloak, eguneroko tresnak erabiliz (erloju bat, kafetera bat, dutxako txorrota...); eta, bestetik, zuzeneko musika, Tomas Ruti musikariaren eskutik: «Saiatu gara musika ez izaten hor kanpoan gertatzen den zerbait, baizik eta antzezlanean gertatzen den zerbait».
Eta, horretarako, zer hobeto lagun artean lan egitea baino? Leire Orbek eta Maite Fombellidak egiten dituzte aktore lanak, eta Tomas Rutiren ardurapean dago zuzeneko musika. Adiskideak dira laurak, eta zuzendariak esan du antzerkian lagunekin lan egitea «oparia» dela. «Oso pertsona eskuzabalak dira, eta laurok oso pozik egon gara, talde osoa oso gustura egon delako».
Ikuskizun familiarra da, ez soilik haurrentzakoa: «Nik ume txikiak dauzkat, eta gustatzen zait horrelako antzezlanetara haiekin joatea: umeek ondo pasatu behar dute, baina nik ere bai. Umeak helduak bezala tratatzen ditugu, ez diegu umeak bezala hitz egin nahi, ez ditugu infantilizatu nahi», adierazi du Fernandinok. Gaiak ere ematen baitu horretarako: haurrek, gazteek zein helduek bizi dituzte beren beldur eta mamuak.
FITXA ARTISTIKOA
- Aktoreak: Leire Orbe eta Maite Fombellida.
- Musikaria: Tomas Ruti.
- Zuzendaritza: Aitor Fernandino.
- Musika konposizioa: Tomas Ruti.
- Txotxongiloen eraikuntza: Mikel Fernandino.
- Testua: Aitor Fernandino.
- Argiztapenaren diseinatzailea: Soledad Carril.
- Ekoizpena: Anodino Teatroa.