'Behinola', 25 urteko bidaia

Haur batek eskuetan liburu bat hartu orduko, diz-diz egiten diote begiek. Baina liburu hori ez da ausaz iristen, heldu batek ematen die bultzada. Heldu horiek trebatzeko sortu zuen Galtzagorri elkarteak ‘Behinola’ aldizkaria, duela 25 urte; 50. alea argitaratu dute abenduan.

Ane Insausti Barandiaran

Hauxe da haur eta gazte literaturaren ezaugarrietako bat, Miriam Luki aldizkariko koordinatzailearen hitzetan: «Haur eta gazte literaturaren ezaugarri nabarmenena da bitartekari bat behar dela. Helduok aukeratzen dugu haurrek zer irakurriko duten». Esaterako, bitartekariak dira Durangoko azokako erakusmahaian (Bizkaia) liburuak kokatu dituzten pertsonak, haiek aukeratu baitute zein liburu jarri begien bistan eta zein ez; bitartekariak dira gurasoak, liburuak irakurtzen baitizkiete oraindik irakurtzen ez dakiten haurrei; eta bibliotekariak, irakasleak, sortzaileak...

1999an sortu zuten aldizkaria, eta, urtero, bi ale argitaratzen dituzte: bata ekainean, eta bestea abenduan. Ibilian-ibilian, 50. alera iritsi dira. Erredakzio batzorde bat da aldizkariaren bihotza, eta hark erabakitzen du hurrengo seihilekorako gaia. Lore Agirrezabal, Karla Fernandez de Ganboa, Lorena Martinez Oronoz, Mikel Aierbe, Igor Idoate eta Mireia Delgado dira talde horretako kideak; Asun Agirianok, berriz, taldea utzi berri du, baina bertan egon da sorreraz geroztik.

Gai ugariri heldu diete 25 urte hauetan: edizioari, itzulpenei, antzerkiari, haurrentzako ez-fikzioari eta beste hainbat konturi buruzko aleak ondu dituzte. Aukeraketa nola egiten duten azaldu du Lukik: «Euskarazko literaturaren panoraman dauden gaiak lantzen ditugu; hemen oraindik landu gabeko gaiak baldin badira, kanpora bila joaten gara, gurera ekartzeko».


Esate baterako, azken aleetako batean, liburu objektuak landu dituzte. Izan ere, batzuetan, haurrentzako liburuak objektuak dira bere horretan. Adibidez, zuhaitz forma dutenak: «Ez daukate hitzik, baina zuhaitza zabaldu egiten da, akordeoi bat bezala, eta urtaroak lantzeko balio du: batzuetan hostoak dauzka, besteetan erori egin zaizkio, edo loratu... ».

Eta gai jakin bati buruzko erreportajeak lantzeaz gain, liburuei buruz ere idazten dute, Iruzkinak atalean. Irakurketa mintegi bat daukate horretarako, eta liburuen aukeraketa bat egiten dute ale bakoitzean. «Mintegia irakurle talde bat da, eta urtean euskaraz ateratzen den guztia irakurtzen dute, galbahea egiteko. Gero, iruzkinak eginez, narratibari eta ilustrazioei buruzko argudioak ematen dituzte».Diseinu zaindua du aldizkariak, eta ez kasualitatez; kolaboratzaile ugarik parte hartzen dute, eta dagoeneko sare bat osatu dute. Ilustratzaile eta idazle horientzat «erakusleiho» edo «plaza bat» dela esan du Lukik, eta album ilustratuak ere sortu izan dituztela elkarrekin gerora, aldizkarirako egindako lanei esker.

Etorkizuna hizpide

Abendukoa da 50. alea, baina 49. aletik ireki zioten bidea. Izan ere, ekainekoan, etorkizunari buruz hausnartu zuten erredakzio batzordeko kideek, betiere haur eta gazte literaturari lotuta. «Kide bakoitzak ezizen bat hartu genuen, eta forma geometriko bat: ni hiruki bat nintzen, adibidez». Hala, albiste txoroak argitaratu zituzten: haurrek eta gazteek nazioarteko gerra bat sortu zutela, heldukraziaren aurkakoa, adibidez. 50. alea, ordea, berezia izatea nahi zuten. Horrek ere etorkizunari buruzkoa izan behar zuen, baina haurren esku utzi nahi zuten urteurreneko ale berezia sortzea. «Gu gara beti haur eta gazteei buruz hitz egiten dugunak; oraingoan nahi genuen belarria jarri, eta haiei ahotsa eman». Hala, etorkizunari buruz hausnartzen jarri zituzten, eta margoak, arkatzak eta irudimena martxan jarri zituzten gazteek, Bilboko Azkuna zentroan egindako tailer batean eta Oiartzungo ehuntze espazioan (Gipuzkoa) egindako beste batean.


Emaitza biribila osatu dute: ortzi muga koloretsu bat marraztu dute, geruza ugarikoa, eta hori eraman dute 50. zenbakiaren azalera. Dena den, ondorioak «nahikoa gogorrak» direla onartu du Lukik. Izan ere, aldizkariko lantaldearen hipotesia zen haurren etorkizunarekiko ikuspegia baikorragoa izango zela helduena baino: «Ezkorrak dira, ordea. Gailu teknologikoei lotuta, esaten dute etorkizuna ez dakitela nolakoa izango den, eta gobernuak kontrolatu egin beharko lukeela horien erabilpena, gaixotzen ari direlako; badute kezka, baita ere, ea robotek kontrolatuko ote dituzten...». Hori eta beste hainbat kontu topatu daitezke aldizkariaren 50. zenbakian.

Aurrera begira, orain bezala euskal sortzaileen plaza izatea dute helburu, eta begi bat barrura eta beste bat kanpora begira dutela jarraitzea. «Haur eta gazte literaturan gure bitartekarientzat interesgarria den hori guztia ekartzen eta lantzen jarraitu nahi dugu». Egun bat ere badute agendan idatzita: otsailaren 8an, festa bat egingo dute San Telmo museoan, Donostian. Egindako bidea ospatzeko eguna izango da. 25 urte ez baitira egunero betetzen.

top