Battitta Ducassou: «Txapelak ez ditu gauza asko aldatzen niretako»
Igandean zazpigarrenez irabazi zuen Battitta Ducassouk (Itsasu, Lapurdi, 1991) trinketean buruz buruko txapelketa. Aise irabazi zion partida Mathieu Ospitali (40-27), eta buruz buru txapel gehien dituen trinketlaria bihurtu da.
Ane Insausti Barandiaran
Zorionak! Nola bizi izan zenuen igandeko finala?
Partida zaila izan da; bereziki, hastapena. Pixkanaka, nire jokoa ongi ezarri dut, eta lortu dut irabaztea; hiru ginen sei txapelekin, eta orain bakarrik naiz zazpigarren txapel horrekin.
Zer sentiarazten dizu horrek?
Pozik naiz. Hala ere, ez ditu gauzak aldatzen niretako. Jokalaria naiz eta segituko dut entrenatzen. Lehiakorra naiz, eta oso ongi sentitzen naiz bai fisikoki eta bai mentalki, segitzeko, nahiz eta kasik 33 urte ditudan. Nahi nuke marka hori hobetu, baina ikusiko dugu.
Bederatzigarren finala zenuen, eta faboritoa zinen. Horrek presioa sortzen du?
Pixka bat, bai. Baina behar duzu horretaz ez pentsatu, eta zure jokoan zentratu. Hori oso erraza da erraten, baina batzuetan buruan pasatzen dira gauza batzuk eta ez dituzu kontrolatzen.
Trinketetik bizi daiteke?
Profesional mailan jokatzen dugu, eta ukaiten dugu dirua jokatzen dugularik. Baina, halere, ez gara egiazko profesionalak Hegoaldean bezala, eta kasik guztiek badugu lan bat honen aparte. Ni enpresa baten buruzagi naiz, beste bi lankiderekin, eraikuntzan.
Zein izan dira zure erreferenteak?
Ttipitatik baziren jokalari biziki onak trinketean: Manu Martiarena, Xerri Karrika, Rene Muskarditz... Hegoaldeko pilota ere biziki maite dut, eta izan dira biziki pilotari handiak, asko begiratzen eta maite nituenak. Bereziki Juan Martinez de Irujo, Aimar [Olaizola], Oinatz Bengoetxea, Xala... Pilotari handi haiek telebistan ikusiz handitu naiz.
Zergatik du trinketak halako sona Ipar Euskal Herrian, eta ez hainbeste Hegoaldean?
Pentsatzen dut telebistak anitz egiten duela. Hegoaldean bada Euskal Telebista, partidak ematen dituena; hemen ez, nahiz eta ikusten ahal diren partidak orain Internet bidez. Ekonomikoki ere diferentea da: gure zirkuituan Hegoaldean baino diru gutxiago da.
Noiz hasi zinen zu trinketean?
Pilotari familia batean sortua naiz; baditut bi anaia nagusi, eta haiek pilotan aritzen ziren. Beraz, aski naturalki etorri naiz pilotara. Gero, sartu naiz Itsasuarrak Itsasuko pilota klubean 6-7 urte goiti, eta ez naiz sekula gelditu.
«Pilotari handi haiek telebistan ikusiz handitu naiz»
Bazenuen beste zaletasunik?
Biziki maite dut kirola, orokorki. Maite nituen errugbia eta zangobaloia ere. Halere, aitak debekatu zidan errugbian jokatzea, kolpatzen ahal nintzelako. Futbol ekipo batean sartu nintzen Ezpeletan [Lapurdi]. Gero, 15-16 urterekin ikusten nuen emaitza onak nituela esku pilotan, nire maila hobetzeko.
Marka bat hautsi duzu; zein da hurrengo erronka?
Aste hau profitatu dut familia eta lagunekin. Gaurtik [herenegun] hasi ditut entrenamenduak, martxoaren 2an hasiko dugulako Binakako Txapelketa. Ederra litzateke, zertako ez, bigarren txapel bat eramatea binakako jokoan.
MOTZEAN
- Plater bat? Espagetiak, karbonaran.
- Frontoi bat? Itsasuko (Lapurdi) Balaki trinketa.
- Abesti bat? Ken Zazpiren Ilargia.
- Kolore bat? Berdea.
- Zenbaki bat? Zortzia.