Basterretxea, artista konprometitua

Ane Insausti Barandiaran

1. NOR IZAN ZEN?

Euskal Herriko artearen historiako izenik ezagunenetakoa da Nestor Basterretxearena, euskal abangoardia sortu zuten artistetako bat baita, beste kide batzuekin batera. Hainbat alorretan aritu zen: eskulturan, pinturan eta zineman, batik bat. Bermeon (Bizkaia) jaio zen, 1924an, eta Hondarribian (Gipuzkoa) hil, 2014an. Aurten, ehun urte dira jaio zela, eta, ostiralean, hamar urte beteko dira hil zenetik.

2. ZER BIZIMODU IZAN ZUEN?

Arkitektura ikastea zuen amets umetan, baina, 12 urte zituela, 1936ko gerra hasi zen. Ondorioz, erbesteratu egin zen familiarekin: Donibane Lohizunera (Lapurdi) lehenik, eta Frantziara gero. Izan ere, aita EAJko kidea zenez, Parisko euskal delegaziora gonbidatu zuten. Bigarren Mundu Gerra hastean, Buenos Airesera egin zuten ihes, eta 11 urte igaro zituen Argentinan. Portuan, gizon batek «zer dakizue egiten?» galdetzen zien iritsi berriei, lanean hasteko. Marrazten zekiela erantzun zion, eta orduan hasi zen Nestleren publizitate sailean lanean.


3. ZER IBILBIDE EGIN ZUEN ARTEAN?

Publizitaterako hainbat marrazki egin zituenean hasi zen haren ibilbide artistikoa. Argentinan ezagutu zuen Jorge Oteiza, eta lagun minak egin ziren. 1951n ezkondu zen Maria Isabel Irurtzunekin, eta Madrilera joan ziren eztei bidaian. Laster itzuli zen Euskal Herrira, eta Oteizarekin izan zuen harremana garrantzitsua izan zen itzuleran. 1958tik aurrera, eskulturan zentratu zen batik bat.

4. ZER TALDETAN PARTE HARTU ZUEN?

Basterretxea beti egon da gainerako artistekin hartu-emanetan. Bi talde artistikotako sortzaileetako bat izan zen: 1957. urtean Grupo57 sortu zuen, Agustin Ibarrolarekin eta Jorge Oteizarekin. Hainbat eskultore, arkitekto eta margolari bildu zituen taldeak. 1966. urtean, aldiz, Gaur taldea jarri zuen martxan. Amable Arias, Eduardo Txillida, Remigio Mendiburu, Rafael Ruiz Balerdi, Jose Antonio Sistiaga eta Jose Luis Zumeta ere taldearen parte ziren.

NESTOR BASTERRETXEA: «Talde batean sartzea konpromiso kolektibo bat hartzea da, izaera sozial bat du, aldarrikatzailea. Talde horietako kide izatea ohore bat da niretzat».


5. NOLA ULERTZEN ZUEN ARTEA?

Artistak esaten zuen artean dena ezin dela azaldu: «Obra batean azaldu dezakezuna da aurretik planifikatu duzuna. Bidean aurkitzen duzuna ezin da argi azaldu». Denborak ez zuen bere esperimentazio gogoa zapuztu, eta artea eta sorkuntza maitatzen jarraitu zuen azken eguneraino. Izan ere, arteak heriotzari eta bakardadeari aurre egiten laguntzen ziola esaten zuen: «Sorkuntza maite dut, sendagairik onena da. 05:00etan esnatzen naiz; ezin dut neure burua jasan ohean, heriotzan pentsatzen hasten naizelako».

6. ZER PENTSAMENDU POLITIKO ZUEN?

Erbestean bizi izan zen arren, ez zuen inoiz «euskal sentimendua» galdu: «Ez dakit euskaraz, eta horrek tripako mina sortzen dit», esaten zuen. Gizartearekiko konpromiso handia izan zuen, eta hainbat kanpainatarako sortu zituen irudiak: ezagunenetariko bat Euskaltzaindiak bultzatutako Bai Euskarari kanpainakoa da. 1980ko hamarkadan, lehenengo Eusko Jaurlaritzako Kultura sailean aholkulari lanak egin zituen, Karlos Garaikoetxea buru zuela (EAJ). Gerora, EAko militantea ere izan zen hainbat urtez.

7. ZEIN DIRA HAREN LANIK EZAGUNENAK?

Arantzazuko kriptako margolanak

Arantzazuko basilikako kriptako margolanak Basterretxeak egin zituen. 1953an lehiaketa irabazi eta urtebetez proiektuan lanean ibili ostean, elizak lanak bertan behera uzteko eskatu zion 1955eko udan, eta gauetik goizera ezabatuta azaldu ziren. Azkenean, 1980ko hamarkadan amaitu zuen lana, ia 30 urte geroago.


'Ama lur' filma

Zinema ere landu zuen Basterretxeak bere ibilbidean; «izugarrizko arma» dela zioen, daukan «adierazteko gaitasunagatik». Ama lur filma Fernando Larrukertekin batera zuzendu zuen, eta Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, 1968an. «Euskal esentziei egindako kantutzat» jo zen, eta garai hartako pelikularik «zentsuratuena» izan zela esan zuen Basterretxeak.


'Bakearen usoa', Donostian

Euskal Herriko hainbat tokitan daude Basterretxearen eskulturak. Izan ere, eskulturek etxean, museoetan edo kalean egon behar ote duten galdetuta, Basterretxeak «zentzudunena» kalean egotea dela zioen: «Haur batentzat, eskultura bat izan dadila bere herriarena den zerbait». Donostiako Zurriola hondartzan dagoen Bakearen usoa da horietako bat. Behin baino gehiagotan errepikatzen da usoa haren obretan, bakearen alde egin zuen lanaren adierazgarri.


'Izaro', Eusko Jaurlaritzan

Eusko Jaurlaritzan dago Basterretxearen beste lan ezagun bat: Izaro. 1983. urtean jarri zuten ganberako buruan zazpi adarreko zuhaitza. Eskulturak Euskal Herriaren zazpi lurraldeei eta elizateetako zuhaitzen azpian legeak egiteko ohiturari egiten die erreferentzia. Instituzioekin izandako harremanaren sinboloa ere bada.


'Bakardade', Renon (AEB)

Euskal artzainei eskainitako monumentua da Bakardade, eta 1989an kokatu zuten Renon (AEB). Nevadan (AEB) eta inguruan lan egin zuten euskal artzainak omentzea du helburu. Sorbalda gainean ardi bat daraman artzain baten eskultura da, eta zazpi metroko altuera eta bost tonako pisua du.


top