Baserriak ateak zabalik

Ateak ireki ditu Asteasuko Bulano baserriak, Ongi etorri baserrira egitasmoaren barruan. Baserriko lanak ezagutarazi dituzte, baserriaren eta hiriaren arteko zubiak eraikitzeko asmoz.

Ane Insausti Barandiaran

Asteasuko (Gipuzkoa) Bulano baserriko atarian, Mikel eta Antonio Arteaga lehengusuek egin diete bisitariei harrera: ukuilutik metro gutxira, Igorretik (Bizkaia) eta Donostiatik joandako hogei bat lagunekin elkartu dira, eta prest daude beren bizimodua eta lana nolakoak diren azaltzeko. «Gu hementxe jaio ginen, eta txiki-txikitatik ezagutu dugu hau. Gure gurasoek eta aitona-amonek ere bai», esan diete.

Ongi Etorri Baserrira egitasmoan egin dute bisita; Enba sindikatuak antolatzen du, herritarrek baserriko lanak eta bizimodua ezagutu ditzaten. Ekintza «polita» dela esan du Antonio Arteagak, eta hirugarren urtea dutela bertan parte hartzen: «Jendeak egiten dugun lana bertatik bertara ezagutzen du. Askotan, supermerkatuan erosten dituzten oilaskoak eta esnea nondik datozen ere ez dute jakiten. Bide luzea dago atzetik».

Antonio bestelako lanetara joan da, eta Mikel Arteaga lehengusuak eman dizkie bisitariei azalpenak. Ukuiluan sartu baino lehen eman dizkie oinarrizko datuak: «Guk esnea egiten dugu; baina behi horiek haragia ere badute, eta haragia ere saltzen da, noski. Gipuzkoako ia denak bezala, Kaiku kooperatiba barruan gaude. Egunero-egunero kamioia etortzen da, eta eramaten dute esnea. Handik aurrera, haiek antolatzen dira».


06:15ean jotzen du egunero Arteaga lehengusuen iratzargailuak. «Lehenengo lana, ia arropak jantzi ezinik, ukuilura joan eta behiak jeztea da. Egunean bitan jezten ditugu behiak, goizean eta arratsaldean, seiak eta laurdenean». Antonio arduratzen da ukuilu barruko kazuelan janaria botatzeaz, eta Mikel, berriz, behiak etzanda egoten diren koltxoiak txukundu eta garbitzeaz. Hiru bat orduko lana izan ohi da. Haiek dira esne hori dastatzen lehenak, horixe gosaltzen baitute, lanak amaitzean: jetzi berri duten esne osoa.

Beti dago zereginen bat baserrian: ukuiluan konponketak eta tratamenduak egiten dituzte gero, arratsaldeko jezteko garaia iritsi bitartean. «Gure eguneroko lana 20:30 aldera bukatzen dugu. Ganadua bizirik dago, eta pertsona biziekin bezala, beti egon behar duzu guardian. Erditzeko garaia izan daiteke behi batentzat, edo behiren batek min hartu dezake erori egin delako...».

Behien bizitza

Ukuiluan, errenkadan daude behiak, jaten. Behi frisiarrak dituzte Bulanon, «esnea emateko egindako animaliak» baitira, azaldu duenez. Behiek bi urteren buruan izaten dute lehen txahala, pertsonek bezala bederatzi hilabeteko haurdunaldiaren ondoren. Helburua da urtean behi bakoitzak ume bat egitea. «Hor hasten da behia jezteko ziklo hori. Erditu ondoren, hamar hilabetez jetzi egiten da, eta bi hilabetez atseden ematen diegu gero, haurdunaldia bukatu arte. Izan ere, erditu eta hiru hilabetera berriro ernaltzen da, hurrengo txahala izateko, eta berriro esnea ematen hasteko».

Batez beste, egunean, 30 litro esne ematen ditu behi bakoitzak. Baina, horretarako, elikadura ere garrantzitsua da: egunean 50 kilo jaten ditu bakoitzak. Nola ematen ote diete jaten? «Guk janaria txikituta eta prest ematen diegu, kolpera jan dezaten. Kanpoan dagoen behi batek pentsa zenbat denbora behar duen 50 kilo jateko. Gainera, jana orekatua ematen diegu: %50 etxeko belarra da; %25, erosten dugun artoa, eta beste %25a, berriz, zerealak, pentsua».


Ukuiluan dituzten haizagailu eta eskuilei buruz galdetu diete bisitariek: «Bero handia egiten duen garaian jartzeko dira, eta haien artean hazka egiteko, ez baitira gu bezala dutxatzen». Animaliaren ongizatearekin lotutako arauak direla azaldu du, nahiz eta haiek arautegia baino lehenagotik zituzten, zenbat eta hobeto tratatu, orduan eta hobeto erantzungo baitute. Dena den, Europar Batasunetik datozen arauak kritikatu ditu Arteagak: «Oso erraza da Europako Batzordean, eserita, erabakiak hartzea. Arautegia geroz eta zorrotzagoa da, geroz eta gauza gehiago eskatzen dizkigute». Eta, ironiaz, zera: «Oraindik bidali ez digutena da gure ongizatearen arautegia, hori azkenerako utzita daukate».

Ukuiluaren beste aldean, txahal txikiak bisitatu dituzte ondoren, eta haurren atentzioa bereganatu dute: «Lau, bost eta zortzi egun dituzte txahal horiek. Oraindik ez dute izenik!». Esnea gordetzen duten tankea ezagutu dute gero. Eskailerak igota, burua goiko zuloan sartu dute. «Kontuz barrura esnetara erori gabe!».


Behiak jezten

Segidan ezagutu dute lantokiko zatirik garrantzitsuena: behiak jezteko gela. Seinaka sartzen dituzte behiak bertara, eta «oso kontzentratuta» egon behar dute, behiak egoera onean daudela ziurtatzeko: «Errapeak garbitzeko unea aprobetxatzen dugu zer moduz dauden ikusteko. Izan ere, behin esnea aterata, mahukara doaz, eta hori kontsumora». Dena den, tankean esne laginak egunero hartzen eta aztertzen dituztela ñabartu du, kalitatea frogatzeko. Lagina ondo dagoela ziurtatutakoan husten dute esnez betetako kamioia, ez lehenago.

Azalpenen amaieran, baserrian lan egingo luketen galdetuta, baiezkoa erantzun dute haurrek, baita 06:15ean esnatu behar badute ere: «Berdin dio, etorriko naiz!».

top