Bakarne Atxukarro: «Garrantzitsua da nondik gatozen jakitea»

Olbap da ipuineko pertsonaia nagusia. Nor da?

8 urteko mutiko bat da, eta Irulegi [Nafarroa] herrixkan bizi da, gurasoekin eta lagunekin. Bat-batean, bere aita ikusita, aitak egiten duena egin nahi du Olbapek ere, eta irakasteko eskatzen dio.

Aitak bezala, errementaria izan nahi du?

Aitak xafla txiki bat ematen dio, ikusteko ea berak posible duen zerbait egin. Orduan, esku bat asmatzen du. Ez daki zer-nolako itxura izango duen zehatz-mehatz, baina badaki esku bat izango dela. Baina bere eskua txikia da, eta horregatik esaten dio anaiari bere eskua jartzeko, haren itxurakoa egiteko.

Aitaren laguntzaz eskuan idatzi, eta etxeko atarirako egokia dela erabakitzen du, ezta?

Bai, eta etxeko atarian jartzeko garaian, aita etortzen zaio, eta esaten dio ospa egin behar dutela, erromatarren arteko gerra bertan daukatelako. Eskua han geratzen da zintzilik, inork ikusi gabe, baina, handik bi mila urte baino gehiagora, norbaitek aurkitu egiten du, eta hori da orain aurkitu dugun eta kontserbatu behar dugun altxorra.

Garaiko testuingurua erakutsi nahi izan duzue ipuinean?

Istorioa asmatu dugu, baina testuingurua benetakoa da. Horretarako, Aranzadi zientzia elkartearen laguntza izan dugu, Teresa Lacosta arkeologoarena, adibidez. Haiei erakutsi genien ipuina, dena ondo zegoela ziurtatzeko.

Orain, eskoletan landuko dute.

Bai, azken finean, eskoletan asko lantzen dituzte eskuak. Eta badakite azaldu zela esku bat Irulegin, baina askok ez zekiten zer zen; eta Irulegi herrixka bat zenik ere ez. Liburuari esker jakingo dute esku bat dela, baina haren azpian gauza asko daudela.

Taldean sortu duzue liburua. Erraza izan da elkarlana?

Ohituta gaude taldean lan egitera, eta oso erraza izan da. Gainera, Asunek oso irudi koloretsuak egin ditu, eta haur txikienak liluraturik geratzen dira. Koxkortuek, berriz, ikusten dute idatzia dagoena errazagoa dela irudiekin ulertzea eta barneratzea.

Zer esango zenieke haurrei liburua irakurtzera animatzeko?

Badakigu haientzat irakurtzea oso zaila dela, batez ere, orain, pantailak eta mila gauza dituztelako. Baina, liburu honekin, istorio txiki bat ikasiko dute, oso modu errazean eta erakargarrian. Irudien bitartez ikasiko dute nolakoak ziren hemengo herrixkak eta nola bizi zen hemengo jendea. Garrantzitsua da nondik gatozen jakitea, nora goazen asmatzeko. Liburua gazteleraz ere argitaratu dugu, eta, hemendik gutxira, ingelesera ere itzuliko dute.

LIBURUA

  • Izenburua: Irulegiko eskua.
  • Idazleak: Bakarne Atxukarro eta Izaskun Zubialde.
  • Ilustratzailea: Asun Egurza.
  • Orrialde kopurua: 40 orrialde.
  • Adina: 6 eta 11 urte bitarteko haurrentzat.
  • Argitaletxea: Denonartean.
  • Prezioa: 12 euro.
top