Aupa, Maurizia
Maiatzaren 19an beteko dira 35 urte Maurizia Aldeiturriaga hil zela. Baina nor izan zen panderoa joz «Aupa, Maurizia!» oihu egiten zuen emakume hura?
1. NOR ZEN?
1904an jaio zen Maurizia Aldeiturriaga pandero jolea, Zeberion (Bizkaia). Sei senideren artean, alabarik gazteena zen. Musikarekiko zaletasuna etxetik jaso zuen: aitak panderoa jotzen zuen, eta ahizpa zaharrenak, txirula. 8 urterekin hasi zen panderoa bere kabuz astintzen; orduak ematen zituen gelan, entseatzen. Hamaika plazatan jo zuen, eta Euskal Herriko plazandre erreferente bilakatu. Ostiralean beteko dira 35 urte hil zenetik.
2. NOIZ EGIN ZUEN JENDAURRERA SALTO?
12 urterekin izan zuen plazan jotzeko lehen aukera, Joakintxu Goti soinulariarekin. Ordurako, ordea, pandero jole ezaguna zen Maurizia. Izan ere, Zeberioko Fabrica de Hiladosen egiten zuen lan, beste hainbat gazterekin batera, eta lanerako joan-etorriak bere kopla zaharrek eta pandero hotsek alaiturik egiten zituzten. Ondoren, garaiko hainbat soinu jolerekin aritu zen, eta horrela ezagutu zuen bere senarra: Benantzio Bernaola Karakol soinularia. Urte askoan aritu ziren plazaz plaza.
3. NOLAKOA ZEN IZAERAZ?
Nortasun handiko emakumea zen Maurizia. Horren erakusgarri, gertakizun hau: Aldai soinujolea ez omen zen batere pertsona puntuala, eta Maurizia, berriz, oso zorrotza zen orduarekin. Horregatik, jotzeko garaia heltzen zenean, behin baino gehiagotan, kontzertuari ekiten zion Mauriziak, musika kidea alboan izan gabe: panderoarekin eta bere ahotsarekin betetzen zuen plaza. Gainera, beti joaten zen baserritar arropak jantzita.
4. BIZITZA OSOA EMAN AL ZUEN KANTARI?
1936ko gerra hasi aurretik, jaiegun handietako plazako emanaldietan aritzen zen, Zeberion, Benantziorekin edo Leonekin batera. Frantzisko semea jaiotakoan, oholtzak utzi zituen, baina semeak oinez ikasi orduko itzuli zen plazara. Gerra iritsi arte jotzen jarraitu zuten, baina preso hartu zuten Benantzio, eta hura libre geratu arte ez zuen panderoa astindu Mauriziak. 1962tik aurrera, bihotzeko arazoak zituela eta, medikuak Benantziori soinua jotzea debekatu zion. Mauriziaren karrerako azken urteak galdu zituen; hain zuzen, jendearen memorian iltzatuta geratu den garaia.
5. MUSIKATIK BIZI IZAN AL ZEN?
Plazaz plaza aritu arren, Mauriziak plazatik kanpo ere gogor lan egiten zuen, ume-umetatik. 9 urterekin, neskame joan zen Basurtura, ganadu tratante batzuen etxera. 12 urterekin itzuli zen Zeberiora, eta berehala hasi zen berriro ere lanean, Fabrica de Hiladoresen. Ezkondu ondoren, berriz, senarra Basauriko lantegian gidari lanetan aritzen zenez, baserriko lan guztiak bere gain hartu zituen: baratzea, ganadua, etxeko lanak eta semearen zaintza.
6. NOLA ERAGIN ZION 36KO GERRAK?
1936ko gerrak ondorio larriak izan zituen euskal gizartean eta kulturan, eta baita Mauriziaren bizitzan ere. Benantzio senarra preso egon zen hainbat urtez, eta Mauriziak ihes egin zuen gurasoenera, semearekin. Gerra amaitzean, berriz, senarrari ez zioten lanera itzultzen uzten. Azkenean, garia jotzeko makina baten ardura hartu zuen, eta Maurizia etxekoandre bihurtu zen. Baserriko lanekin lotutako etxeko ospakizunetara eta oso izaera lokaleko jaialdietara mugatuta geratu ziren haien emanaldiak, 1960ko hamarkadako pizkundera arte.
7. NOLA ABESTEN ZUEN?
Oso ozen abesten zuen Mauriziak, eta indar handia transmititzen zuen. Mikrofonoa agertu arte, soinulariek eramaten zuten ospea, eta senarraren itzalpean aritu zen. Mikrofonoa sortu zenetik aurrera, ordea, areagotu egin zen haren ospea. Panderoa eskuineko eskuarekin jotzen zuen, eta ezkerrekoarekin goitik behera eusten zion, gaur egun pandero jole gehienek egiten dutenaren kontrara.
8. NORENTZAT IZAN DA ERREFERENTEA?
Maurizia plazandre erreferentea izan da atzetik etorri diren hainbat kulturgilerentzat. Horren erakusgarri da haren izenarekin egindako emanaldi sorta. Aukeran Dantza Konpainiak Maurizia ikuskizuna egin zuen duela urte batzuk. Mauriziak ez dau inor hil: Ines Osinagak, Lorea Argaratek, Olatz Salvadorrek eta Itziar Garaluzek, beste hainbat emakume sortzailerekin batera, formatu berrietan oinarritutako zuzeneko bat sortu dute, Mauriziaren kopletatik abiatuta. Aire! izeneko dokumental luze bat prestatzen ari dira. Gazte talde baten bizitzak bilduko ditu, Maurizia Aldeiturriagaren irudian oinarritutako pieza musikal bat elkarrekin sortzeko.
BA AL DAKIZU ZERGATIK ESATEN ZUEN «AUPA MAURIZIA!»?
«Aupa Maurizia!» garrasia aldarri bihurtu zuen Mauriziak, bere burua animatzeko leloa. Honela azaldu zuen zergatia: «Neronek aupatzen ditut Leon eta Fasio, baina ni nork aupatzen nau? Leonek ezin du berbarik egin alboka jotzen duen bitartean... eta Fasio totela da! Horregatik esaten diot nik neure buruari: Aupa Maurizia!».
BA AL DAKIZU?
Artea herrian, Maurizia bizi izan zen baserritik gertu, haren eta Leon Bilbaoren oroimenez egindako harrizko monumentu bat dago.