Asun Agiriano: «Lasai egon gaitezke bakarrik eta isilik gaudenean ere»

Zein da ipuinaren abiapuntua?

Zazpi antxumeen egitura klasikotik hasten da ipuina: amatxok esaten dio azeriari inori atea ez irekitzeko, ama joaten da, eta azerikumea bakarrik geratzen da kobazuloan.

Norbaiten edo zerbaiten bisita jasoko du orduan, ezta?

Bisita beldurrarena da, bakarrik egoteari diogun edo isiltasunari diogun beldurraz hitz egiten baitu. Bakarrik gaudenean, beste modu bateko oihuak, zaratak eta abar entzuten ditugu. Oso modu sotilean eta finezia handiz aurkezten dizkigu album honek bakardadea, isiltasuna eta beldurra.

Zein da ipuinaren mezua?

Liburuak kontatzen duena da lasai egon gaitezkeela bakarrik eta isilik gaudenean ere; nolabait, sosegu hori transmititzen du. Horrela, bizi dugun zaratari edo abiadurari buruz ere ohartarazi nahi digu.

Nori gomendatuko zenioke liburua?

Lehen irakurleei, 4 urtetik gorakoei. Baina helduentzat ere oso aproposa da. Irakurketa partekatzeko baliagarria da. Oraindik irakurtzen ez dakien haur horri gurasoek edo heldu batek irakurtzen baldin badio, bientzat da aproposa.

Compostela saria irabazi zuen liburuak, eta zu epaimahaikidea izan zinen. Zergatik aukeratu zenuten liburu hau irabazle izateko?

Gaiagatik beragatik, eta baita ilustrazio aldetik ere, marrazkilariak isiltasunaren gisako ideia abstraktu bat irudikatzen duen moduagatik ere. Hori da niretzat ipuin honen originaltasun handiena: nola marrazten duen isiltasuna. Hasieran, marra fin bat da, eta, azeria lasaitzen den neurrian, hasten da harekin jolasten, isiltasunak bi orri oso hartzen dituen arte.

Garrantzi handiko saria da, ezta?
Pentsa, liburua sei hizkuntzatan argitaratuko da: euskaraz ez ezik, gaztelaniaz, galizieraz, katalanez, portugesez eta italieraz. Horrek erakusten du sariaren maila, eta egileentzako zer proiekzio duen. Ia 300 lan aurkeztu ziren, leku askotatik: Mexiko, Txina, Turkia, Txile, Danimarka... Irabazlea aukeratzerakoan, ez dakizu norenak diren.

Arrasateko (Gipuzkoa) udal liburutegiko bibliotekaria zara. Zertan datza zure lana?

30 urtez egon naiz haur eta gazte bibliotekan, hainbat adin esparrutan. Gure lana ez da hainbeste bertan irakurtzen aritzea, jendaurreko lan handia egiten baitugu, aholkuak ematen. Aukeratu eta erostea ere gure lana da, baina erosteko ondo aukeratu behar da. Eta hori da niretzat lanik politena.


LIBURUAREN FITXA

  • Izenburua: 'Bisita'.
  • Idazlea: Nuria Figueras.
  • Ilustratzailea: Anna Font.
  • Itzultzailea: Joxe Irazu.
  • Orrialde kopurua: 36 orrialde.
  • Adina: 4 urtetik aurrerako haurrentzat.
  • Argitaletxea: Pamiela eta Kalandraka.
  • Prezioa: 16 euro.
top