Asier Kidam: «Magia ez da haurren kontua bakarrik»
Txikitako lilura lanbide bihurtu, eta telebistan, zirkuan eta kalean aritu izan da magia ikuskizunak egiten Asier Kidam (Gasteiz, 1984). Ikuskizun «intimoak» ditu maiteen, leku itxietakoak, publikoarekin konektatzeko.
Ane Insausti Barandiaran
Noiz murgildu zinen magian?
Nire lehen oroitzapena 7 urte nituenekoa da. Nire ama Ordiziakoa [Gipuzkoa] da. Bertan, Rafa izeneko mago batek 500 pezetako txanpon bat desagerrarazi zuen, eta nire belarritik atera. Horrek egin zidan klik buruan.
Nola bihurtu zenuen afizioa ofizio?
11-12 urterekin, gurasoen lagunen batek erakutsi zidan lehen trikimailuren bat, kartekin. 14 urterekin hasi nintzen mago maisuekin ikasten, eta segituan egin nituen lehen emanaldiak. Mago profesional egiteko erabakia nahikoa erraza eta progresiboa izan zen.
Argi izan zenuen hasieratik?
Esku pilotan ere jokatzen nuen, eta nire lehenengo aukera zen pilotari profesionala izatea. Magia hor zegoen, gero eta gehiago gustatzen zitzaidan, eta momentu batean ikusi nuen pilotatik ez nintzela biziko. Aldiz, magiarekin emanaldiak eta lana neuzkala. 18 urterekin-edo erabaki nuen hartatik bizi nahi nuela.
Nola asmatzen dituzu trikimailuak?
Imajinatzen dut egitearen poderioz dela. Hainbeste urte magia egiten, ikusten, magiaz hitz egiten, eta abar eta abar, azkenean, gauzak bururatzen zaizkizu. Askotan, gauza, ideia edo arazo batekin obsesionatu egiten naiz, denbora guztian egoten naiz horretan pentsatzen, eta gutxien espero dudanean bururatzen zait hori nola egin. Gero, ditudan lagun magoekin hitz egiten dut, forma emateko.
Sarea ere garrantzitsua da?
Bai, oso. Nire ikuskizunak askoz ere hobeak dira ditudan lagunei esker. Gainera, diziplina askotako lagunak ditut horretarako. Gehienak magoak dira, baina badaude antzerkitik datozen batzuk ere.
Ahotsa, gorputz adierazpena eta abar ere landu beharko dira, ezta?
Eta gidoiak nola idatzi... burura etortzen zaigun lehenengo gauza magoek eskuekin duten abilezia da, baina, teknikaz gain, gidoiak, testuak, aurkezpen ezberdinak, musika mota... landu behar dira.
Zer sentitzen duzu publikoa liluratuta uztean?
Poza; haiek gozatzen, dutenean nik ere gozatzen dut, eta ondo pasatzen dugu. Ordu asko pasatzen ditugu hori prestatzen, eta gure helburua da jendeak ondo pasatzea.
Nire magia ikuskizunak askoz ere hobeak dira ditudan lagunei esker. ASIER KIDAM, Magoa
Gazteentzat eta helduentzat egiten dituzu emanaldiak.
Magia haurrekin lotzen da gaur egun, baina ez da haurren kontua bakarrik. Gainera, ez da beti horrela izan. Adibidez, XIX. mendean, magia batez ere antzokietan egiten zen, eta nahikoa esklusiboa zen, helduentzat eta dirua zeukan jendearentzat.
Zein da zure hurrengo erronka?
Jarraituko dut sortzen diren proiektuetan lanean. Lehen, nire helburua zen ahalik eta gehiena bidaiatzea, telebistan ateratzea... eta, gaur egun, gero eta sinpleagoak diren gauzekin gehiago disfrutatzen dut. Helburua da gero eta bizitza lasaiagoa edukitzea. Euskal Herrian, handik hona, oso gustura nago.
MOTZEAN
- Zenbaki bat? 7 zenbakia.
- Plater bat? Hanburgesak.
- Abesti bat? Su ta garren Jo ta ke.
- Kolore bat? Gorria.
- Mago bat? Txan magoa.