Arrantzarako sareen jostunak

1. NOR DIRA SAREGILEAK?

Euskal Herria itsasoari oso lotua egon arren, lanbide batzuk ez dira besteak bezain ezagunak: saregileena, adibidez. Baxurako arrantzako sareak konpontzen dituzte saregileek; hau da, lurretik gertuen ibiltzen diren itsasontzienak: egunean bertan arrantzara irten eta itzultzen direnenak. Gehienbat, emakumeek egin izan dute lan hori, eta, ezinbestekoa izan arren, bigarren mailan geratu izan da.

2. ZERGATIK AURRERATUKO DIETE ERRETIRO ADINA?

Espainiako Senatuak martxoan onartu zuen Arrantza Legeari esker, Hego Euskal Herriko saregileek urte askoan eskatutakoa lortu dute: erretiro adina aurreratzea. Izan ere, itsasoko langileek —arrantzaleek, kasurako— Gizarte Segurantzan modu berezi batean kotizatzen dute, haien lanaren gogortasunagatik. Alta, orain arte, saregileak ez ziren talde horretan sartzen. Lege berriarekin, gutxi gorabehera, lan egindako hamar urteko, urte eta erdi lehenago hartu ahal izango dute erretiroa.

3. NOLA LAN EGITEN DUTE?

Neguko hiru hilabeteetan izan ezik, saregileek portuan lan egiten dute ia beti, lurrean eserita, eguzkipean edo euripean. Nolanahi ere, tarteka, elizpeetan eta herriko beste aterpe batzuetan lan egin izan dute. Oso lan fisikoa da, sareak handiak baitira, eta, pisua hartzen dutenez, eskuek, bizkarrak eta lepoak asko sufritzen baitute. Halaber, prestakuntza handia eskatzen du lanak, eta artisau eran egiten da.

4. NOLA IKASTEN DUTE OFIZIOA?

Saregile gehienak etxeko tradizioari jarraituz hasi izan dira lanean, belaunaldiz belaunaldi transmititu izan baita lanbidea. Amarengandik edo familiako beste emakume saregile batzuengandik jasotzen zuten jakintza, eta etxeko txalupetako sareak konpontzen hasten ziren. Portuan lanean hasitakoan, saregileen taldeko irakasleak irakasten zien ofizioa, harik eta profesional bihurtu arte. Dena den, saregileek diotenez, beti ikasten jarraitu behar da, ez baitaude bi konponketa berdin.


5. ZERGATIK APURTZEN DIRA SAREAK?

Batzuetan, korronte handien ondorioz apurtzen dira sareak; beste batzuetan, berriz, itsasontziek maniobra desegokiak egiteagatik. Posible da, baita ere, harrapatutako arrain kopurua oso pisutsua izatea eta ondorioz sarea puskatzea. Arrazoia dena delakoa izanda ere, egunean bertan konpondu behar izaten dira sareak, konponketa erraza edo zaila izanik ere, sareak bere itxura berreskuratu dezan, hurrengo egunean arrantzaleak itsasora itzuli baino lehen. Hortaz, urteetako eskarmentua behar izaten dute saregileek, haien lanaren araberakoa izango baita hurrengo eguneko arrantza.

6. BA AL DAGO ERRELEBORIK?

Baldintza kaskarrak eta lanaren gogortasuna direla eta, geroz eta gazte gutxiago animatzen dira saregile gisa lan egitera. Izan ere, langile autonomoak dira, eta egiten duten lanaren arabera kobratzen dute: lan asko eginez gero, soldata handiagoa da, baina, lanik ez badago, ez dute kobratzen. Horrek ziurgabetasun handia ekartzen du, eta, hortaz, saregile familietako gazteek nahiago izaten dute beste lanbide bat hautatu.

7. ITSASOARI LOTUTA EMAKUMEEK EGINDAKO BESTE LAN BATZUK

PAKETATZAILEAK. Itsas zabaleko arrantza egiten duten itsasontziak iristean arraina deskargatzen eta sailkatzen duten langileak dira paketatzaileak. Arraina lehorreratu eta lonjara eramandakoan hasten da haien lana, kaxei plastikoa eta izotza kendu eta arraina pisuaren eta tamainaren arabera sailkatzen. Ondoren, etiketa jartzen diete, berriro ere izotza bota, eta plastikoz estaltzen dituzte, saltzeko prest egoteko. Labayru fundazioak argitaratutako Geu be bagara itsasoa liburuaren arabera, gaur egun, Euskal Herrian, Ondarroako portuan (Bizkaia) baino ez daude paketatzaileak, Euskal Herrian beste inon ez baita arraste arrantza egiten.

KONTSERBA FABRIKETAKO LANGILEAK. Arraina jasotzen dutenetik kontserbetan gorde bitarteko prozesua egiten duten langileak dira. Oso lan delikatua da hori ere, eta eskuz egiten da. Hasieran, arraina garbitu, moztu eta egosi egiten dute, eta prozesu horiek egindakoan hasten dira langileak banan-banan arrainei azala, hezurrak eta jaten ez diren zatiak kentzen. Ondoren, kontserbetan txukun-txukun gordetzen dituzte, saltzeko.

BA AL DAKIZU?

Lian Monserrate muralgileak munduko muralik onenetan hirugarren saria jaso du, Ondarroan saregileak omentzeko egindako horma irudi batengatik.

top