Argazkietatik argazkilarira

Vivian Mayer argazkilaria inspirazio iturri gisa hartuta, ‘Kuku. Ezkutuan dauden emakumeak’ antzezlana sortu du Eidabe antzerki taldeak. Artista izatearen garrantzia aldarrikatu dute bertan.

Ane Insausti Barandiaran

Argazkilari gazte batek negatiboz beteriko kaxa bat erosi zuen behin enkante batean, hirurehun dolarren truke, negatibo horien atzean zein argazki zeuden jakiteko nahiak eta kuriositateak bultzatuta. Horiek errebelatzean, zur eta lur geratu zen argazkien kalitatearekin: «Nork egin ditu argazki hauek?», pentsatu zuen. Vivian Mayer zen egilea, baina, nor zen jakin zuenerako, bi egun zeramatzan hilda. Mayer izan dute inspirazio iturri Eidabe antzerki taldekoek, Kuku. Ezkutuan dauden emakumeak ikuskizuna sortzeko.

Haurrak zaintzen lan egiten zuen emakume bat izan zen Vivian Mayer. Ameriketako Estatu Batuetan bizi izan zen, XX. mendean, eta argazkilaritza zuen pasio. «Obsesionatuta zegoen, etengabe ari baitzen argazkiak eta argazkiak egiten. Milaka eta milaka argazki egin zituen; ikaragarria da haren obra», azaldu du Imanol Ituiño antzerkiko gidoigileak. Dena den, argazki asko errebelatu gabe uzten zituen, oso garestia zelako, eta ez zeukalako horretarako nahikoa dirurik. Eta, historiako beste hainbat emakume bezala, ez zen ezagun egin.


Amaia eta Bea dira antzezlaneko protagonistak, eta antzezlanaren barruan, antzerki bat egitera igoko dira oholtzara. Gerora, beste pertsonaia batzuen rola ere jokatuko dute bi aktoreek: Vivian Mayerrena, esate baterako, fikziotik bada ere haren bizitza kontatzeko: «Askotan, fikzioak hobeto hitz egiten digu egiaz, egiak berak baino. Adibidez, antzezten dugu nola Vivianek erosi zuen bere lehenengo kamera. Hori da antzezlanaren sekuentzietako bat».

Gaur egun, telefonoan edo argazki kameran klik azkar bat egin, eta berehala ikusten da egindako argazkia, pantailan. Ez dira fisikoan eduki ere egiten, inprimatzen ez direlako. Baina ez da beti hala izan, eta hori azaltzea «erronka» izan da Ituiñorentzat: «Nola azaldu umeei neska honek bazituela berak inoiz ikusi ez zituen argazkiak? Pantailarik ez zegoela eta argazkiak errebelatu egin behar zirela azaldu behar nuen, haiek ulertzeko moduan».

Ezkutukoa, argitara

Ezkutuan dauden errealitate eta istorioak zabaltzeko lan egin ohi du Eidabek, bereziki emakumeen presentzia zainduz. Hori dela eta, azken antzezlanean, hitz jokoa egiten dute behin baino gehiagotan kuku hitzarekin, argazki kamerari «kuriositatearen kutxa» deituz, eta kamerak ezkutuan dauden istorioak kontatzeko balio dutela azalduz: «Behin baino gehiagotan agertzen da kuku hitza antzezlanean, eta ezkutuan dagoena aurrera eramatea da asmoa».

Eidaberen zigiluaren parte da filosofia hori, Piztu! EmakumeON energia obran emakume zientzialariak ikusgarri egin zituzten moduan. Oraingo honetan, ordea, arreta artean jartzeko proposamena egin zien Ituiñok antzerki taldeko kideei. «Askotan, ahazten dugu ez ditugula ingeniariak bakarrik behar, artistak ere behar ditugula. Gizarteari esan behar zaio artistak inportanteak direla, eta ez dela ezer gertatzen seme-alabek Arte Ederretako Gradua ikasi nahi badute; hori ere ondo dago, eta bultzatu behar da», aldarrikatu du.


Azaroan estreinatu zuten antzezlana, eta «berezia» izan zela esan du Ituiñok. Batez ere, kasu honetan zuzendari lanak Olatz Gorrotxategik egin dituelako: «Berak ere [Gorrotxategik] bere begirada jarri du, eta aldaketatxoak egin dizkio nik idatzitakoari. Polita da ikustea nola gauza beraren inguruko ikuskera ezberdinek beste osotasun bat sortzen duten».

Obra 6 urtetik gorako haurrentzat da egokia, antzerki taldearen arabera, eta familia osoarentzat pentsatuta dago, hainbat belaunalditako kideak elkartu nahi baitituzte ikuskizun beraz gozatzeko. «Nahi badugu etorkizunean ikusleak egotea, orain hezi behar ditugu, helduekin batera antzerkiak ikusiz». Gogotsu daude herriz herri emanaldiak egiteko, Vivian Mayerrena eta beste istorio batzuk ezagutu ditzaten.

FITXA

  • Testua: Imanol Ituiño.
  • Zuzendaria: Olatz Gorrotxategi.
  • Diseinu eta ilustrazioak: Paul Caballero.
  • Diseinu aholkularia: BLK Komunikazioa.
  • Antzezleak: Ana Garcia eta Leire Ormazabal.
  • Soinu espazioa: Kantauri estudioa.
  • Argiztapena: Xabier Urrutikoetxea.
  • Argazkiak: Ilara.


top