Anne Baskaran: «Liburu hau hasiera bat izan da niretzat»

Izar saltzailearen ilustrazioak egin ditu Anne Baskaranek.

Zein da ipuinaren abiapuntua?

Xuban da pertsonaia nagusia, eta, egun batean, izarrak biltzea eta saltzea bururatuko zaio. Ipuinean aurrera egin ahala, ikusten da zelan haren ekintzek ondorioak dauzkaten jendearengan eta ingurumenean.

Zein dira ondorio horiek?

Izarrak esku batetik bestera pasatzean, edo jendeak esku artean edukitzean, haien argia histu egiten da. Xuban konturatuko da lortu duela bere enpresa moduko hori sortzea, baina zenbateraino apurtu behar du naturarena eta ingurumenarena den zerbait?

Beraz, mezuetako bat da guztiena dena ezin dela erosi?

Bai, hori da. Azken finean, liburuan denek eduki nahi dute euren izarra, baina konturatuko dira zerua dela izarren lekua. Izarren argia histen denean ulertzen dute zerua dela haien lekua. Balantzan jarri behar dute zer nahiago duten: bakoitzak bere izarra eduki baina kalean argi gutxiago izan, edo izarrak zeruan utzi, dagokien lekuan.

Denbora daramazu ilustratzaile lanetan: MANTANGORRIn argitaratzen dituzu ilustrazioak, besteak beste. Baina zure lehenengo liburu ilustratua da, ezta?

Bai, eta lan oso polita izan da. Liburu hau ilustratu baino lehen, pare bat proiektu eginak nituen, baina ez nengoen ilustrazioen munduan guztiz sartuta. Beraz, liburu hau hasiera bat izan da niretzat, mugarri bat. Azken finean, balio izan dit nire estiloa eta nire kolore paleta zehazteko eta apur bat gehiago lantzeko.

Nolakoa izan da prozesua?

Unibertsitatetik irten berri nengoen, Eneko [Bidegain, idazlea] nire irakaslea izan zen, eta proposatu zidan proiektu honetan parte hartzea. Orduan, testua eman zidan, eta nik ilustrazioak egin nituen, testuaren arabera. Nahi dudana egiten utzi dit Enekok: prozesua oso esperimentala izan da.

Istorioan gertatzen dena islatu duzu koloreetan, tonuan...

Istorioak aurrera egin ahala, kolore paleta aldatu egiten da: hasieran, biziagoa da, eta gero, apalduz doa. Amaieran ere biziagotu egiten da. Ikusten da zelan irakurlearen emozioetan eragina daukan. Bi orriko tolestura osoko marrazkiak dira, eta saiatu naiz xehetasun asko egiten, haurrek gustuko baitute orrietan gauzen bila ibiltzea. Polita iruditzen zait orrialde batean denbora luzez egotea; bat egiten du nire estiloarekin, egia esan.

Zer esango zenieke haurrei irakurtzera bultzatzeko?

Liburu honek mezu polita daukala eta fetitxe moduko bat dela: liburu polita da, gurasoek agian gustuko dutena eta haurrei oparitu nahi dietena; gainera, adin guztietarako balio du. Beraz, esango nieke izar bat erosi nahi ote duten, kasu honetan liburu hau; ea gustuko duten!

LIBURUA

  • Izenburua: Izar saltzailea.
  • Idazlea: Eneko Bidegain.
  • Ilustratzailea: Anne Baskaran.
  • Orrialde kopurua: 50 orrialde.
  • Adina: 9 urtetik aurrerako haurrentzat.
  • Argitaletxea: Ikas.
  • Prezioa: 12 euro.
top