Amets Ormaetxea: «Musika beti izan da nire bizitzaren parte»

Beti eraman du musika ondoan Amets Ormaetxeak (Arrasate, Gipuzkoa, 1997). Umetan bere burua oholtza gainean imajinatzen zuen arren, ez zuen musikari izatea amesten. Orain, berriz, oholtzaz oholtza dabil, Neomak taldeko kidea baita.

Duela urte pare bat sortu zen Neomak. Nolatan?

Egun batetik bestera suertatu zitzaigun Neomak sortzeko aukera, eta, gaur arte, pauso txikiak emanez joan gara. Taldea duela bi urte sortu zen, baina duela hamar urtetik-edo ezagutzen dugu elkar. Trikiti txapelketetan elkarren aurkari eta bikote ginen.

Gero, Kepa Junkeraren sorginak izan zineten. Nola gogoratzen duzu garai hori?

Nerabeak ginen, eta denontzat zorte handia izan da, pila bat ikasi baikenuen. Horregatik ez balitz, ez ginateke gaur egun garena izango. Oso eskertuta gaude, bai Keparekin, bai sei urte horietan bidean ezagutu genituen pertsonekin. Trantsizio inportante bat izan zen gure bizitzan.

Zer-nolako harrera izan duzue?

Oso ona. Ez genuen horrelakorik espero; guretzat, oso proiektu txikia zen Neomak. Oraindik oso txiki sentitzen gara, lehengo plazetan kopla tradizionalak kantatzen zituzten zazpi neskatila. Baina gauzek aurrera egin dute, eta oso pozik eta eskertuta gaude.

Folk garaikidea egiten duzue. Ondo uztartzen dira tradizioa eta berrikuntzak?

Bai, geroz eta gehiago ikusten ari gara zaharra eta berria nola uztartzen diren. Hasieran harritu dezake, baina gure intentzioa ez da tradizioa aldatzea; tradizioa tradizioa da, eta hori ez dago aldatzerik. Datorrena aldatzea da gure helburua, beste barik.

Oholtzako irudia ere ari da aldatzen: zazpi neska gazte zarete.

Tradiziotik gatoz; horregatik janzten ditugu mahonezko prakak eta alkandora zuria. Baina ez gara hori bakarrik. Koplak kantatu ditugu plazetan, baina ez da gaur egun entzuten dugun musika. Edo bai, baina ez hori bakarrik.

Hori erakutsi nahi duzue oholtza gainean ere?

Askotan esaten digute: «Ematen du haserre zaudetela». Baina hori pertsonaia bat da. Guk transmititu nahi dugu zer den orain arte erakutsi digutena; diskoko kantuak tradizioari eta gure iturriei buruzkoak dira. Horren kritika bat egitea edo errealitatea zein izan den erakustea da helburua.

Badaukazu umetako oroitzapenik musikari lotuta?

Bizitza osoa daramat kantuan. Daukadan lehen oroitzapena da nire amak lo egiteko kantuak abesten zizkidala, eta nire aitak ere danborra jotzen zuen. Orduan, etxean musika nahikoa entzun dut. Txikitako bideoak dauzkat, eta denetan nago kantuan eta dantzan. Beti eroan dut nirekin.

Eta panderoarekin?

11 edo 12 urterekin hasi nintzen, Arrasateko Trikiti Eskolan [Gipuzkoa]. Geroago, trikitian ere hasi nintzen. Baina, ikasketak-eta tarteko, urte dezente da utzi nuela. Abesbatzan ere ibili izan naiz.

Eskolan, nola moldatzen zinen?

Matematikan oso txarra nintzen, eta ingelesa ere ez nuen bereziki maite. Batxilergo artistikoa egin nuen; beraz, beti izan naiz oso artista [barrez]. Eskuak erabili behar ziren klaseak gustatzen zitzaizkidan: plastika, musika...

Plazaz plaza jarraituko duzue?

Bagabiltza lanean, nahiz eta ezin den gauza handirik esan... Udan kontzertuak emateko gogotsu gaude, eta irail aldean izango da sorpresaren bat.

MOTZEAN

  • Kolore bat? Horia.
  • Film bat? Inside out.
  • Plater bat? Pizza.
  • Erreferente bat? Amama.
  • Abesti bat? Bihotz, Benito Lertxundi.
top