
Amamei gorazarre

Amonak omentzea du helburu Eidabe antzerki taldearen lan berriak: ‘Amama, irribarreen ondarea’. Adinekoen jakintzaren transmisioa aldarrikatzen du, besteak beste.
Ane Insausti Barandiaran
Amama, amona, amatxi, amandre, amiña, amañi... modu askotara esan daiteke zure amaren ama ordezkatzen duen hitza. Esaten den modura esanda ere, amamak badira garai baten lekuko, eta jakintzaren transmisore; izan litezke jolaserako lagun, eta iraganetik orainerako zubi. Hain zuzen ere, amamen figura omentzeko sortu du Eidabe antzerki taldeak Amama. Irribarreen ondarea antzezlana; otsailaren 2an estreinatu zuten. Aizpea Goenaga da antzezlanaren egilea, eta Eidabekoen enkarguz jaso zuen antzezlana sortzeko ardura. «Oso inportantea iruditzen zitzaigun gure komunitatean hain inportantea izan den figura hori nabarmentzea», azaldu du.
Lea izeneko 8 urteko neskato bat da istorioko protagonista, eta badu korapilo bat, Goenagak azaldu duenez: «Bere lagunek bezala, amona bat eduki nahi du Leak, eta haren bila hasiko da: eskolatik ateratzen denean zaintzeko, txotxongiloak egiten laguntzeko, inauterietako mozorro bat egiten laguntzeko, jolasteko...». Eskolan hasiko da amamaren bila; gero, objektu galduak dauden toki batera joango da, eta, bide horretan, egoera xelebreak biziko ditu.
Baina, halako batean, auzokide bat joango da bere etxera, Lea txikia zela hainbat egoeragatik auzotik alde egin behar izan zuena: Itziar. Hura bihurtuko da Learen benetako amama, hark beteko baititu Leak nahi zituen eginkizun guztiak. «Baina Lea ordurako hain dago haserre eta nazkatuta, denbora pasatu arte ez baita ohartuko hura denik bere amama».
Itziarrek, ordea, hainbat jolas proposatuko dizkio Leari. Esate baterako, hilabeteak kontatu eta data biribiletan ospakizunak egitea. Goenagak berak familiarekin egiten duen ariketa batean oinarrituta dago: pertsona batek ehun, berrehun edota hirurehun hilabete betetzen dituenean, ospatu egiten dute. Izan ere, ehun hilabete betetzen diren garaiak jaunartzearen garaiarekin bat egiten du; berrehun hilabetek, nerabetik gaztera jauzi egitearekin, eta hirurehun hilabete betetzean adinez nagusi bihurtzen baita bat. «Askotan, erritu kristauek eta katolikoek markatzen dizkigute pauta batzuk: jaunartzeak, esate baterako. Polita da beste modu bat sortzea ospatzeko, eta familia biltzeko».
Transmisioaren «galera»
Kezka bat izan dute abiapuntu antzezlana sortzeko garaian: aitona-amonen bizitzari buruzko jakintzaren galera. Izan ere, Eidabe antzerki taldekoak sarri joan izan dira ikastetxeetara emanaldiak egitera, eta konturatzen ziren haur askok ez zekizkitela haien aitona-amonen izenak, edo zertan lan egiten zuten gazteagoak zirenean. «Transmisio kate horiek moztu egiten dira, eta polita da partekatzea. Jakingo bagenu gure amamaren berri, eta gure amamaren amamaren berri, bizitzari buruz askoz ere gehiago jakingo genuke», azaldu du sortzaileak.
Era berean, zenbait balio haurrengana iristeko familiek erantzukizuna dutela ere azpimarratu du Goenagak: «Neurri batean, maitasunaren balioa, zaintzarena... transmisio hori familiatik dator, hori ezin da beste inondik ekarri. Oso inportantea da balio horiek, bizikidetzarena, aniztasunarena eta abar familiatik eta beste belaunaldi batzuetatik etortzea». Mezu hori ere nabarmendu dute antzezlanaren bidez.
Baina balioak ez ezik, kantu edo melodia tradizionalak ere berreskuratu dituzte antzezlanean, musikak ere badauka-eta bere lekua: «Hitzak aldatuta, baina kantu tradizionalen melodia batzuk sartu ditugu, melodia alai batzuk, euskal kantagintzan ere badaudenak. Horiek erabili ditugu, eta polita da hori ere beste belaunaldi batzuei pasatzea. Azkenean, gure erritmoak dira, gure doinuak, eta horiek ere sortu ditugu».
Antzezlanak, hortaz, diziplina eta arlo ugari biltzen ditu: kantua, dantza, emozioen transmisioa... Ordubete baino gutxiago irauten du, baina Goenagak nabarmendu du bertan sentitutakoa ez dela antzezlana amaitzean itzaltzen. «Emozio oso baikorrek, oso politek eta oso hunkigarriek lotzen zaituzte amamarekin. Hori ematen dizu antzerkiaren bizipenak. Jendeari proposatzen diot ikustera joateko, gozatzeko, eta, gero, jarraitzeko antzezlanak uzten duen argi horri». Amamei egin dakizkiekeen galderak eta jakin-mina ez baitira inoiz amaitzen.
HURRENGO EMANALDIAK
- Bihar: Agurain (Araba).
- Martxoak 18,19 eta 20: Irun (Gipuzkoa).
- Martxoak 21: Ortuella (Bizkaia).
- Martxoak 29: Loiuko Lauro ikastola (Bizkaia).
- Apirilak 4: Iurreta (Bizkaia).
- Apirilak 8: Leioako Irlandesas ikastetxea (Bizkaia).
- Maiatzak 17: Mungia (Bizkaia).
- Maiatzak 23: Maruri Jatabe (Bizkaia).
- Maiatzak 24: Urduña (Bizkaia).
FITXA ARTISTIKOA
- Egilea: Aizpea Goenaga.
- Zuzendaritza: Ugaitz Alegria.
- Antzezleak: Nagore Gonzalez eta Itxaso Gil.
- Musika: Inun.
- Ahotsak: Bihotz Gorospe.
- Soinu eta Argiak: Xabi Urrutikoetxea.
- Soinu espazioa: Kantauri estudioa.
- Eszenografia: Asierito, Alfonso Reveron, Eidabe.
- Jantziak: Sinpatron.
- Ilustrazioa: Dani Padron.
- Diseinua: blk Komunikazioa.
- Ikus-entzunezkoak: Traola Produkzioak.
- Argazkiak eta komunikazioa: ilara.
- Ekoizpena: Eidabe.