
Amaia Serrano, itzultzailea: «Identitatea lapurtzen zaie haur erbesteratuei»

Ane Insausti Barandiaran
Zer izan zen Mexique?
Mexique gerrako haur erbesteratuen historia bat izan zen, haien bidaiaren kontaketa. Errepublikazaleen familietako 456 haur joan ziren ontzian, Mexikora.
Hiruzpalau hilabeterako zihoazela esanez agurtu zituzten gurasoak, baina...
Plana hori zen, baina gero gauzak ez ziren espero bezala gertatu. Ongietorria egin zieten, baina gero Bigarren Mundu Gerra iritsi zen, eta bizitza ez zen hain erraza izan handik urte batzuetara haur horientzat. Album honek modu oso poetikoan erakusten digu errealitate hori, baina bere gordintasun osoan ere bai.
Haur horien sentipenak kontatzen ditu, ezta?
Hori da album honen potentzialetako bat: haurrei ahotsa ematea modu kolektiboan. Eta, neurri batean, hizpide ditu historiografia ofizialak maiz jaso ez dituen haurren bizitza istorioak: nola aldatu zen haien etorkizuna erabaki batzuen ondorioz.
«Gerra maletan daukagu», dio narratzaileak liburuan.
Hori da. Gerra handi horretatik ihes egiteak ez zuen ekarri hura ahaztea; fisikoki aldendu baldin baziren ere, emozionalki hor zeuden. Maiz esan izan da erbesteratua izan den norbait ez dela inongoa, eta horixe esaten da bukaeran: identitatea lapurtzen zaiela haur erbesteratuei.
Ikastetxeetara joan zarete ipuina kontatzera, irakasletzako ikasleekin. Zer harrera izan du?
Asko hunkitu dira haurrak eta irakasleak. Haurrei bereziki pizten die arreta jakiteak hau benetan gertatu zela eta istorioa ez dela asmatua. Argazki historikoak erabiltzen dira, haurren irudietako aurpegiak benetakoak dira, arte naifarekin nahastuta, eta horrek inpaktu oso handia dauka irakurlearengan. Haurren begiradatik kontatua da, nahiz eta poetikoa izan.
Ilustrazioak zuri-beltzean daude, baina kolore gorria ere sartzen da tartean.
Zuri-beltzean dago, kontu iluna baita; izan ere, gerrako istorio bat kontatzen du. Kolore gorria polisemikoa da, gauza asko esan nahi ditu: alde batetik, haur batzuengan arreta jartzeko erabiltzen da, nolabait haurren kolektiboa bere osotasunean hartzeko. Baina, beste alde batetik, kolore gorria itsasontziaren kean agertzen da, errepublikazaleen haurrak direla iradokitzeko. Kondor hegazkinek bonbak botatzen dituztenean ere kolore gorria daukate, indarkeriari lotuta. Hori ere lantzen dugu haurrekin, eta gai dira hori ondorioztatzeko.
FITXA
- Izenburua: Mexique. Itsasontziaren izena.
- Idazlea: Maria Jose Ferrada.
- Ilustratzailea: Ana Penyas.
- Itzultzaileak: Amaia Serrano eta Ursula Luna.
- Orrialde kopurua: 40 orrialde.
- Prezioa: 16 euro.
- Adina: 8 urtetik aurrrera.
- Argitaletxea: Txalaparta.