Alaia Martin, bertsolaria: «Bideko beste bizipen baten gisan gordeko dut txapela»

Abenduaren 14an jantzi zuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapela Alaia Martinek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1987). Finalaren oroitzapen polita duela esan du, eta txapelari duen garrantzia ematen saiatuko dela: «Ez gehiago, ez gutxiago».

Ane Insausti Barandiaran

Nola gogoratzen duzu finala?

Egia esan, oroitzapen oso polita daukat finalarena. Uste dut talde giro polit bat sortu zela, jendea ere bertsoak entzuteko gogoz zegoela, eta saio polita atera zela. Elkarrizketa politak osatu zirela, eta arratsalde polita pasatu zuela hara bertaratu zenak.

«Laguntasuna tenplu» bihurtzeko deia egin zenuen agurrean. Zergatik?

Uste dudalako lagunak oso-oso garrantzitsuak direla, eta askotan ez diegula ematen erdigunerik. Denbora asko pasatzen dugu bai familian, bai lanean eta bestelako zereginetan, baina geroz eta gutxiago egoten gara lagunartean. Eta uste dut oso garrantzitsua dela lagunak zaintzea, haiekin egotea, eta haiei eskerrak ematea eskaintzen diguten guztiagatik.


Zer garrantzi du bertso eskolak txapelketa prestatzeko?

Funtsezkoa da. Bertso eskola esango nuke garatzen garen espazioa dela. Nire bizitzako lagunik ederrenetakoak eman dizkidan lekua ere bada bertso eskola. Elkar zaintzen, animatzen, kontsolatzen eta indartzen dugun leku bat da. Bertso eskola familia txiki baten antzekoa da. 


Bertsoak magikoa dela ematen du...

Baina magiaren atzean batez ere lagun talde handi bat egoten da, eta lana ere bai. Nik nire bertsokideak asko maite ditut, eta oso eskertuta nago haiekin.

Txapelketa garaian, posible da deskonektatzea?

Wifia piztuta izaten dugu: beti gaude adi, jaso genitzakeen ideia, kolore, usain, doinu, hitz berrien bila. Sortzaileak orokorrean egoten gara beti ahalik eta argien, gertatzen zaigunari eta gertatzen denari begira. Eta txapelketa garaian usaimen hori gehiago zaintzen dugu.

Hor daude errimak: Alaia, nahia, garaia... eta nola heltzen diozue emandako gaiari?

Erantzuten diogu senez, intuizioz, gu garen horretatik eta gure ingurunea den horretatik; mundua ikusteko daukagun gure era propiotik erantzuten saiatzen gara. Bururatzen zaigun hori esaten dugu, barrua askatzeko.

Zer egin behar da oholtzan urduri ez jartzeko?

Nik uste dut emozio guztiak oso onak direla. Urduritasuna ere oso garrantzitsua da egunerokoan, poza, tristura, amorrua, beldurra eta abar bezala. Sentimendu guztiak sentitu nituen nik ere oholtzan momenturen batean. Uste dut garrantzitsuena dela urduritasunari ere toki eman eta arnasa sakon hartzea.


Noiz hasi zinen bertsotan?

12 urterekin hasi nintzen Oiartzungo bertso eskolan; geroztik, bertsoak maiteminduta eta sorginduta pasatu ditut orain arteko urte guztiak. Lagun talde handi bat eman zidan hasieratik bertso eskolak, eta batez ere jolasteko leku bat, oso ondo pasatzeko leku bat, plan asko... eta nire barne mundua ulertzeko erremintak ere eman zizkidan.

Bazenuen beste zaletasunik?

Kirola ere oso gustuko nuen, eta esango nuke zinema eta musika izan direla nire jarduera kuttunak bertsoaz gain; eta bidaiatzea.

Ikasle fina al zinen?

Ez dakit fina den hitza. Hiztuna nintzen, eta ez nintzen isil-isilik egoten ziren horietakoa. Baina bueno, ikastea asko gustatzen zitzaidan, orokorrean. Ikasle garaiaren oroitzapen ona daukat.

Aurrera begira, txapela zama izango dela uste duzu?

Saiatuko naiz txapelari duen garrantzia ematen, ez gehiago, ez gutxiago. Irabaztea oso gutxitan gertatzen den gauza bat da, eta bideaz gozatzen ikasi behar da; uste dut ikasi dudala. Beraz, bideko beste bizipen baten gisan gordeko dut txapela. Poz handiz, baina saiatuko naiz poz hori ez bihurtzen gerorako pena edo kezka bat.

MOTZEAN

  • Plaza bat? Bilbo.
  • Plater bat? Arroza barazkiekin.
  • Doinu bat? Seme ezarri bainauk.
  • Film bat? Langosta.
  • Erreferente bat? Miren Artetxe Sarasola.

top